405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Eguneroko pasadizoak

VALOIS, Carmen

Idazle Eskolako ikaslea



Etxeko terrazan dabil ZZZZZZZ soinuari erreparatu dionean. Maindireak alde batera utzita, bere begiak saiatu dira soinuaren jatorria agerian uzten; orduantxe, amaraunarekin topo egin du, horra hor, soinuaren sorburua.

Hortxe daude, biak, sarean: armiarma eta eulia. Biak eme, biak beltz, biak intsektu; natura bereko arimak, kate bereko aleak. Bat hegalaria, bestea ez.

Eta borrokan ari dira, maila desberdineko borroka izan arren; armiarmak egoera horren kontrola mantentzen duen bitartean, eulia irauteko borrokan dabil, sutsu, baina alferrik ordea, dagoeneko galtzailearen bidea hartu du.

Bista saretik aldenduz, lanari ekin dio berriro; segundo batzuetako kontua baino? isiltasuna, ez dago ezer: bere begiek ez dute lortuko bikote beltzaren arrastorik bilatzea.

Desorekatutako borroka amaituta dago, zantzurik utzi gabe, anonimotasun galduan, begi pare baten testigantza mutuan gordeta.

Terrazaren ikuskizuna aldera batera utzita, kalera abiatu da. Zazpiak dira, oraindik bero. Ekainaren arrats argia.

Elizatik pasatzerakoan, jendea sartzen ikusi du; ondoko bankuan, drogekin arazoak dituzten bi emakume, eserita, hizketan, mundutik at, unibertso honetako mundutik bai behintzat.

Horietako batek motxila hartu du, eskua sartu eta eguzki kremak erakutsi dizkio lagunari. Honek, bat aukeratuz, aurpegia igurtzi egin du horrekin, 60koa hartu du, babes osokoa, badaezpada ere.

Elizan, meza hasi da. Lagunak kanpoan daude, eguzkiari begira, solasean.

Zortziak hogei gutxi -eguzkia ezkutatzear dago. Elizako atera hurbildu dira; bat, atearen alde batean kokatu da, laguna bestean. Elkarri keinu bat egin eta batera jarri dira eskean, jendeari pasilloa eginez; eskupekoa eskuratzeko.

Bukatzerakoan dirua bildu eta bankuan eseri dira; iluntzen hasi da.

Elizako ateak itxi egin dituzte, dagoeneko barruan ez da inor gelditzen. Bitartean lagunek gauzak jaso, motxilan sartu, bizkarrean jarri eta, bankua utzita, alde egin dute.

Mutila etxera abiatu da, pentsakor; ninietan bi irudi, bi pasarte labur, hausnarketarako elementuak: izadi eta gizarte baten isla.

Sarean harrapatutako intsektuak, sarean harrapatutako gizakiak. Irauteko borrokan, bizirik jarraitzeko ahaleginetan.

Eskailerak igo, atea ireki, logelako leihoa itxi eta pijama jantzi du. Bihar, eguzkia aterako da, berriro.