413 Zenbakia 2007-10-26 / 2007-11-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Buenos Aires, atzo eta gaur

ZAVALETA, Teresa

Dorrego plazan azokako abeslariak.

Buenos Aires hiria kolonia garaiaren hasieran fundatua izan zen La Plata ibaiaren ahoan, eta urte batzuk bertan behera geratu ondoren Garay euskaldunak arrakastaz bigarren aldiz fundatu zuen 1580an, lurrari atea irekitzeko asmoz. Historian zehar, portua dela eta, alderdi politiko eta lurralde askotako helburua izan zen. Funtzioz aldatzen joan zen: hasieran portua, gero hiriburua, bai erregeorderrikoa, bai probintziakoa eta azkenean, gaur egun, Argentinakoa.

XIX. mendearen hasieran herrixka zen, baina Europarekiko merkataritzagatik Argentinako gobernuek zelaian lantzeko langileak ekartzearen prozesu handia sortarazi zuten. Egoera horrek Buenos Aires hiri handi bihurtu zuen: margo eta leku ezberdinetako jendea bertan finkatu zen portua zela eta. Gaur egun, lau mende pasa ondoren, Buenos Airesek 3.000 kale, 50 auzo eta 25 enparantza dauzka. Migrazio-prozesu hura oso nabaria den leku nagusi eta zaharrenetako bi San Telmo eta La Boca dira. Panpako gauchoek erabilitako tresnak.

San Telmo, hain zuzen ere, portuko auzoa izan zen, eta bere erdigunean dagoen Dorrego plaza, hiriko enparantza nagusira joaten ziren gurdi zaharretarako pausaleku.

Hasieran auzo honetan Buenos Aireseko sendi aberatsenak bizi ziren baina 1871.eko sukar horiak hiriko iparralderantz mugiarazi zituen. Dirudunen ordez Europako leku askotako langileak finkatu ziren “conventillo” delako etxe mota sortuz. Hau da, familia aberatsen etxeetako logela batean hamaika langilek bizitzeko leku hartu zuten.

Auzo zaharrean toki interesgarri asko daude: Errusiako Eliza, La Defensa Igarobidea, Dorrego Enparantza, besteak beste. Baina azkena da erakargarriena: igandero goizeko hamarretatik arratsaldeko bostak arte dendak altxatzen eta irekitzen dira, eta egun horretan harrizko kale estuetatik turistak ibiltzen dira.

Orain 35 urte hasi zen igandero ikusten den ohitura: kutxak, burdinak, oholak, saskiak... denak nahasiz azoka ospetsua osatzen hasten dira. Ez da erraza saltzeko 270 lekutako bat lortzea, baldintza asko bete behar baitira. Antolaketa hasieratik Hiriko Museoaren esku dago. Igandero 10.000 pertsona joaten dira azokara. Bildumazaleentzeko objektuak.

Saltzaileek sailkapen berezia eginda daukate: alde batetik badakite nongoak diren turistak segun zer den erosten dutena. Bestetik badaude “erosleak” ?normalean badakite zer nahi duten- eta “ikusnahiak” ?azokatik paseatu ondoren jatetxeetara joaten dira-, eta azkenean “porteñoak”, hots, bertakoak ?galdetzen dute baina ia ez dute erosten-. Saltzaileak hiru taldetan banatzen dira: antzinako gauzak saltzen dituztenak, artisauak eta artistak (margolariak eta...).

San Telmoko kaleetan antzinako gauza bitxiak daukaten denda zaharrak eta margolarien bulegoak ikus daitezke. Gauean ordea, tango eta jazz lekuak eta kafetegiak dira ikusgarrienak.

San Telmo auzoan zutik jarraitzen duten hiriko etxebizitza zaharrenetako gehienak daude, eta hauen ondoan farolak, leihoetako burdin sareak, museoak, elizak, azokak, tango-dantzariak, eta abar.

Buenos Aires hiriburua leku ikusgarriek osatua dago, hau bat besterik ez da.