Euskonews Gaztea
Gaiak: Indalecio Bizcarrondo
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Idazle euskalduna zen Indalecio Bizcarrondo donostiarra. Hala ere, Bilintx bezala ezagunagoa zen euskal bertsolari eta poeta, Jose Bizkarrondo eta Joaquina Ureñaren semea. 1831.urteko apirilaren 30ean jaio zen Donostian, eta 1876ko uztailaren 22an hil zen Gipuzkoako hiriburuan bertan. Argazkia: Auñamendi Entziklopedia
Ez zen itxura ederreko gizona. Txikia zenean modu txarrean lurrera erori eta Bilintxen berezitasun handienetako bat jaio zen hala: bere aurpegia. Izan ere, desitxuratuta geratu zitzaion betiko eta jendea, barre egin nahian, Moko deitzen hasi zen. Hala izan zen ezagutua bere bizitzan zehar. Baina bere zorte txarra ez zen hor amaitu. Gaztetan, sokamuturrean zebilela zezen batek harrapatu eta hankak zeharkatu zizkion adarrekin; ondorioz, herren geratu zen.
Bigarren karlistadan (1872-1876) Liberalen aldamenean borrokatu zuen, laugarren batailoian hain zuzen ere. 1876.urtean, karlistek botatako granada bat Donostiako Antzoki Zaharreko leiho batetik sartu eta hankak suntsitu zizkion Bilintxi. Urte bereko uztailaren 22an hil zen zauri haien ondorioz.
Bere bizitza profesionalean zurgina izan zen eta Donostiako Antzoki Zaharreko atezain gisa ere ihardun zuen. Euskalgintzan lan oparoa egin zuela aitortu behar zaio. 1857-1858koak dira ezagutzen diren bere lehenengo maitasun bertsoak. Ez zuen sentimenduak azaltzeko lotsarik izan. Xenpelar, Iparragirre eta Etxahunekin batera garai hartako bertsolari gogoangarrienetakoa dugu. Bere lan ezagunetariko batzuk Loriak udan intza bezala eta Behin batean Loyolan bertsoak izango dira, ziurrenik.