
Artisautza
Jose Luis Alonso Susperregui. Beirazko Artea: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Ez ditugu errepikatuko aurrez dagoeneko argitaratuak ditugun fitxetako datuak, baina horiek non aurki ditzakeen adieraziko diogu irakurleari, laguntza modura: Beira-motak, DIR-DARen fitxa (EUSKONEWS 329. zk.). Beirari buruzko munduko lehenengo datuak, FIOCCOren fitxa (EUSKONEWS 267. zk.). Euskal Herriko beirateak, J.J. Martínezen fitxa (EUSKONEWS 363. zk.). Tiffany beiraren jatorria eta historia, COLOREren fitxa (EUSKONEWS 291. zk.). Beira zizelkatuari buruzko datuak, G. Álvarezen fitxa (EUSKONEWS 281. zk.).
Irun funtsezko euskal udalerria izan da, zalantzarik gabe, beiratei dagokienez. Hain zuzen ere, handik hurbil zegoen –Hendaian– J.H. Mauméjean Fréresen enpresa; Europako beirateen ekoizle handiena zen, eta bulegoak zituen Madrilen, Bartzelonan eta Donostian, Pedro Egaña kaleko 8. zenbakian, zehazki.
C. Urdangarin eta J.M. Izaga egileek Lanbide Tradizionalak V lanean diotenez (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2001), Mauméjeanen ikasi zuen lanbidea Luis Boada Rolinek. Hura izango zen, gerora, Jesús Arrecubieta Otañorekin eta Echaniz izeneko beste kide batekin batera, Irunen beirateak egiten zituen lehenengo lantegia ireki zuena, 1923an.
Boadak alderdi artistikoaren gaineko ardura zuen, Echanizek alderdi teknikoarena, eta Arrecubietak, berriz, salerosketarena. Gerra garaian instalazioak txikitu zizkieten, eta Echanizek erbestera alde egin behar izan zuen. Gerraren ondoren, beste bi lankideek jarduerari ekin zioten, berriro, Unión de Artistas Vidrieros izenez, orduan; ekoizpena handitu egin zuten, baita lan-taldea ere.
Beirate zementudunak 1960 inguruan egiten hasi ziren, Frantzian, eta handik mundu guztira zabaldu ziren. Irunen, 1969an ekin zioten langintza horri, Adolfo eta Alain Boderé frantsesen lankidetzari esker.
Artistas Vidrieros etxeak 5.000 beiratetik gora egin ditu bere historian zehar, eta kontinente guztietara esportatu ditu bere produktuak.
Enpresa hartatik ateratako kideek beste lantegi batzuk sortu zituzten. aurrerago, adibidez, VITROLUZ, S.L., Miguel Osinagarena, eta gaur José Luis Alonso Susperreguiren eskutik sail honetara ekarri duguna, ARTISTAS VIDRIEROS DE IRUN.
1931ko Industria Erroldan, Euskal Herrian beirateak egiten zituzten honako fabrika-lantegi hauek agertzen dira: Sociedad Maumejean Hnos., Donostian. Unión de Artistas Vidrieros, Irunen. Delclaux y Cia, Bilbon. Deprit y Cia, Bilbon. Luis Lerchundi, Bilbon. S.A. Cristalería Española, Bilbon. Vidrieras de Arte, S.A. Bilbon.
1944an, honako hauek jarraitzen zuten lanean: Unión de Artistas Vidrieros, S.L., Irunen. Construcciones Vidrio Arte, S.A., Bilbon. Maumejean Hermanos, S.A., Donostian.
