420 Zenbakia 2007-12-14 / 2007-12-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Pedro Miguel Etxenike

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Izaban jaio zen Pedro Miguel Etxenike, 1950ko ekainaren 8an, hain zuzen ere. Gaur egun munduan dagoen fisikari ospetsu eta garrantzitsuenetarikoa dugu nafar hau.

Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen fakultatean egin zituen Fisika ikasketak eta 1972. urtean graduatu zen. Hala ere, bere ikasketak ez ziren hor amaitu, eta Cambridge eta Bartzelonako Unibertsitateetan doktoretza egin zuen. Lehenengoan 1976. urtean izan zen, solidoen gainazalean partikula energetikoen interakzioari buruzko tesi bat egin ostean. Bartzelonako kasuan, berriz, ioi azkarrek eraginda solidoek izaten duten kitzikapenari buruzko tesina aurkeztuta jaso zuen titulua, 1977.urtean. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako Katedraduna da 1986az geroztik.

Mundu guztian zehar ibili da Etxenike gradu–ondoko egonaldietan. Hala, Amerikako Estatu Batuetan, Danimarkan, Suedian eta Bartzelonan egon da, besteak beste. Bere ikerketak, batez ere, informatika eta matematikaren bitartez gorputz solidoen partikulek duten portaera azaltzeko egin ditu. Baina ikertzeaz gain, gizarteari zientzia eta teknologia gerturatu nahi izan dizkio hasiera hasieratik, eta horretarako dibulgazio lan ugari egin ditu.

Hala, Nature aldizkari prestigiotsuenaren portada izatea ere lortu du Etxenikek. Bere ikerketa bat protagonista izan zen 2007ko urriaren 25ean kaleratutako alean, hain zuzen ere.

Bere lana askotan aintzatetsi zaio fisikari nafarrari. Ikerketako Saria 1997. urtean iritsi zen Etxenikeren eskuetara. Izandako lorpen guztiengatik 1998.urtean Asturiasko Printze Saria jaso zuen, Ikerketako Zientzia eta Teknika arloan. Urte berean Teknologia eta Zientzien Xabier Maria de Munibe saria ere eskuratu zuen. Eta 2000. urtetik Donostiako Urrezko Dominaren jabe ere bada. Baina hauek lortutako sarietako batzuk bakarrik dira.

Bestalde, 1999. urtean sortutako Donostia International Physics Centerreko presidentea da, eta baita Eusko Ikaskuntzako Zientzia, Arte eta Letren Akademia Jakiundeko aurreneko presidentea ere, 2007.urtetik.