436 Zenbakia 2008-04-18 / 2008-04-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Idazlearen txokotik

GARAI, Maite



Papera eta luma hartu eta burura etortzen diren ideiak idatzi. Hori izan liteke bide on bat ipuin, eleberri edota beste edozein sormen lan hasteko. Aditu askok idazten hasten direnei gomendatzen diete egunero (ahal delarik, behintzat) ordutegi berdinean idaztea. Inspirazioa agertuko ote da orduantxe?

Ez dakit. Badakit ordea, behartuta idazten denean ez dela ezer txukunik irteten. Hau da, ikasle garenean esaterako, gehienetan eskolako lana da guretzat, eta uko egiten diogu sorkuntza onak egiteari. Sinpletasunaren bidetik jota azkarrago amaituko baitugu egin beharrekoa eta asti gehiago edukiko dugu playstationeatzeko... Edo gure sentimen sakonenarekin idatziko dugu beste askotan, konturatu gabe orri hori irakurtzen duen pertsona... asper–asper eginda dagoela!

Ez da nolanahiko lana publikoa entretenitzea, ideiak buruan izan arren, kontatzen jakin behar baita. Sukaldari ona izateko lapiko artean ibiltzea derrigorrezkoa den bezalaxe, idazle ona –edo esan dezagun soilik, idazle– izateko, eguneroko beharra da izkiriatzea.

Nik ez zaituztet gogaitu nahi nire gogoeta labur honekin. Bakar bakarrik esan inspirazioa bilatzeko edozein toki iruditzen zaidala ona. Ikasgelako lotsatia begiratuta pertsonaia interesgarriren bat sortu daiteke, edota nire kalean dagoen supermerkatuan fruta erosten ari naizela eszenatoki bat sortu dezaket hildakoen artetik itzulitako cowboyen lapurretarako...

Dena izan daiteke interesgarria, baldin eta espresatzen baldin badakigu! Eta hori nola lortu? Aurretik aipatu dut idaztearena; baina egia da irakurtzea ere oso aberasgarria dela! Animatu eta ez izan alferra. Irakurri, nahi duzuna, baina irakurri: komikiak, eleberriak, ipuin laburrak... Imajinazioa askatu, irudikatu hitzetan datozenak eta milaka abentura bizitzeko parada izango duzu.