411 Zenbakia 2007-10-12 / 2007-10-19
2007ko otsailaren 13tik 17rat, Kanboko Xalbador kolegioko ikasleak proiektu batean parte hartu genuen. Egitasmo hori, maleruski aski ezagutua ez den Gurseko kontzentrazio esparruaren inguruan izan zen.
Helburua han hil ziren pertsonak ohoratzea izan zen, baita ere toki ilun hura ezagutaraztea. Parte hartzaile izan ginen lehendabizi, gu, Xalbador kolegioko 3.eko ikasleak, gero Pantxis Bidart eta Christophe Hiriart, lau egun hauetarako gure taula zuzendari eta entrenatzaileak; eta azkenik, gure kolegioko zenbait erakasle.
Lehen eguna, otsailaren 13a, kolegioan pasatu genuen, lehenagotik, kirol kurtsoan prestatu genituen dantza edo antzerkitxoak beste ikasleei aurkezten, gela batean, zenbait gauza finkatzeko. Eta arratsaldean, olerki, afitxa, marrazki, dokumentuak ... sortu genituen, esparruaren lehenengo itxura bortitza erakusteko asmoz. Lan eta lan ibili ginen, baina egun horren ondorioa atsegingarria eta komenigarria izan zen. Bigarren eguna, asteazken bat zen, beraz goiza bakarrik genuen gure egitasmoa prestatzeko. Hor ziren Christophe eta Pantxis etorri eta aurkeztu. Haiekin, musika arraro meta bat ekarri zuten. Gure antzerkitxo eta dantzak berriz aurkezten genituen bitartean, instrumentu batzuekin musika zatiak inprobisatzen zuten. Talde guziak pasatu ondoren ariketa batzuk egin genituen ahotsa eta kontzentrazioa lantzeko.
Hurrengo goizean, kolegiotik Gursera abiatu ginen autobusez; hiru egunetako jantzi eta puskak gurekin hartuz. Gure motibazioa kolegioko bidea hartzerakoaren parekoa zen; erran nahi baitu kasik nulua.
Esparruaren aitzinera iritsi ginenean, ez genuen oihan argi bat besterik ikusten,eta ez genuen sentimendu berezirik ukan. Baina orduan , hasi zen egiazko entrenamendua. Hasteko ikasi genituen gure ikastaldiaren oinarriak: Mimofonia eta Sound Painting-a. Bi teknika jende talde bat keinuz gidatzeko. Luzexkoa izan zen, taldea zabala zelako eta eguzkiak gogor jotzen zuelako. “Korifeoa” delakoa ere landu genuen (jende talde batek mugimendu segida berdina egiten duelarik, ber denboran). Gero, gelen banaketa, sukaldeko lanak eta, oheratu aitzin, egunaren bilduma edo pundua eta biharamuneko programa, dena umore onean.
Hirugarren eguna izan zen zailena baina interesgarriena ere. Jadanik,biharamunean zen ikustaldia emaiten;ikasle,erakasle; denak zainetan ginen. Talde ttipietan azken xehetasunak f?nkatu eta antzerkitxoak berrikusi genituen;azken datu “estetikoak” erabaki behar ziren eta ikasle bakoitzaren rola erabaki eta prestatu .Baina,nahiz eta inplikazio handia izan denon partez, gauean pundua egin genuelarik oraindik batere prest ez ginela agertu zen: hurrengo eguna azkena izanen zen eta ikustaldia erreusitu nahi baldin bagenuen,dena eman beharko zen.
Asmo horrekin genuen hasi azken eguna. Goiza eta arratsaldearen lehen partean,berrikusketak egiten pasatu genituen. Ikustaldia, arratsaldeko 4etan hasi behar zen. Azken berrikusketaren oharrak ez ziren onak izan; ez ginen kontzentratuak, baizik eta akituak eta nardatuak beti ber gauzak berregiteagatik, nahiz eta gure ikustaldia aski aldakorra zen. Eta jendeen aurrean ikasi genuena erakusteko ordua iritsi zen. Mozorrotuak ginen eta zakuak generamatzan, deportatuak bagina bezala egiteko.
Hastapen labur bat inprobisatu genuen, Christophe-ek galdegina: bera publikoan gorde zen eta diskretuki keinuak egin behar zizkigun,gu gidatzeko.
Bakoitzak egiten ahal zuen hoberena egin zuen. Gure hastapeneko dudak desagertu ziren publikoaren txalo zaparrada ikustean,biziki maitatu zutela iduri zuen.Arratsa bukatzeko bestatxo bat izan zen, kantuak janaria,edatekoa...Gaua etorri zen publikoaren eskerrekin batera.