417 Zenbakia 2007-11-23 / 2007-11-30

Artisautza

Txintxarri. Euskal jantzi tradizionala: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

PROZESUA

Jantzia goitik behera bukatu aurretik artisauek honako urrats hauek ematen dituzte:

1.- Bezeroak jantzia aukeratzen du. Horretarako tailerrean dituzten jantziak erakusten dizkiote, eta baita argazkiak, liburuak, etab. Batzuetan bezeroak aurretik erabakita izaten du zer nahi duen, eta horrek lana errazten die jostunei.

2.- Erabiliko dituzten koloreak eta oihalak aukeratzen dituzte, eta baita osagaiak ere: hariak, botoiak (egurrezkoak, nakarrezkoak...), etab.

3.- Jantziaren atal bakoitzari dagokion paperezko patroia egiten dute.

4.- Kolorezko klarion bereziarekin patroiaren perimetroa marrazten dute oihalaren gainean.

5.- Oihala mozten dute.

6.- Jantziak behar dituen osagaiak prestatzen dituzte, hala nola botoi-zuloak, mendelak, alozak, apaingarriak, etab.

7.- Atal bakoitza amaitzean albaindu egiten dute eta makina elektrikoz josteko prestatu.

8.- Makinaz josten dituzte.

9.- Albaindurak eta hariak kentzen dituzte.

10.- Modu berean forruak, distirak eta abar prestatzen dituzte.

11.- Jantziari josten dizkiote.

12.- Botoiak, krisketak, farfailak, etab. eransten dizkiote.

13.- Jantzia lisatzen dute.

Lihozko, algodoizko eta artilezko ehunak erabili ohi dituzte, eta baita horien nahasketa dutenak ere.

Zintak algodoizkoak izaten dira, baina batzuetan baita jutezkoak ere. Tresna gutxi erabiltzen dituzte: lanbidean ohikoak direnak (orratzak, hariak, titareak, botoiak, etab.), josteko makina eta plantxa.