Euskonews Gaztea
Gaiak: Grizzly Man
Idazle Eskolako ikaslea
Grizzly Man 100 minutu irauten dituen dokumentala da. Timothy Treadwell-en eta Grizzly izeneko hartzen arteko harremana kontatzen da bertan. Hasieratik bukaerara momentu hunkigarriz betetako dokumentalean, Timothyk berak grabatutako irudiak dira nagusi. Timothyk bere bizitzako 13 udara, Katmai National Park and Preserve deritzan zonaldean eman zituen, Alaskan, Grizzly hartz basatien artean. Bere kanpin denda eta bizirauteko tresneriaz lagunduta, Grizzlyei eskeini zizkien urte horiek Timothyk.
Werner Herzog zinemagilea da gizon honen bizitzan barrena eramaten gaituen zuzendaria. Bi elementu gehitu dizkie Herzog-ek Timothyk utzitako bideo testigantzei: ondoren filmatu dituen elkarrizketak eta maitasun handiz eraiki duen narrazioa. Herzogen hitzek, poesia egiten dute Timothyrenekin, edertasun handiko irudiok horren ahotsaz ederki lagunduta daudenak. Momentu bakoitzean behar-beharrezkoa soilik dio, isiltasunari behar adinako espazioa utziz. Sarritan uzten du Herzogek Timothy kamerari begira, bere bakarrizketan. Inguruari so, bakardadean ikusten dugu Tim. Bada momentu bat, sastraka batzuen erditik igarotzen den bidexka bat ikusten dugula, minutuek orduak diruditelarik. Haizeak hostoak mugitzen ditu eta kamera geldi dago; une horietan uler dezakegu Timothyk sentitzen zuen bakea.
Irudi garbiak eta plano bakarrekoak dira Timothyk grabatutakoak. Ikusi ez arren, imajinatzen dugu Tim grabatu nahi zuen planoa aztertzen, gero bertan bere burua kokatzeko. Gehienetan, bera agertzen da lehen planoan eta atzean hartzak, azeriak edo naturak eskaintzen duen landaretza. Behin eta berriz errepikatzen du kameraren aurrean hartzok maite dituela, nahiz eta bere hitzen atzean zerbait gordetzen duela igarri. Dokumentalean aurrera joan ahala eta Herzogen hitzek lagunduta, deskubritzen dugu Timothyk sortzen duen mesfidantza puntu horren zergatia.
Gizon haren psikologian sakontzen du Herzogek, haren ezintasun eta bizitzarekiko ilusio-galtzeak azaleratuz. Une horretan, zalantzan jartzen dugu Timothyk hartzarekiko erakusten duen maitasuna benetakoa den ale ez. Duda berdina erakusten dute dokumentalean agertzen diren elkarrizketatutako zenbait pertsonek ere. Gizakiaren eta naturaren arteko muga gainditu eta animaliei onura baino kalte gehiago egiten ziela argudiatzen dute hauek. Egia da bere hartu-emanetan gizakiak bailiran hitz egiten diela hartzei, beraiekin arrazonatzen ahalegintzen da. Ukitu ere egiten ditu zenbait momentutan. Badirudi Timothyri denborarekin ahantzi egiten zaiola animali basatiak dituela bizilagun. Agian Timothyk, errespetatu beharko zituzkeen hartzaren bizimodua eta komunikatzeko duen era.
Hemen ikusten dugu Timothyrengan agertzen den kontraesan handi bat: gizakiarengandik urruntzeko joan da hartzaren lurraldera baina gizakiaren beharra oso nabarmena da bere jarreran. Nahiz eta hartzek ez erantzun, egunonik ez eman, zer moduz dagoen ez galdetu, Timothyk berean jarraitzen du. Bera da ikuslearentzat 100 minututan lurralde horretako berriemailea, analista, ikusle orojakilea.
Amaiera latza dauka dokumentalak, Timothyk berak eta momentuko neskalagunaren bizitzak. Urrun gelditzen dira Tarzan, tximino artean hezitako mutikoa edo Mowgli oihaneko haurra bezalako heroien bizitzak. Animali basatiekin hezi eta bizi ziren pertsonaia haien mundua irreala zen, han animaliek giza portaera zuten eta. Alaskako hartzek konprenitzen ez dutena. Hartzen artean pasatu zuen azken urtean, animalia horietako bat Timothy eta neskalagun Amie kanpatuta zeuden tokira joan zen eta eraso egin zien.
Timothy-k berak aurretik kontatzen duen bezala, hartz hauen indarra izugarria da eta ezin izan zion bere laguntzat zituenetako baten erasoari aurre egin. Grizzly hartz batek Timothy eta Amie akabatu eta jan egin zituen. Erasoaren ostean, gorputz atalak aurkitu zituzten kanpinaren inguruan, eta baita tirokatu ostean ireki zuten hartzaren barrunbetan ere. Inongo momentutan ez dira ikusten irudiok. Hala ere, gertaera horren ostean, biolentziarik gabeko irudien gordintasuna nabari dugu une oro, naturaren krudeltasuna, izatekotan. Memorian kateatuta gelditzen zaizkigun ipuin horietakoa da Grizzly man. Bizpahiru egunetan burutik kendu ezin den pentsamendua. Betirako gogoan izango dugun irakasgaia, zorionez.