417 Zenbakia 2007-11-23 / 2007-11-30

Gaiak

Juan Arana, Loramendi: ehun urte

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



E Juan Arana Ezpeleta. hun urte bete dira aurten Bedoñako “Mendibitzu” baserrian Juan Arana Ezpeleta jaio zela, eta efemeridea oharkabean igaro zaigu. Horrela esanda, Juan Arana Ezpeleta izenek ez digute ezer berezirik agertzen, baina deitura horiek euskarak eskainitako poetarik ospetsuenetako bati dagozkiola kontuan izanda, badirudi oihartzun gehiago izan beharko zukeela, baina gizakiok oroimen hauskorrekoak garenez gero...

Urtarrilaren 27an munduratu zen, beraz, garai hartan atxabaltarra zen Bedoña auzoan urte batzuk geroago Loramendi izenordearekin euskal literaturaren eszenategira azalduko zena. Bedoñako auzotarrek Aretxabaletara baino Arrasaterako joera handiagoa -eta errazagoa- izan dutenez gero Juan haurra Arrasateko herri eskolan ikasi zuen lehenik. Gelakideen artean Iokin Zaitegi Plazaola izan zuen, hura baino zenbait hilabete zaharragoa. Juan txikia Bedoñako giro baketsuan hazi zen, landare, zuhaitz, txori eta abere artean.

Hamabi urte zituela, 1919ko udan, Bedoñatik Joxe Mari Oiartzun Aita kaputxinoa igaro zen eta hark konbentzitu zuen fraide sartzeko. Hurrengo urteko udan, beraz, Altsasuko Kaputxinoen komentura joan zen eta erlijioso bizitzan eman zituen harez geroztik Juan gazteak hil arterainoko urteak. Izen zibila egokitu behar izan zuen eta aurrerantzean Fray Joaquin de Bedoña gisa agertu zen komentu barnean. Literatura kontuetarako, berriz, Loramendi hautatu zuen.

Altsasutik Zangotzara aldatu zen ikasketekin jarraitzeko, eta prozesu horretan - hain barneratua zeukan fraide izateko ikasketei buru belarri lotu behar zitzaiela- euskara ia-ia galtzeraino heldu zen. Ahaztu egin zitzaion, behintzat neurri handi batean, eta elkar komunikatzeko zituzten zailtasunak zirela eta, gorriak eta bost pairatu zituen etxekoren bat komentura bisita egitera hurbiltzen zitzaionean. Horretaz jabeturik, damutu egin zen -batez ere gurasoei zien begirune eta maitasunarengatik- eta euskara berreskuratzeari ekin zion. Bedoñara Hondarribiatik 1926ko abenduaren 31an igorritako eskutitzean1 irakurtzen da: “... Y ahora, para que vean que sigo su ejemplo y consejo que me dieron de aprender el euzkera, les voy a demostrar que no se me ha olvidado, sino muy al contrario voy aprendiendo mucho”. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Badirudi Zangotzan zegoenean, 1925ean, burutu zuela “Stabat Mater” (Ama Neketsua) testuaren itzulera. Horixe bide da Loramendiren lehen lan literarioa. Esan behar da maisuki ikasi zituela latina eta grekoa eta horren testigantza utzi zuen bere obran. Aitzol zenak bere “Eusko Olerkiak. 1932”-ean dioenez, 1924an hasi zen Loramendi bere lehen olerkiak konposatzen eta “Zeruko Argia” aldizkarira bidaltzen. Aita Damaso Intza euskaltzaina omen zeukan gidari.

Egia aitortzera, nik ez daukat hain garbi horrela izango zenik. Eta urte haietan euskararekin zituen zailtasunetan oinarritzen naiz zalantza horri eusteko. Dena den, ez litzateke harritzekoa isilpean literatura ariketak burutu izana, gurasoei agindu bezala, ama hizkuntzan aurrerapenak egiteko. Baina, edozein modutan, izatekotan ez ziren olerkiak goi mailakoak izango. Artean Loramendik bide estua zuen euskal literaturan nabarmentzeko. “Oraindik zazpi urte pasatu arren, gausa gueienak acordatzen ditut; nola astoaz Mondragora joaten nintzan; nola etortzean aitajaunak galdetzen ziran Mundrauko berriagatik; nola biorrakin ibiltzen nintzan; nola olloari jarraika chikia nintzenean, eta ala beste gauza azko ere” idazten zien gurasoei, goian aipatutako eskutitzean. Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Kaputxinoren jantzia 1925ean bereganatu zuen eta hurrengo urtean Hondarribiara bidali zuten Filosofia ikastera. Gipuzkoar hiri hartan eman zuen azken Gabon gauean honela idatzi zien gurasoei: “Son las dos de la mañana; acabo de acostarme, mientras que en mi imaginación calenturienta bullen a manera de ligeras mariposas todas las impresiones y recuerdos de la simpática Noche Buena. Pero, por fin, mis ojos se cierran vencidos por el cansancio y se apodera de mi espíritu un suave y plácido sueño, en el que fui maravillosamente trasladado a mi casa paterna, a Mendibitzu, donde contemplé maravillado un cuadro encantador: primeramente vi a mi madre que sostenía entre sus brazos un Niño de extraordinaria hermosura; al lado de la madre el padre haciendo caricias al Infante y en derredor todos mis hermanitos cantándole mil coplas graciosas; allí eran de ver a Félix con su chistu, a Lucio con su tambor, a María con sus sonrisas. ¡Qué escena tan encantadora! Hasta el perro negro y el gato pardo miraban con envidia desde el sitio de mis “veinte duros”...”

“Veinte duros”-en gaineko aipamen bitxi horren nondik norakoa ulertzeko, Juan haurrak neguko gauetan lo etxeko supazterrean atsegin zuela egitea azaldu behar da. Eta amak ohera bidali nahi izaten zuen arren, hark “Ezta ehun ogerlekorengatik ere!” erantzuten bide zion, lasai-lasai.

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal. Filosofiako azken urtea eta teologiako lehena Lizarrako komentuan egin zituen, 1928 eta 1929an. Eta 1930ean Iruñean hasi zen, teologiako beste hiru ikasturteak emateko. Errepublikako garaia zen eta urak ez zetozen bare erlijiosoentzat. “¿Y qué les diré de la dichosa República? Que nos da harto que pensar y que si Dios N.S no se lo remedia y no nos ayuda, nos va a reventar y nos va a partir de por medio... ¡Infames y canallas! Bien pueden averiguar el odio satánico que nos tienen. Por lo mismo que tienen a la Iglesia y a Jesucristo y a Vds. también y a todos los euskaldunes...”2

Eskutitz bera, “Arana’tar Leokadio Jaunari eta Ezpeleta’r Eulalia Andreari” bere gurasoak agurtu ondoren “Gora Jaungoikoa! Gora Euskal Herria! Gora euskaldunak! (Izen oyek sukartu bitzate gure biotzak!) batekin hasten zen. Adierazgarria, zeharo, Fray Joaquin de Bedoñarengan ematen ari zen bilakaera kualitatiboa zela eta. Ikasketetan barrena ari zela, bere burua gero eta jantziagoa ikusten zuen Loramendik: “...Al finado curso le dimos el remate a mediados de junio con los exámenes y tengo que decir, porque nada les debo ocultar: los hice muy brillantes, más de lo que yo mismo esperaba... Y ahora a comenzar de nuevo con frío el nuevo curso; ¡el penúltimo! El día 1 principiaremos (D.m) si no vienen a interrumpir los malditos revolucionarios...”

Eskutitz horretan ere gurasoak lasaitu nahi bide ditu, bere osasun egoera dela eta: “De salud bien... como siempre... Quizás un tanto alto de carnes...” Eta lau orrialdeko eskutitza amaitzeko albiste bat ematen die: “Onezkero jakiñean egongo zerate Azkoitia’r Jose Luis Aita Altsasun hil zala; neroni atsekabe aundia eman zidan, lagun zintzoa baitzan. Oraingo “Zeruko Argia”n arkituko dezute neronek berari eskeñitako olerki bat (poesia) Begira zazute azkenean izen au: “Loramendi” O.M.C” Ofizialki, beraz, egiten die gurasoei Juan semeak olerkigintzan aurrerantzean erabiliko duen izenaren aurkezpena. Goi mailan

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal. Aitzol zenaren eraginaz, «Euskaltzaleak» elkarteak antolatuta, zazpi Olerti-Egun ospatu ziran, 1936ko gerra piztu bitartean. Lehena 1930ean, Errenterian, Lauaxetaren «Maitale kutuna» sariztatu zela. Hurrengo urtean Tolosan, Lizardiren «Urte-giroak ene begian» olerkiak eraman zuen lehen saria. Eta 1932an, Hernanin antolatua, Loramendiren «Barruntza-leyoan» izan zen garailea3. Aitzolek berak dio “Euskal Olerkiak. 1932” lanean Loramendik 1931ko norgehiagoketara ere bidali zuela bere ekarpena, “Arrantzalien arrats-otoitza” olerkiarekin. Eta lehen saria eraman ez zuen arren, onenekotzat jo zuten eta bildumaren bigarren tomoan sartu zen olerki hura. Urtebete beranduago, ordea, sari nagusia eraman zuen “Barruntza leioan” tituludunarekin. Loramendi berezko merituaz euskal poeten nominan zegoen ordudanik.

“Arrantzalien arrats-otoitza” euskal arrantzalearentzako eupazko abesti bulartsua da. Aren besoaren indarra, aren bular ta kemena ditu kantagai, aren elizkoitasuna, batez ere. Poema txiki biotz-oldarkoia dala esan daiteke” idatzi zuen Jose Aristimuño Aitzolek, eta segitzen du: “Ondarribiko lekaidetxean ikasle zeneko olerkia da nonbait au; itsasoak eta itsas-gizonen bizitzak “Loramendi”-ri eragindako biotz-zarrazta. Or agertzen bait zaigu olerkari, itsasoa ola ikusten zekian gaztea, baita arrantzale euskalduna maite zuan eusko abertzale zintzoa, aien tresna ta izkuntzaren berri ongi ikasita bait da” “Aitzol”-en suposamenduari jarraiki, Loramendik olerkia konposatu zuenean 20 urte izango zituen. Hona hemen ahapaldiren batzuk: Kantauri-itxaso, Kantauri-itxaso,

eusko zangarren ekin, eraso:

zure orruak

ekaitz nastuak

arrantzalien azken orduak

gotargi beroz nai ditut jaso.

...

Ara non diran arrai-ontziak

su-buru beltzak keaz nasiak:

ara goi-bera

keaz batera

saiets-ezurra pitsez leuntzera

barren orrazten moltso gaziak.

...

Miren Ederra, Miren Garbia

arrantzalien Ama Eztia

zure aur onak

itxas-gizonak,

enda zarraren txertu sakonak

bekarkizute ale gorria.

“Barruntza leioan” izan zen Olerti Eguna 1932ko edizioaren irabazlea. “Zearoko biotz olerkia” idatzi zuen Aitzolek olerkiaren mugaketa egitean. “Olerki ontan dana da barrukoi, biotz-barreneko txokorik izkutuenean gordea. Dana da yainkotiar... Auxe da “Loramendi”ren olerkilanik gurenena”.

“Eusko Olerkiak. 1932” Aitzolen idazkian aurkitzen dugu, bestalde, bedoñatarraren eta Lizardiren literatura ekarpenen arteko diferentzien deskribapen zehatza. Oso interesgarria da, euskal bi poeta hauen mamia hobeto ulertzeko: “Lizardiren besterakoa genuen Loramendi. Aren eta onen bideak alkarren aurkakoak ez badira ere, oso dira banakoak. Lizardi zaintsua, gogai sakonak soil yalkitzen zituana, irudi bakan-bakan aukeratuak gorri-yator ematen zekiana... Loramendi, ostera, yarei darabil irudimena ta bere gazte-iturburuko etorria ibaika dioakio neurtitz oparo ozenetan” Ikus dezagun nola aritu zen Fray Joaquin de Bedoña, ikurtzat Zilarrezko Hostoa zeukan saria bereganatzeko: Loak ar bitza, loak ar bitza gudozte-kantak,

dunbost zakarrak beude gaurdanik ixilean...

Zarata orde, otsera bitez, biotz ormetan,

Lelo xamurrak, argiz ez ezik, gau beltzean.

...

Maitasun-izpiz urtuki dago nire gogoa;

zenbat jaramon, ainbat biotza goriago,

ta argi-dirdaiak lilura duan txoriñoa lez,

galda zuritan, eguzki orri begi nago.

...

Ta abesti orren oiartzunera, pizkor genuzke

maite-eguerdien egon luze ta bazkal-mintzo.

Ta arratsaldeak, izpi euritan, lekarzkiguke

Maite-koluxken izar zuri ta zorun-ardo...

Gurasoei bere garaipenaren berri eman zien, Iruñetik 1932ko abuztuaren 12an bidalitako eskutitzean, modu bitxian, gainera. Merezi du irakurtzeak: “Don Ferminek4 garbi bezain argi esango zizuten nire berriak... Gañera “Zeruko Argia”-n ere ikusiko zenuten onezkero... Orregatik etzegon zergatik nik eskribitu. Periodikuak ere amaika gauza ekarri dute, eman nai dizutedan berri orrezaz... Entzun dezute sari bat eman didatela. Egia ote da gero?... Egia al dan? Nire begiak oker ezbadaude behintzat, bai orixe! Ikusten nago, aurrean daukat-eta. Eta zergatik eman didate neri sari au? Irabazi ez detalako ez da izango behintzat, orrelako pitxiak ez dira nolanai botatzen-ta. Bai, irabazi detalako eman didate: Euskal-Erri guziko olerkari guzietatik (poeta) nik irabazi det lenengo saria. Eta jakin bear dezute oso gaitza zala sari ori irabaztea, ez du edozeñek eramaten. Bada, Euskal-Erriko olerkaririk oberenak borroka ortan izaten dira. Ezagutzen dezute, “Zeruko Argia”-n atera genuen-ta sari au irabazi zuen nire olerkia. Gaitz xamarra izango zuek entenditzeko: Jakintsuentzat egiña da-ta, ez-ta arritzeko...”.

Gurasoenganako ageri zuen maitasun osoaren sentimendua aurreko lerroek lausotzen dutela esan al liteke? Harropuztu al zen Fray Joaquin de Bedoña sariarekin? Eskutitz horren estiloari bagagozkio baietz aitortu beharko litzateke, baina pertsonen erreakzioak ez dira neurtzeko errazak eta uneko aitorpen solteek ezin dute, inondik ere, inor betiko epaitu. Eta Juan Arana Ezpeletak sakon maite izan zituen bere gurasoak, bizi izan zen bitartean. Berak lerro batzuk geroago baieztatuko duen moduan: “Saria zertarako bear detan? Zuei emateko, zenbaterañoko maitasuna diotzutedan ikus dezazuten... Artu, nere guraso ta anai-arreba maiteak, biotz onez eskeintzen dizutedan maite-erakutsia...”.

Bihotzeko aitorpena egin ondoren beste azalpen bitxi asko ematen dizkie aita-amari eskutitzean: “... Egia esan bear badizuet (nere gurasoak zerate-ta) hamaika txalo jo diote... Izugarrizko jai eder bat egin zuten irabazi nuenean Ernanin. Meza emana izan banintz ni ere jai ortara joango nintzan, baña oraindio ez. Nere ordez beste iru Aita joan ziran eta aiek jaso zuten saria. Baña galdetzen badidazute nolakoa dan sari au, egiz eta zintzo: baliteke zuei ez gustatzea, itxuraz beste edozein gauza bezelakoa da-ta. Larru-gorrixta batean josirik zilarrezko aritz abar bat. Ori besterik ezbada, esango dezute zuen kolkorako, ori besterik ezpada... beste edozein gauza obe da, batez ere diru mordo bat... Baña horrela pensatzen badezute gaizki zabiltzate, oso gaizki, gauza guzi oiek baño askoz balio aundiagokoa da-ta...” Jarraian, dena den, Loramendi ausartu egin zen balorazio bat egitera, dirutan, “mila baño askoz geyago pezeta balio ditu” Eta sari-ikurra ahal bezain azkarren bidaliko diela agintzen die, izan ere “baliteke errepublika onek baliozko gauzak guri kentzea”.

Fray Joaquin de Bedoñaren osasuna makaltzen joan zen 1932ko urte hartan, nahiz eta gurasoak ez zituen kezkatu nahi izan: “ederto jarri naiz” Ez zen horrela, eta lau hilabete geroago -abenduaren 8an- horrela aitortu behar izan zien “egun auek arte, aspalditik oso ondo nebillen; asko irabazia nengoen. Baiña egun auetan zerbait galdu det; lau egun ogean egon naiz buruko miñez eta sukar (fiebre) pizka batekin (38º) Orain jeikirik nabil baiño makal xamar eta pizkat meetua”.

Eskutitz hori da, Loramendik gurasoei igorrietatik nik daukadan azkena, eta larri idazten die, bederatzi egun geroago diakono ordena hartuko zuela adieraziz, eta laster meza berriko eguna etorriko zitzaiola abisatuz. Hori dela eta, lehen bai lehen Iruñera norbait hurbiltzea eskatzen zuen, ahal izanez gero aita edota Xanti anaia nahiago zituela azpimarratuz. Eta amaitzen du idazkia “Vitoriako anai-arreben ezertxo ere ez dakit. Eskribitu gura neuzkie, baiña zuzentzarik ez dakit. Beraiek ere ixilik daude eta ez dakit gero zergatik. Eta orain nekatu naiz hainbeste eskribitzen, ordu bete osoa baitaramat. Barkatu olako euskera zastrala. Gura-ta egin dizutet, dana entenditu dezazuten” Eta sinatzen du “Bedoña’r Joakin”.

Osasunean ez zela suspertzen ikusita, Iruñetik Donostiako klinika batera eraman zuten. Ebakuntza egin zioten berehala, baina peritonitis eraso batek zeharo jota utzi zuen eta heriotza etorri zitzaion, 1933ko martxoaren 23an5. Hilabete eskas geratzen zitzaion bere lehen mezarako. Omenaldiak

“Olerti Eguna” antolatzen jarraitu zuen “Euskaltzaleak” elkarteak, Aitzolen eraginaz. Eta 1935eko ekainaren 2an, Bedoñara eraman zuten ospakizuna, hain zuzen Loramendiri hil ondoko gorazarre egiteko. Egun hartan Koldo Jauregi Jautarkolek, bere “Maite opari” olerkariarekin irabazi zuen zilarrezko Haritz Adarra saria6. Besteak beste, beren presentziarekin jai hura ondratu zutenen artean Lauaxeta olerkari handia eta Jose Maria Lojendio euskaltzalea egon ziren.

“Euskaltzaleak” elkarteak oroitarri bat eskaini zuen Loramendiren irudia gogorarazteko. Bertan irakurtzen da: “Loramendi. Bedoña’tar Iokin. 1907-1933. Arana’tar Jon. Mendibitsuko lekaide olerkariari. Euskaltzaleak. 1933-VI-2”

Beste omenaldi bat 1959ko irailaren 20an izan zen, baita Bedoñan ere. Orduko hura “Euskeraren adixkideak” elkarteak antolatu zuen. Mendibitzu baserrian oroit-plaka bat jarri zen, Loramendiren beraren amak estalki zapia mugiaraziz agertu zuena. Bertan irakurtzen da: “BEDOÑA’TAR J. AITA, “LORAMENDI” (1907-1933) Euskal olerkari bikain eta Jaungoiko Maitasunaren Oyulariari, bere jayotetxean, EUSKERAREN ADIXKIDEAK, 20-IX-1959. “Nora noake maitasun eske, neregan baidet ederrik oro berezko ditun maitalea”.

Bigarren omenaldi hartan, milaka euskaltzaleren aurrean, Antonio Arrue euskaltzainak hitzaldia egin zuen eta Basarri eta Lizaso bertsolariek ere parte hartu zuten. Egunerako ireki zen elerti norgehiagoketan, bestalde, Gabriel Aresti bere “Maldan behera” olerkiarekin suertatu zen garaile, Bitoriano Gandiagaren aurretik. Ehun bat urte eman dira Jontxu Arana Ezpeleta munduratu zenetik eta zenbait gutxiago hura Loramendi olerkaria bihurtu zenetik. Edertasunaren bideetatik barrena egiteko gonbitea luzatu zigun bedoñatarrak bere obrarekin eta kitatu ezinik geratu da betiko harekiko zorra. 1 “Loramendi”-k 1926-1932 bitartean gurasoei bidalitako eskutitz batzuen kopiak eskuetaratu berri zaizkit. 2 Iruñetik etxera 1931ko abuztuaren 29an bidalitako eskutitza. 3 1933an, Urretxun, Patxi Etxeberriaren «Bost Lore» suertatu zen irabazlea; 1934an, Zarautzen, Iokin Zaitegiren «Tori nire edontzia!»; Loramendiren omenez 1935ean Bedoñan antolatu zen eta Luis Jauregi Jautarkolen «Maite Opari» titulatuak eraman zuen lehen saria. 4 Fermin Fernandez de Arroyabe, Bedoñako erretorea zen. 5 “Lizardi” zena hamabi egun lehenago hil zen, martxoaren 12an, alegia. 6 1934ko edizioan Iokin Zaitegi Loramendiren haurtzaroko gelakidea izan zen garailea, “Tori nire edontzia” olerkiarekin.