401 Zenbakia 2007-06-29 / 2007-07-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Udako solztizioa

AZKARZABAL, Luxio



Udako solstizioa. Duela gutxira arte balizko kalabazen uzta garaia, ikas azterketen sasoia. Kukurbitazeekiko beldurra, modu ofizialean bederen, uxatu dudan arren ezin ditut ahantzi iragan hurbileko mamuak nigan iratzartzen zituen izuak. Lasaiago bizi naiz orain alde horretatik, beste eratako amildegiak irekitzen bazaizkit ere. Dena den, udako solstizioa beti egongo da nire inkontzientean argiaren nagusitasunarekin eta zuzentasunaren garaipenarekin lotuta, iluntasun eta injustiziaren gainetik. Behintzat, horiexek dira niri txikitan ageri zizkidaten ideiak.

Praktikak eraldatu egiten ditu sinismenak eta, egun, kristautasunaren hedapenak paganismoarekin bezala, gure gizartearen balore berriek kristau ohiko agerpenak estali dituzte, ia osotasunean. Zer transmitituko diegu gure bilobei gaurko sinismen ohituretaz? Hogeita hamar urte barru, seguru asko, gutariko bateon batek gogoratuko die bere ondorengoei, solstizioan Lur planetak 23° 27”ko inklinazioa duela, eguzkiari begira, eta urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena ematen dela, hori ipar hemisferioan, noski, — Tropikoko Cancerrean– hegokoan guztiz kontrakoa gertatzen baita. Hori guztia, plasmako pantaila batean proiektatutako Discovery Channeleko azken bideo interaktiboaren laguntzarekin adierazia.

Pikutan geratu dira gure aiton-amonen solstizioko suteak, San Juan goizaldeko ihintzak, gari bilketarako errogatibak eta gainerako sineskeria sustraituak. Solstizioaren inguruko magia joan egin zitzaigun... eta “hori hala bazan edo ez bazan...”