420 Zenbakia 2007-12-14 / 2007-12-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Txinatar kontuak

OLALDE, Aitziber

Konspiratzen...

Astelehen buruzuri batez, nire herriko kale nagusian gora nindoan lagun batekin. Etxeko kontuez hasi ginen hizketan, mahaia nork jartzen duen gurean, edota erosketak egiteko nola moldatzen garen. Eta konturatu nintzen ur–pitxer baten beharrean nengoela.

Alboan egokitu zitzaigun denda txinatarrera sartu ginen, merkexeagoa izango zelakoan. Eta han aurkitu genituenak! Hiru pasillotan forma eta kolore anitzetako gauzak: barruko arropa, gatz eta azukrearentzako behi formako poteak, edota erabilerarik topatu ez genien hamaika tramankulu. Bila genbiltzana hartu eta erakusmahaira abiatu ginen.

Berrogei bat urteko emakumea zegoen gure zain; gaztelaniaz moldatzen zela esatea ere gehiegitxo ez den pentsatzen geratu nintzen. Eta alboan hamar–hamabi bat urteko neska–mutiko parea. Beraien munduan murgilduta, hizketa baten ziharduten, kontu–kontari.

Hasieran ez nintzen ohartu aho txiki haietatik irteten zen hitz jarioa euskaraz zenik. Eta jabetu nintzen okerkerietan zebiltzala. Ama ez ohartzeko, euren ama–hizkuntza alboratu eta duela gutxi guregandik jasotako hizkuntza erabiltzen zuten sekretuentzako. Ikastolan zigortuta egon zela zioen mutikoak, ez omen da eta isiltzen. Biek barre egiten zuten bitartean, emakumeak mesfidantzaz begiratzen zien – umeak zerbait gaizki egin duela sumatu bai baina zer den jakiten ez duenaren aurpegiaz. Hala ere... ezin ezer egin! Hizkuntza ulertu ezean bi txikiek lengoaia sekretu bat izango dute bien arteko konfidentzia garrantzitsuak aireratzeko. Begiaz keinu egin eta irribarre batekin euren konplize bihurtu ginen istant batean laguna eta biok.

Etxean pentsatzen aritu nintzen ordu pare bat lehenago bizitako pasadizo hartaz, eta elebidun izateak dakartzan onurei buruzko gogoeta txikitxo bat egin nuen bide batez. Kasu honetan etorkinek modu berri bat aurkitu dute komunikatzeko, jolasteko, tranpak egiteko... Eta guk geuk ere, bertan sortuak izanik, zortea dugu eleanitzak izatean. Ni aberatsa sentitzen naiz, nire aburuz, inoiz ez baita txarra hizkuntza bat baino gehiago jakitea, ezta? Hala ere, nik neuk lehentasuna ematen diot nire ama hizkuntzari eta ogia erostera gaztelaniaz joan naitekeen arren, euskara erabiliko dut eguneroko bizimoduan. Hori, norberaren hautua baita.