405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Gaiak

Iruña-Veleiako multzo arkeologikoa

CONJUNTO ARQUEOLÓGICO DE IRUÑA-VELEIA

Gordetzen dituen funtsak

Arabako arkeologia aztarnategi garrantzitsuenetakoa da, bereziki protohistoriari eta erromatarren garaiari dagokionez. Hain zuzen ere, azken ikerketei esker jakin badakigu leku horretan, ingurune horren ezaugarri topografikoak eta baliabideak baliatuz, Kristo aurreko lehen milurtekoaren hasieran biztanle egonkorrak finkatu zirela, eta lurralde horretako herri zabal eta indartsuenetako bat eratu zutela.

Erromarekin izandako harremanen ondorioz, beste batzuen artean, Iruña (euskaraz, hiriaren gunea) historian sartu zen. Veleia izenarekin (indoeuropar toponimoa) ere ezaguna da eta autore klasikoen ustez izen horrek herritarrei egiten die aipamen, veleienses izeneko herriari, karistiar leinukoei. Hiri hura, Arabako zaharrena, inguruneko erromanizazio gune bihurtu zen. Izaera hori nabarmen handitu zen penintsulako iparraldean garai hartan zegoen komunikabideen ardatz nagusiari lotuta baitzegoen, hau da, Astorga-Bordele bideari. Bide horrek, barruko lurraldea eta Europa lotzen zituen, bere ondorengo den N-1 errepideak bezala. Veleia lehen bi mendeetan zehar herrigune garrantzitsua eta inguruko kontsumo eta merkatu gune nagusia izatera iritsi zen, baita hainbat hektareako hedadura izatera iritsi ere. Hirugarren mendeko krisia gainditu ondoren, berriro ere gorakada handia izan zuen. Aipatzekoa da eraiki zuten harresi sendoa, barruan 11 hektareako baserria zuena. Mendebaldeko erromatar inperioa desagertu zenean, bosgarren mendearen amaieraren eta seigarrenaren artean, Veleia jendez husten joan zen.

Erdi Aroan berriro bete zen, San Juanen Ordenaren enkomienda ezarri baitzen orube batean. Komunikazio lotune garrantzitsua izan zela Villodas eta Trespuenteseko zubi bikainek islatzen dute. Lehenengoaren egungo fabrika Erdi Arokoa da eta bigarrenarena garaikidea.

Iruña-Veleia, gainera, Europako gerra garrantzitsuenen nahi gabeko agertokia izan da: ehun urteko gerratik hasi eta Gasteizko Gudua edo karlistadak gertatu zireneko XIX. mende tamalgarriraino. Aspalditik da ezaguna Iruña-Veleia eta XVI. mendean dagoeneko antzinako gauzen agerleku moduan aipatzen da. Egindako ikerketak, ordea, oso zehatzak eta bakanak izan dira. Besteak beste, Arabako Monumentuen Batzordeak XIX. mendean egindakoak, Verastegui presbiteroak XX. mendearen hasieran egindakoak edo Arabako Foru Aldundiaren bidez sustatutakoak (Nieto, 1949-54an, Elorza 1975ean edo Gil 1994-2000an). Milurteko berriak Veleiako lanei bultzada berria ekarri zien "Iruña-Veleia III. Milurtekoa" izeneko proiektua abian jarri baitzen. Eusko Tren eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saila dira proiektuaren babesleak, AFAren eta beste erakunde batzuen lankidetzarekin. Horiek horrela, gaur egun bisitariak proiektu horren eguneroko jarduna jarrai dezake. Proiektuak ohiko landa ikerketak aurrien kontserbazio eta balioztatzearekin uztartzen ditu, eta urte osoan zehar garatzen den zabalkunde programa anitza eskaintzen du.

Iruñako aurrietatik harresi berantiarraren hondakinak nabarmentzen dira, kanpoko aldearen 500 metro baino gehiago ikusgai baitaude. Paramentuen zabalerak (4,5-5 m bitarteko lodiera) eta dorreen zimenduek (oin karratua eta erdizirkularra dute) gotortutako eremuak garai batean izan zuen itxura adierazten digute. Izan ere, bisitariak hiriko ate nagusia izan zenetik sartzen dira eta barruan ikerketa arkeologikoek garbitutako eta egokitutako eraikinen hondarrak ikus ditzakete. Erromatar garaiko Veleiako oligarkiaren domus edo hiriko bizileku handi batzuk nahiko ondo ezagutzen ditugu, baita harresiaren barruko aldeari atxikitako bizileku xumeagoak ere. Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoko domusa eta Pompeya Valentinaren domusa, 1000 m2 baino gehiago dituena eta bere egituren artean toskaniar atrioa eta peristilo lauzatua dituena. Ibilbidea aurreko mendeetako indusketen sektoreekin eta ondoan dauden Villodas eta Trespuenteseko zubi ikusgarriekin osa daiteke. Erakusketa iraunkorrak

Iruña-Veleiako multzoa urte osoan zehar dago zabalik. Harrera zentro txiki batek informazio grafikoa eta liburuxkak ematen ditu, bisita bere testuinguruan kokatzeko. Arabako Foru Aldundiko Museo Zerbitzuarekin batera, hainbat jarduera antolatzen dira, esaterako, Denboraldiko pieza: ikerketetako azken aurkikuntzak jendearen eskura jartzen dira.Indusketa sektore guztiek kartel eta taula didaktikoak dituzte eta multzo osoa ikusteko proposatzen den ibilbidea markatuta dago. Gainera, horretarako berariazko plano gida eskaintzen da (informazio hori guztia lau hizkuntzatan dago).

Udan, ohiko lanak Nazioarteko Auzolandegietako boluntarioekin osatzen dira. Auzolandegiak Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Zuzendaritzak, Iruña Okako Udalak eta Iruña-Veleia III. Milurtekoa proiektuak antolatzen dituzte.Bisita hori osatzeko eta garai hartako kultura materiala ezagutzeko, Iruña-Veleiako indusketetan aurkitutako objektu ugariak Arabako Arkeologia Museoan (Vitoria-Gasteiz) ikus daitezke. Bisita gidatuak. Informazio praktikoa

HEZKUNTZA ETA ZABALKUNDEA: Bisita gidatuak Lantegi didaktikoak (apirilaren 1etik azaroaren 1era) Ludi Veleienses irailaren 2. asteburua Arkeologia familian, urriko asteburuetan Telefonoa: 945181918 e-maila: serviciomuseos@alava.net

Iruña-Veleiako multzo arkeologikoa Iruña-Veleia Villodas-Trespuentes 01191 Iruña de Oca. (Álava)

Ordutegia:

Apirilaren 1etik azaroaren 1era Asteartetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 16:00 -20:00 Larunbatetan 11:00-15:00 Igandetan eta jaiegunetan 10:00 - 14:00

Azaroaren 2tik martxoaren 31ra Asteartetik ostiralera 11:00-15:00 Larunbatetan 11:00-15:00 Igandetan eta jaiegunetan 10:00 - 14:00 Astelehenetan, jaiegunetan izan ezik: itxita. Harremanetarako telefonoa: 945403044