413 Zenbakia 2007-10-26 / 2007-11-02
Maider Bedaxagar Olorunen (Zuberoa) jaio zen 1987 ko azaroaren 23 an. Artista familiako neska da eta txikitatik abestea du gustuko. Gaur egun Amaren Alabak taldeko kidea da. Berarekin mintzatu gara. Amaren Alabak. Nola eta noiz sortu zenuten taldea?
Duela zortzi urte sortu zen. Jean Michel Bedaxagarrek (aitak) ikusgarri bat antolatu zuen Maulen, “Ama” izenekoa, Julian Gaiare eta Etxahun Iruriren bizitzen inguruan. Azken kantuarentzat galdegin zidan bospasei lagun biltzea. Orduan nere lagunei aipatu nien eta Mixel Etxekoparrek (kide baten aitak) kantu bat idatzi zigun. Sei lagun bildu ginen –denak ikastolako lagunak–, guztiak herri ezberdinetakoak (Aloze, Urdinarbe, Maule, Omize–Pea, Irabarne). Orduan hamar urte besterik ez genituen! Momentu horretan deitu gintuzten “Amaren alabak”, ttipi–ttipiak ginelako... Argazkia: PATen weborritik hartua. Eta nola bizi izan zenituzten hastapen horiek?
Lehen hiru urteetan kantu txapelketetan eta herriko festetan kantatu genuen. Baina duela lau urte deliberatu genuen gure taldearen izpirituan sakontzea. Orduan Nicole Lougaroterekin hasi ginen 45 minutuko ikuskizun bat prestatzen. Gaia: Xiberoan diren eta izan diren emazteen kantuak biltzea. Horregatik joan gara bertan bizi diren portuges eta aragoar emazteak ikustera. Haiek irakatsi dizkigute beraien herriko kantuak. Xiberoan oraindik portugaldar asko bada; XIX mende hastapenean etorri ziren espartina lantegietara lanera. Italiarrezko kantuentzat, Italiako emazte bat etorri zitzaigun (Lucilla Galeazzi), eta kantu tradizionalak irakatsi zizkigun. Baina ez dituzue soilik kanpoko kantuak ikasi...
Bistan da kantu xiberotarrak ere baditugula. Horiek ez ditugu guk idazten, denak kantu herrikoiak dira eta gure piper eta gatza gehitzen diegu gure modura kantatuz. Maite ditugu polifoniazko abestiak (bi edo hiru ahotsetan kanta daitezkeenak), baina gustuko ditugu baita ere kantu testualak, hau da, melodia sinplea izan arren, hitzei garrantzia ematen dieten kantuak. Eta nola aurkitzen dituzue gustuko abestiak?
Horientzat gehien bat Etxahun Barkoxeren kantutegian bilatzen dugu. Maite dugu herrietan aspaldi gertatutako eskandaluak berpiztea; adibidez Santa–Grazin apaizak neskatila gazte bat haurdun utzi zuela salatzen dugu, edo Garindaine herrian Etxandi semeak Barkoxeko gizon bat hamahiru kolpez hil zuela... Maite dugu publikoa kilikatzea eta baita probokatzea ere. Herrien arabera erreakzioak desberdinak dira, publiko batzuetan isiltasun hotz bat sentitzen da, eta beste batzuetan, berriz, irri karkaila handiak. Argazkia: Euskobizia weborritik hartua. Herriak aipatzen dituzula, egia al da hegoaldeko publikoa hotzagoa dela iparraldekoa baino?
Iparraldeko publikoa eta hegoaldeko publikoa desberdinak dira guretzat. Normala den bezala, hegoaldeko publikoak ezin ditu gure xiberotar kantuak oso ongi ulertu, eta nola guk kantuen hitzei garrantzia ematen diegun, noiztenka ez da espero genuen harrera gertatzen. Polifonia edo aragoiera, italiar eta portuges kantuak, aldiz, arazorik gabe estimatzen direla uste dut. Gainera, hegoaldekoak hotzago direla nork esan du? Guk ez. Bakarrik publiko desberdin bat dela eta gu eta publikoaren arteko harremana ere desberdina da. Erakutsi nahi diegu xiberotar kultura ez dela bakarrik Benito Lertxundik kantatzen dituen kantuetara mugatzen. Badakit berak egindako lana handia izan dela zeren kantu batzuk Euskal Herri guztira zabaldu ditu. Alabaina “Atarratze jauregian” “Jaun Baruak” edo “Maria Solt eta Kastero” bezalako abestiak gure kulturaren %5–a baizik ez dira. Guk gonbidatzen ditugu Hegoaldekoak gure herri–kultura hurbilagotik eta kontzientzia gehiagorekin ezagutzera. Otoi ez ditzatela gure jaiak ikuspegi folklorista batekin ikusi... Barkatu generalizazio bat egiten badut hegoaldekoei buruz, badakit momentu honetan hamar etsai nire kontra izango direla... (barre) Sei lagun zarete taldean. Nondik datorkizue abesteko zaletasuna?
Ez dakit non ikasi dugun kantatzen...Egia da ikastolan asko abesten genuela (Olentzero, amen besta edota urte bukaerako besta zela medio, adibidez), baina etxean ere kantatzen dugu.
Alabaina ez dugu guk hautatu abestea, txikitatik dakigun zerbait da eta, kasik naturala. Xiberoan gazte eta zahar, denek plazer berdina dugu kantatzean. Funtsean herrietako edozein lekutan abestiak bere lekua du; larunbat gauetan dantzaldia bukatu ondoan beti gazteak ari gara kantuz, igande arratsaldeetan gehienetan beti kantaldiak badira, udan Pastoraletan kantatzen dugu, neguan maskaradetan... Tradizioz orduan...
Hala da, bai. Gainera, uste dut ahozko tradizioa sekula baino biziagoa dagoela. Nehork ez du kantua ikasteko eskolarik hartu, gehienak kantari gara. Ez da pretentsioarekin mintzatzea, bakarrik aitortzea gure aktibitate natural bat dela. Kantuak oraindik ere ostatuetan ikasten ditugu, baita diskoekin ere; nire kasuan bederen, denak ostatuan gazte eta zaharren artean. Bestalde, guk ez dugu gure aitek zuten memoria, askotan ibiltzen gara kantu–liburua sakelan dudaren bat balego... Gaiz aldatuta. Zein tokitan sentitzen zara erosoen abesten?
Amaren Alabak taldeko kideei dagokigunez, kantatzeko toki hoberena, ostatu xoko batean, eliza batean, edo baratze batean... baina ororen gainetik, guk jendearengandik hurbil eta mikrofonorik gabe kantatzen dugu! Ez ditugu maite antzoki handiak, eszena handiak non jendea gugandik urrun sentitzen dugun. Ez dakigu mikrofonoekin kantatzen eta batzuetan behartuak izan gara horretara... Ez dakigu gure ahotsa mikrofonoari egokitzen, eta maite dugu abesti batzuetan ozen–ozen kantatzea, halakoetan hobe mikrofonorik ez gehitzea, gaixo belarriak... Kantagintzatik bizi nahiko al zenuke?
Ez dut inondik ere kantuaz bizi nahi, traizio bat litzateke! Bizitzan lan egitea derrigorrezkoa iruditzen zait. Maiz lana nekagarria izaten da, baina horretarako gara mundu honetan...Egunero erraza ez bada ere, aurrera egiten dugu bizitzan. Ezin ditut plazera eta lana bateratu. Lana zure buruari inposatzen diozun aktibitate bat dela uste dut, eta kantua aldiz zure buruak galdegiten dizun aktibitate bat. Behar da bien arteko oreka bat bilatu. Filologia orduan...
Bai. Momentuan Euskal filologia ikasten dihardut eta pentsatzen dut arlo horretan lan bat bilatzea. Baina oraindik ez dakit deus. Berdin bihar artzain plantatuko naiz auzoko baserri batean... Nork daki! Baina momentuan ikaslea naiz. Aita eta amak hala desiratu zuten... Eta zer moduz Gasteizko bizimodua?
Aurten Gasteizen bukatuko dut lizentziatura. Oso aberasgarria zait, bereziki euskalki desberdinak entzuten baititut eta ostegun gauetako giroaren berri hartzen ahal baitut...