405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Abuztua festetan murgilduta

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Uda jaien sasoia da zalantzarik gabe. Euskal Herriko txoko asko murgiltzen dira festa giroan eta milaka pertsonek parte hartzen dute antolatzen diren ekintzetan. Herriez gain, hiriburuetako kaleak ere jendez betetzen dira. Hala, Baiona, Gasteiz, Bilbo eta Donostiak protagonismo handia hartzen dute hilabete honetan. Karrikaldi, Baionan

Iparraldekoak dira lehenengo jaiak. Hilaren 1ean hasi eta 5era arte jendez lepo egongo da Lapurdiko hiriburua. Euskaldunak eta kanpokoak, guztiak batera festa giroan sartu eta lau egunez giro bikainez mozkortuko dituzte karrikak.

Egitarau zabala dago egun horietarako. Herriko Etxeak edo Udaletxeak bere egitaraua eratu arren, badago jai alternatiboan parte hartzeko aukera ere. Azken honek Karrikaldi izena darama eta festetan euskararen presentzia bermatzeko ardura du. Hori horrela, musika izango da programako ekimen nagusia. Bertsoak, dantzak, jendeak kantatzeko abestiak... horiek dira Karrikaldik eskaintzen dituenak, batez ere. Zeledonekin batera, festa Zeledon zerutik jaisten.

Hilaren 4tik 8ra bitartean Gasteizko Andra Mari Zuriaren Jaiak ospatuko dira. Urteroko ohiturari jarraituz, Zeledoni ongietorria egingo diote lehendabizi gasteiztarrek. Ez du huts egiten Zalduondoko gizonak eta kanpandorretik jaitsi eta jaiei hasiera emango die.

Egitarauari dagokionez, Udalak antolatutako ekimenen artean aurki ditzakegu, esaterako, Potatoren kontzertua, dantzak eta fanfarreak bertaratzen direnen eskura.

Ohikoa da jai ofizialez gain beste aukera bat ere topatzea. Halaxe gertatzen da Gasteizen. Txosnaguneak antolatutako egitaraua aldiz, egun bat lehenago hasiko da, abuztuaren 3an hain zuzen ere, Berri Txarrak eta Laia taldeen kontzertuekin. Eta musika desberdinen doinuek beteko dute Unibertsitate ingurua egun horietan zehar. Gainera, ibili nahi ez dutenentzako autobusa antolatu dute txosnetatik hiri erdialdera joateko. Donostia, erdialdean

Kostaldeko hiriburu honetan abuztuaren 12tik 19ra ospatuko dituzte festak. Kaleak majo beteta, ondo pasatzeko aukera ugari topatuko dituzte jaian parte hartu nahi dutenek. Udaleko egitarauaz gain, Donostiako Piratek beraiena osatu dute eta hilaren 11tik aurrera hainbat ekimen borobilduko dituzte.

Jokoak eta kontzertuak izango dira nagusi. Berri Txarrak, Etsaiak eta Istep taldeen emanaldiarekin hasi eta Irrikitaldiarekin amaituko da Piraten festa hau. Mari Jaia, Bilboko Aste Nagusira

Eskuak zerura zuzenduta Mari Jaia Bilbora gerturatuko da hilaren 18an eta kalez kale ikusiko dugu 26ra bitartean ospatzen den Aste Nagusian. Etenik izango ez duen festa horretan musikak garrantzia izango du, eta bertako taldeez gain, kanpokoak ere hartuko dituzte bilbotarrek. Hala, Nena Daconte, Chayanne edo Los Delinqüentes bezalako taldeak arituko dira.

Urtero kontzertuek milaka lagun biltzen dituzte espresuki prestatutako eszenatoki inguruetara eta aurten ere arrakasta ziurtatuta izango dutela zalantzarik ez.

Beraz, Euskal Herrian egonez gero eta gure hiriburuetako jaietan murgildu nahi baduzue, gogoratu ekitaldi zerrenda luzea duzuela eskura.