405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Gaiak

Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa

MUSEO DIOCESANO DE ARTE SACRO

Gordetzen dituen funtsak

1997an Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa sortzea hitzartu zuten Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Sailak eta Gasteizko Elizbarrutiak, Andre Maria Sortzez Garbiaren Katedral berrian, Elizbarrutiko eta Arabako Lurralde Historikoko Arte eta Historia Ondarea zaindu eta zabaltzeko. Katedrala eraikin neogotikoa da, 1907tik 1969ra bitartean egina. Bere girolan dago erakusketa iraunkorra. Bi nabe zentrokidek osatzen duten zirkulu erdia da, eta bertan eskultura garrantzitsuak eta Pariseko eta Madrileko Maumejean Etxeak egindako beirategiak daude.

1999ko apiriletik dago bertan Museoa. Arkitektura proiektuak eraikinaz gozatzeko aukera ematen du, aretoak leku ireki gisa baitaude diseinatuak. Museoak 11 areto ditu, kapera moduan ezarriak, banaketa sistema arin baten bitartez. Erakusketa iraunkorrak

Museoaren funtsek Arabako arte sakratua ordezkatzen dute eta Arabako Foru Aldunditik, Vitoria-Gasteizko Apezpikutzatik eta Elizbarrutiko parrokietatik jasoak dira.

Lanak bi irizpideren arabera daude kokatuak: bata, kronologikoa, estilo desberdinen bilakaera ikusteko modua ematen duena: Prerromanikoa, Erromanikoa, Gotikoa, Errenazimendua, Barrokoa...; bestea, didaktikoa, lehentasuna artelanak egiteko erabili diren material eta teknikei ematen diena. Horren emaitza bost atal dira: harria, enborra, taula, mihisea eta zilarra, liturgia izena eman zaion atal bereziaz gain.

HARRIA: 1. eta 2. aretoak hartzen ditu eta Prerromanikoari eta Erromanikoari dagokio. Atal honetan Arabako kristautasunaren arte adierazpen zaharrenetako batzuk ditugu; baita ehorzketa arloko elementuak (estelak, hilobiak) eta eskultura lanak dituzten arkitektura elementuak ere (kapitelak, leihateak, atariak, harburuak, mentsulak).

ENBORRA: 3. eta 4. aretoak hartzen ditu eta gehienbat zurezko enbor baten gainean egindako eskulturak biltzen ditu, irudigintza gotikoan erabiltzen zen oinarrian eginak, hain zuzen. Nabarmentzekoa da Haurrarekin dauden Ama Birjinen bilduma. Andre Mari motakoak dira. Horiekin batera, Kristo Gurutziltzatuaren eta Santuen irudiak daude. Tenplean egindako pintura gotikoa ere badago 4. aretoan.

TAULA: Atal honek 6. eta 7. aretoak hartzen ditu, eta horietan nabarmentzekoa da Errenazimenduko taula gaineko pintura. Bertan erakusten da flamenkoen ondarea (besteren artean Anberes edo Brujas-en eginiko triptikoak eta Ama Birjinen bost erlikitegi bustu), baina baita bertako lanak ere (taula gaineko pintura eta erretaulak).

MIHISEA. 8. eta 9. aretoak mihise gaineko pinturara daude emanak. Ibilbidea estilo manierista duen lan batekin hasten da (Grecoren San Frantsizko) eta italiar joerako margolan barroko batekin jarraitzen du (José de Ribera edo Luca Giordano). Espainiako eskolen ordezkari, besteak beste, Andre Maria Sortzez Garbiaren mihise hauek: Alonso Canorena eta Juan Carreño Mirandarena.

ZILARRA. 10. eta 11. aretoak zilargintzako piezek osatzen dituzte. Gehienak zilarra bezalako metal nobleetan eginak dira. Liturgiarako gauzen aparteko bilduma dago ikusgai (gurutzeak, ekisainduak, kopoiak, kalizak, pixideak, nabetak...), Erromanikotik hasi eta XX. mendea arteko arte estilo guztien ordezkari.

LITURGIA: 5. aretoa erlijio esparru baten irudikapena da: kapera batena. Bertan, liturgia ospakizun desberdinetan erabili izan diren objektuen sail oso bat dago ikusgai: aldarea mahai-zapi desberdinekin, ekisaindua, kaliza, kopoia, sakrak, bakemailea, erlikitegia, argimutilak...; XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako liturgiarako jantziak.

Bilduma iraunkorraz gain, Museoak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, elizbarrutiko elizetan dauden lan ezezagunak edo gutxi aztertutako lanak zabaltzeko. Elizabarrituko erlijio ondarean egindako ikerketen ondorio dira eta Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuan tratatu ondoren jartzen dira erakusgai. Bisita gidatuak. Informazio praktikoa

Bisita gidatuak eta lantegiak: Hitzordua eskatu

Argitalpenak: Museoaren gida, aldi baterako erakusketen katalogoak, liburuxka monografikoak, hezkuntza orriak, laminak eta posta-txartelak.

Sarrera dohainik

Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa Katedral berria (Andre Maria Sortzez Garbia) Cadena y Eleta, z/g 01008 VITORIA-GASTEIZ Ordutegia:

Asteartetik ostiralera: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30 Larunbatetan: 10:00-14:00 Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00 Astelehenetan: itxita Harremanetarako telefonoa: 945150631 Helbide elektronikoa: museoartesacro@euskalnet.net