Iokin Zaitegi Plazaola. «Udalaizpe», «Artzai», «Zaitegi’tar Jokin». Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Arrasate, 1906 - Donostia, 1979). Jesuita zen. Loiolan, Oñan, Meridan (Venezuela) eta Marneffe-n (Belgika) egin zituen Teologia eta Filosofia ikasketak. 1935ean eman zuen Meza Berria, Marneffe-n. 1937an, gerra piztua zela eta, Ameriketara joan zen, San Salvador-era eta Panamara. 1944an, Lagundia utzi eta Guatemalara joan zen. Han bertan, 1950ean, Euzko Gogoa agerkaria sortu zuen, Orixe eta Ibinagabeitia lagun zituela. Zaitegi bera izan zen aldizkari haren zuzendaria. 1955ean, Euskal Herrira itzuli eta, Miarritzen hartu zuen bizilekua. 1960 arte, bertatik jarraitu zuen Euzko Gogoa kaleratzen. Parisen sortu zen «Euskal Kulturaren Alde» erakundeko batzordekide izan zen. 1962-1972 urte bitartean Guatemalan bizi izan zen berriz, apaiz lanetara emana. 1972an, atzera, Euskal Herrira itzuli zen eta Arrasaten bizi izan zen hil arte. Jesus’en Biotzaren deya, Egan, Yakintza eta Euzko Gogoa agerkarietan plazaratu zituen lan aipagarrienak. Euskaltzain urgazlea izan zen. Obra. Loiolako apaizgaitegian zela hasi zen olerkiak idazten. Ikaskideak zituen, besteak beste, Lauaxeta, P. Mujika, eta A. Ibinagabeitia. Bi olerki bilduma argitaratu zituen: Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962). Baina lanik handiena itzulpengintzan egin zuen. Itzulpen lan nagusiak: Kizkiña (1933, Aita Labururen Citología); Sopokel. Antigone (1933); Ebangeline (1945, Henry Wadsworth Longefellow-ren eleberria), Sopokelen Antzerkiak (1946-1958, Sofokleren obraren euskal bertsioa, bi liburukitan); Bidalien egiñak (1955); Abere-indarra (1950, J. Benaventeren La fuerza bruta); Euripe’ren Medeia (1963). 1962an, Platoni buruzko saio bat argitaratu zuen: Platon’eneko Atarian. Ondoko urteetan haren Solasak itzuli zituen, bost liburukitan: Oturuntza, Protagora eta Menon (1975); Gorgia (1977); Eutifron eta Sokrateren apologia (1978); Kriton eta Faidon (1978); Ipia Txikia eta Alkibiada (1979). Josemari Velez de Mendizabalek Zaitegiren biografia bat idatzi zuen: Iokin Zaitegi (1981).
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.