413 Zenbakia 2007-10-26 / 2007-11-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Tinieblas Gonzalez

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Arreta deitzen du bere janzkerak eta agian horregatik, ez da zaila asmatzea zein esparrutan egiten duen lan zuzendari gazte honek. Beldurrezko filmetan erreferente dugu Tinieblas Gonzalez. Ourensen jaio zen 1972ko urriaren 19an, baina ia bizitza osoa pasatu du Euskal Herrian. Hain zuzen ere, familia Laudiora mugitu zen berak lau urte zituenean eta gaur egun Gasteizen bizi da.

Zuzendari lanak egiten ditu eta erosoen sentitzen den generoa beldurrezkoa edo beltza dela esan daiteke. Film laburretan iaioa den arren, 2007an bere lehenengo luzemetraia egin du.

Hogeita hamabost urteko zinemagile honek txikitatik miretsi ditu kontakizun ilunak. Hala, Edgar Allan Poe, Tolkien edo Sade bezalako autoreen lanak oso gaztetan iritsi ziren Tinieblasen eskuetara. Eta literaturarako duen zaletasuna ez da irakurtzen bakarrik agertu arabarrarengan. Izan ere, hamabi urte soilik zituela idatzi zuen bere lehenengo poema, eta hortik abiatuta ekin zion kontakizun laburrak idazteari. Eta gaur egunera arte.

Ikus-entzunezko lanei dagokienez, Tripas izan zen egindako lehenengo bideoa; bi ordutako iraupena zuen eta beldurrezko film desberdinen zatiak jaso zituen bertan. Gehiago ikasteko asmoz Bilbora joan zen esparru horretan, ikus-entzunezkoan, eskolak hartzera. Bukatu eta segidan hasi zen Por un infante Difunto (1998) bere lehenengo laburmetraiaren gidoia idazten. Horren ondotik etorriko zen The Raven (1999). Hau Edgar Allan Poeren izen bereko poeman oinarritutako laburra da eta sari ugari jaso zituen berarekin; Gazteen Lehenengo Saria Montpellilerreko Nazioarteko Jaialdian, esaterako.

Baina ez da 2007.urtera arte animatu film luze bat grabatzera. Hala, ASD (Alma Sin Dueño) deituriko lana Bilboko kale eta metroan grabatzen aritu izan da. Bere hitzetan, kanpoan filmatzen baino erosoago sentitzen da etxean, Euskal Herrian lan egiten. Eta hala jarraituko duela aipatu du behin baino gehiagotan, laguntza jaso eta posibilitatea duen bitartean.