Euskonews Gaztea
Gaiak: Aimar Olaizola
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Aimar Olaizola 1979ko azaroaren 13an Goizuetan (Nafarroa) jaiotako gaztea dugu. Pilotaria txikitatik, palmares ikusgarria lortu du kirol munduan. Olaizola II.a bezala ezagutua, gazte askorentzako erreferentea da eta jarraitzaile mordoa ditu. Hala, berak jokatzen duenean frontoiak lepo betetzen dira. Argazkia: Ruben Plaza.
Bere azken garaipena 2007ko ekainaren 17an lortu zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Buruz buruko txapela lortu zuen orduan bigarrenez Abel Barriolaren aurka.
Lekunberriko pilotalekuan estreinatu zen profesional bezala, baina aurretik ibilbidea zuen mundu horretan gazte nafarrak. Elgetako 4 1/2 ko lehiaketako txapelduna izan zen 1995. urtean. Urtebete beranduago, gazte mailako El Diario Vasco txapelketan nagusitu zen. 1998. urtean bi titulu irabazi zituen: alde batetik Nafarroako binakako txapelduna, eta bestetik, Espainiako 20 urtez azpikoetako banakako txapelduna izan zen. Hori guztia, amateurretan lortu zuen.
Profesional gisa 1998ko apirilaren 12an aritu zen estreinakoz. 1999an Bigarren mailako banakako txapelduna izan zen; 2002, 2004 eta 2005ean 4 1/2koa; 2005ean Nafarroako txapelduna eta baita banakakoa ere. Aipatu bezala, azken garaipena 2007ko ekainean izan zen, Buruz burukoa irabazi du eta. Baina guztia ez dira garaipenak izan,eta txapeldunorde ere izan zen, 2003an Binakakoan, eta 2003 eta 2006an berriz, Banakakoan.
2003an lesio larri bat izan zuen eskuineko besoan eta asko izan dira indarra galdu duela ziurtatu dutenak. Hala ere, azken garaipenarekin aho asko eta asko itxi ditu eta oraindik gailurrean egoteko gai dela erakutsi du goizuetarrak.