411 Zenbakia 2007-10-12 / 2007-10-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mariví Bilbao

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Tabakoa uzten ahalegindu zen eta erre gabe denboratxo bat eman zuen arren, zigarroa ahoan duela ezagutzen dugu batez ere Mariví Bilbao–Goyoaga aktorea. Orain 77 urte jaio zen Bizkaiko hiriburuan; 1930eko urtarrilaren 22an, zehatzago esanda. Argazkia: Pizquita orritik hartua.

Ibilbide profesional oparoa du antzezle honek. Hala, antzerkia, zinema eta telebista izan ditu lantoki. Pasioa ofizio bilakatu zuen eta publiko oso ezberdinen aurrean antzeztu du mundu horretan murgildu zenetik. Besteak beste, Entre dos Fuegos, Al salir de clase, Manos al la Obra eta La vida alegre saioetan hartu du parte pantaila txikian. Baina zalantzarik gabe, estatu mailan ezagunago bihurtu zuen rola Aquí no hay quien viva telesaileko Marisa izan zen. Urte mordoxka igaro zituen paper horretan eta behin telesail hori amaituta, La que se avecina telebistako saioa grabatzen dihardu gaur egun.

Baina esan bezala pantaila handian ere egin du lan Bilbaok. Hala nola, bere lanen artean Alex de la Iglesiaren La Comunidad, Pedro Olearen Akelarre, Daniel Calparsororen A Ciegas, Javier Rebolloren Agur Txomin edota Ramón Barearen Pecata Minuta daude.

Hollywooden ere ibilia da bizkaitar hau. Borja Cobeagaren Éramos pocos film laburrean esku hartu zuen eta hegazkinera igota Oscar sari banaketara bidaiatu zuen. Alfonbra gorrian, berarekin, filmeko zuzendari egon zen. 2007ko otsailean izan zen hori.

Beste film labur batek ere –Alumbramiento izenekoak– eraman du Bilbao munduko txoko berri batetara. 2007ko Veneziako Zinema Jaialdian egon zen lan hori aurkezten.

Urte guzti hauetako ibilbideak sari ugari eskaini dizkio aktore euskaldunari. Hala nola, Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada saria eman zion 1996an eta El Mundo egunkariak, berriz, Séller izenekoa, urte berdinean.

Bestalde, Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen 2006an eta nahiz eta oso nekatuta bukatu zuen, berarentzat “ohore izugarria” izan zela aitortu zion gizarteari.