400 Zenbakia 2007-06-22 / 2007-06-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Udako haizea, abuztuko haizea

MAIA URROZ, Ainara

Idazle Eskolako Ikaslea



Beti izango zara nigan. Beti izango zaitut gogoan, eta egingo ditudan gauza guztietan nire argia izango zara: bizitzaren bide ilunetan barrena orientatzen lagunduko didan argia. Nire idorraldia freskatuko duen haizea, zurekin berriz ere han goiti eta lur bat haratago elkartuko naizen arte.

Horrelaxe bukatu zuen Anek Urtziri zuzenduriko eskutitza. Horrelaxe bukatu zen hasierarik eta amaierarik gabeko maitasun istorioa. Inoiz ez zuten elkar ikusi, zuzenean begietara so eginez, baina Ane haren ahotsaz eta irudiaz maitemindu zen. Dardara batean jartzen zen Ane gaixoa telebistaz kantari ikusten zuen bakoitzean Urtzi, eta haren irudiak sortzen zion grinaz jabeturik eta bere barnean kabitu ezinik eskutitz motz hori idazten hasi zen sutsuki. Ekin eta egin. Idatzi eta zigilua jarrita postontzian sartu zuen:

— Jadanik egina dago, eta ez dago atzera bueltarik – esan zuen Anek bere golkorako.

Postontzitik etxerako bueltan ez zuen eskutitzean pentsatu; baina etxean sartu bezain laster Urtziren irudia burura etorri zitzaion bat-batean. Bere buruan Urtzi irudikatu zuen, eta orduan, eskutitza bidali izanaren damua etorri zitzaion. Une horretan beretan, berotasun lotsagarri bat igo zitzaion erraietatik bururaino, bihotzetik pasatuz eta masailak gorrituz batera. Bere ekintzaren lotsaz beterik zegoen, eta denboraren lorratza desagertu zitzaion. Espazioaz ere ez zen ohartzen, ez zekien non aurkitzen zen eta zoratu beharrean sentitu zelarik lurrean eseri zen kolpean. Berotasun itogarria ez zitzaion gainetik kentzen hala ere, eta abuztuko egun sargori hura jasangaitza egiten zitzaion; baina ez zuen ur egarririk, ezta gogorik ere afaria prestatzeko. Denbora galdua espazio hutsal batean. Bien bitartean kanpoan giroa iluntzen ari zuen, eta Aneri gaua zetorkion gainera. Halere gauak ez zuen Ane freskatzen, eta beroak gorputz osoa hartzen zion. Izerdi itsaskorrak logalea kentzen zion, ametsetatik aldentzen. Anek eserita lurrean itxaroten zion egonari...

Eta konturatu gabe egunak bere lehen argi printzak erakutsi zizkion leihoko zirrikituetatik, pertsianak leihoari uzten zion neurrian. Uda hura estugarria zitzaion Aneri, eta zintzurra estutzen zion larritasun bat zeukan barruan:

— Zergatik idatzi ote diot ezezagun bati maitasun eskutitz bat? — behin eta berriz errepikarazten zion bere buruari galdera berbera, zoragarria gaixotzeraino.

Zorabiatu egin zen denbora galdu itsaskorrean. Minutuak aurrera zihoazen denbora galdu inkontziente horretan, eta ur fresko zartada bat bailitzan sumatu zuen ingurune sargori hartan bat-batean bere barnetik kanpora ahots bat entzun zuenean:

— Ane? —ernatu egin zen. Bat-bateko inkontzientziatik kontzientziarako jauzia egin zuen, eta bere egoera tamalgarritik edo bere zorabiotik jaiki zen. Ozta-ozta orekatu zen zutik eta ispiluaren aurrean finkatu zen nola edo hala.