403 Zenbakia 2007-07-13 / 2007-07-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Almudena Cid

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Mundu mailan oso ezaguna da Almudena Cid; bai behintzat gimnasia pixka bat ezagutzen dutenen aldetik. Izan ere, gazte euskaldun honen ibilbide profesionala goraipatu dute askok eta askok. Argazkia: Ismael Diaz de Mendibil.

1980ko ekainaren 15ean jaio zen Gasteizen baina gaur egun Bartzelonan bizi da. Zazpi urte zituela hasi zen kirol modalitate hori praktikatzen eta gaur egun ere aktibo jarraitzen du, askorentzat pentsaezina den arren. Almudena 27 urte ditu eta jardunean dago oraindik; gimnasia modu profesionalean egiten dutenen artean bakarra da adin horrekin. 1994. urtean sartu zen Espainiako talde nazionalean. Gaur egun, baina, modu independentean dihardu.

Palmares aldetik, izugarrizko lana egin du gasteiztarrak. Mundu osoan zehar bidaiatu du txapelketatan parte hartuz eta sarritan lortu du handienen artean egotea. Aipagarriena, hiru final olinpikotan parte hartu duela jarraian: 1996 urtean Atlantako Joko Olinpikoetan aritu zen, 2000n Sidneyen eta 2004an Atenasen. Gainera, sei bider izan da Espainiako txapeldun eta zortzi Munduko txapelketatan aritu da, besteak beste.

Ibilbide profesional oparoari errekonozimendua egin diote sarritan eta 2003 urtean, esaterako, Kirol-merezimenduari Errege Ordenaren brontzezko domina jaso zuen.

Baina guztia ez da kirola izan Almudenaren bizitzan. Izan ere, modelo lanak ere egin ditu. Cibeles Ibiltokia zapaltzeko aukera izan zuen, bai eta Gaudin parte hartzeko ere. Moda mundua gustatzen zaio, eta hala erakusten du ESDIn (Goi-mailako Diseinu Eskola) ari baita ikasten. Gimnasia munduarekin lotuta jarraitzeko asmoa du, esaterako, etorkizun batean kirol hori praktikatzeko arropak diseinatuz.

Duen adinagatik jendeak askotan ez du berarengatik apustu egin, baina argi erakutsi du gasteiztar gazte honek ahal duenera arte jarraituko duela gimnasia praktikatzen, diotenari kasu egin gabe.