Euskonews Gaztea
Gaiak: Bertsolaritza
Gogoratzen dut nire nerabezaroko arratsalde baten nola etorri zitzaidan koadrilako lagun bat eta galdetu zidan: “Bazatoz Bertso–Eskolara?” Ni harritu egin nintzen eta galdetu nion: “Zer da hori?”. Berak azaldu zidan bertsoak egiten ikasteko klaseak zirela edo horrelako zerbait, ez dut ongi gogoratzen. Baina ez dakit oso ondo zergatik joan nintzen; uste dut beti izan dudala, daukadala eta izango dudala gauza berriak ezagutu eta esperimentatzeko grina arraro bat.
Ordura arte nik bertsolaritzari buruz neukan ezagutza edo pertzepzioa, gure kulturaren zati bat zela, baina gehienbat igande eguerdietan nire aitak telebistan jartzen zuen gauza aspergarri hura zela uste nuen. Baina lagun artean, jiji eta jaja, bertsolaritza zer zen benetan ikasi nuen, eta asko gustatu zitzaidan, asko bete eta hunkitu ninduen.
Gerora, publiko aurrean ere egin nuen bertsotan denbora labur batez, baina oso gutxi eta oso gaizki, nire barne lotsak ez zidan uzten neukan onena ematen. Hala ere, ez nintzen eta ez naiz aparteko bertsolaria izan sekula, ez bainaiz horretarako jaio, baina daukadan mailan, urtez urte hobetzen ahalegintzen naiz. Krisi txiki bat izan nuen horren kontura, bertsolaritza uztekotan egon nintzen; azken finean besteekin konparatzen nintzen eta ez nuenez nire burua bertsolari gisa ikusten, zer egiten nuen nik han?
Gaur egun, bertso–eskola batzuetako irakaslea naiz, gai jartzailea eta antolatzailea, besteak beste, eta bertso eskolan eta nire lagun artean bertsotan ikasten jarraitzen dut. Gainera, nire barne lotsa gainditu ditut neurri handi batean, nire blokeoak... Esan daiteke bertsolaritza nire bizitzako zati garrantzitsu bihurtu dela, eta nahiz eta bertsolaria ez izan, bertsolaritza bizitzeko eta bere parte izateko era ezberdin asko daudela konturatu naiz.
Zergatik kontatzen dudan nire esperientzia bertsolaritzarekin? Gure kulturako atal harrigarri bat iruditzen zaidalako, bertso batek zirrara eragin diezazuke eta negarrez jarri; baina baita barrez leherrarazi, eta gauza bat edo bestea sentiarazi dezakeen kantu labur hori momentuan asmatzen du pertsonak, kasu honetan bertsolariak.
Hala ere, bertsolaritzaren barruan ere ikusten ditut hobetu beharreko gauza asko, eta arriskutsuak iruditzen zaizkidan beste batzuk. Uste dut gizartean dauden arazoak ere badaudela hemen, daudela beste toki guztietan bezala, berdintasunaren borroka kasu. Gainera, elitismoarekiko joera nabaritzen dut puntu batzuetan. Horrekin esan nahi dudana da, hobetu beharreko gauzak egon arren, bertsolaritzak merezi duela, eta ezagutzen ez duzuenoi animatuko zintuzketet gehiago jakitera. Berdin da herriko bertsolari ezezaguna edo eliteko bertsolariak bakarrik entzutea atsegin baduzue; edo frontoi bateko bi ordutako jaialdi bat ez baduzue jasaten eta tabernako bertso poteoan oso ondo pasatzen baduzue...
Azken finean bertsolaritza herritik irtendako zerbait da eta herritar bakoitzak bere era izan dezake bizitzeko eta bere parte izateko; nik aurkitu nuen nire era, eta asko ikasi dut. Zuek ere ahalegindu zuen era aurkitzen, eta ez baduzue topatzen, agian ez zaizue gustatuko bertsolaritza, baina behintzat probatu eta ezagutu duzue.