Euskonews Gaztea
Gaiak: Raimundo Olabide
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Raimundo Olabide gasteiztarra 1869. urteko martxoaren 15ean jaio zen Arabako hiriburuan, eta Frantziako Tolosan zendu zen 1942ko irailaren 9an. Idazle, irakasle eta jesuita izan zen. Olabideren omenez egindako eskultura, izen bereko ikastetxearen aurrean.
Ikasle fina zen arabarra. Batxilergoa Urduñako Jesuitetan egin zuen eta 1884. urtean Gipuzkoara mugitu zen apaiz izan nahi zuela erabaki baitzuen. Hala, Loiolako apaiztegian sartu zen eta erlijio bideari ekin zion. Erretorika, humanitate eta gramatika eskolak hartu zituen batez ere Olabidek hamabost urte besterik ez zituela.
Oraindik ikasketak amaitu gabe, irakasle lanetan jardun zuen hainbat tokitan. Hala, Gijon, Valladolid, Salamanca eta Oña (Burgos) izan zituen lantoki besteak beste, jesuitek hara bidalita.
Raimundo Olabidek garai hartan oraindik ez zekien euskaraz. Izan ere, berandu hasi zen berarentzat ezezagun zen hizkuntza ikasten; 27 urte zituen une hartan. Mende berrian sartuta zeudela ordenatu zen Oñan (Burgos), 1904an. Bi urte beranduago, Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Filosofia eta Letretan.
Behin ikasketak bukatuta, berriro ekin zion irakasle lanari eta baita euskara hobetzeari ere. Horretan ziharduela, bere euskarazko lehen lana kaleratu zuen, 1914. urtean. Itzulpen bat zen, Loyola’tar Eneko Deunaren Gogo Iñarkunak deitutakoa. 1917. urtean, bigarren lan bat argitaratzen du, Giza Soña; gizakiaren anatomia eta fisiologiari buruz. ia 7.000 hitzez osatutako hiztegia. 1920an Kristo’ren Antzbidea argitaratu zen eta 1931. urtean Itun–Berria. Baina 1937 eta 1942 urte bitartean amaitu zuen Bibliaren itzulpena. Orduan, Frantzian zegoen erbesteratua, Tolosan preseski. Eta hil ostean kaleratu zen bere obrarik esanguratsu eta osatuena: Itun Zar eta Berria.
Bere bizitzan pasarte ugari igaro zituen Olabidek. Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan (Oñati, 1918) hartu zuen parte. Eta Euskaltzain oso izendatu zuten 1919ko irailaren 21ean.
Bestalde, Espainiako Gobernuak 1932an Jesusen Lagundia desegin zuen eta kide gehienak atzerrira joan ziren, baina ez ordea, Olabide. Hala, bera Bilbon geratu zen, baina ondoren, Arantzazura mugitu beharra eduki zuen. Bost urte beranduago, 1937an, Gernika bonbardatu zuten egunean bertan aurkitzen zen Raimundo, eta azkenean bai, azkenean atzerriratu egin zen Frantziako Tolosara.
Olabideren ekarpenak aintzatetsiz, Arabako Foru Aldundiak Olabide izeneko euskal kultura talde bat sortu zuen eta Gasteizen kale bati bere izena jarri zion udaletxeak. Gainera, bere omenezko Ikastola ere martxan jarri eta1975ean inauguratu zuten. Ordutik, makina bat arabarrek izan dute bertan ikasteko aukera.