436 Zenbakia 2008-04-18 / 2008-04-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Yves Salaberri

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Xala bezala ezagunagoa da Yves Salaberri, pilota munduan oihartzuna duen gazte hau. Lapurtarra da sortzez, 1979ko azaroaren 14an jaio zen Lekuinen, hain zuzen ere. Argazkia: Aspe

Txikitan ere, egun bezala, kirola zuen gustuko. Pilota hartu eta paretaren kontra bidaltzen hasi zen. Hala, trinketari atsegin hartu eta serioago jokatzeari ekin zion urteak igaro ahala. Modalitate horretan txapelketa ugari jokatu zituen eta baita irabazi ere. Aipagarria da, esaterako, Frantziako buruz buruko txapelduna izan zela junior kategorian; Trinketeko txapelduna binakakoan eta Plaza Librean.

Baina jauzi adierazgarri bat egin zuen Xalak 2000. urtean. Izan ere, Iparraldetik Hegoaldera mugitu zen jokatzera, jakinda, jokamoldea aski desberdinak zirela. Hala, ekainaren 25ean debutatu zuen Astelena pilotalekuan, aurrelari postuan hain zuzen ere.

Eta ez zen nolanahiko lana trinketa utzi eta ezker paretara ohitzea. Panpi Ladutxe irakasle zuela ekin zion abentura berriari eta nahiz eta hasierako urteetan entrenamenduak gogorrak suertatu, denbora igarota geroz eta erosoago sentitzen hasi zen Xala.

Ez zen oharkabean pasatu bere debut urtean. Izan ere, Binakako Txapelketa irabaztea lortu zuen hasi berri zuen modalitate hartan eta berriro eskuratu zuen 2007an txapelketa nagusia poltsikoratzea. Baina bada beste garaipenik Xalaren ibilbide profesionalean: buruz buruko txapelduna izan zen 2004an eta ez zuen Lau eta erdiko txapela janzterik izan gutxigatik, eta txapeldunorde geratu zen azkenean, 2006an.

Dena ez da, baina, bide xamurra izan Xalarentzat, gorabeherak eduki baititu bere ibilbide profesionalean. Bat aipatzearren, bazirudien 2007an pelbiseko ebakuntza egin behar ziotela, baina azkenean hobetu eta libratu egin zen ebakuntza-gelan sartzetik.

Bestalde, urte hartan bertan Euskadi Irratia saria eman zioten, urteko pilotaria izendatuz, eta aginte-makila eta bere pisua ardotan eman zioten saritzat. Ez zen nolanahiko oparia, 80 kilo gutxi gorabehera baititu Xalak.

Aurrerantzean zer egingo duen ikusteko dago oraindik. Hala ere, erretiroa hartzen duenean, mendia, natura eta lasaitasuna besarkatuko ditu. Horiek baitira, beste batzuen artean, betidanik gogoko izan dituen afizioak.