Xiberoko Botza Orai Xiberoko Botza Orai * Allende Etchart Saioak 1999an Xiberoko Botza Irratian egunero 16 orduko programa zabaltzen da. Astelehenetik neskenegunera programa hasten da 6,30etan hurbileko programekin: berrien tituluak, aroa, salerospenak, herrietako berriak, etab. 7,30tan berri saila eta 9,30tako kultur emanaldia eginak dira euskal irratien (XB + Gure Irratia+ Irulegi Irratia) elkarlanari esker. Euskal Irratiekin jarraitzen da 12,30ko berri sailean, arrestiriko musika animazioan eta 18,30eko berri sailean. Horrela Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako Informazio orokorra zabaltzen da Xiberoko Botzean. Igandetan Euskal Irratien programa errepikatzen da. Arratsaldetan laguntzaileek egin programa zenbait frantsesez hedatzen dira baita hizkuntza horretako elkarrizketak ere; Programetan, %90a euskarazkoa da. Kudeaketa Irratian bost langile dira eta hogeita hamar laguntzailekin eramaiten dituzte eginbeharrak. Kudeaketa eta jabetza "XiberokoBotza" elkartearen gain dira eta bere egituretan (Biltzar nagusia, Administrazio Kontseilua eta bulegoa) erabakitzen ditu irrati xedeak eta langileen lan moldeak. Diru iturrietarat helarazten ditu galderak (Ministeritza, Departamendua eta Herriko Etxeak, hots, %50) eta herrikoi diru bilketak antolatzen (suskripzioak, festak, eta etxez etxe egindako kanpainak). Udan etxez etxe ibiltzen dira laguntzaileak Xiberoako euskaldun eskualde gehienetan eta emaitza ederra biltzen da. Historia Xiberoko Botzak1982 agorrilaren 4an egin zuen lehen emanaldia Irabarneko jauregitik, eta 1985ean estudioak jarri ziren Mauleko plazan. Hastapen batean euskaltzale eta ezkertiarrek eraiki zuten irrati librearen xedez, orduan monopolioa zuten Sud Ouest, Miroir eta Radio France irratien bazterketa gainditzeko. Hortakoz ere irekia zen hizkuntza aldetik: euskaraz egitea lehentasuna zuen euskaldunentzako. Euskara ez zekiten laguntzaileentzako, berriz, irekia zen. 1986an Mendililia Irratia hasi zen Xiberoko Botzean parte hartzen ez zutenen eskutik.Geroztik arazorik gabeko xiberoko berri eta euskal musikak hedatzen ditu Mendililiak. Aldiz, ikastola berri, AEKk, CGT sindikatuak eta beste hainbat borroka eramaten duten taldeak Xiberoko Botza dute hedabide garrantzitsuena. Xiberoan zer? Bizibaldintzak. Euskal Herriko ekialdean, Biarno eskualdearen muga egiten duen probintzian, bi ekonomia mota zeuden mende honetan: laborantza eta industria, batik bat Maulen. Ildo horretatik, aipatu, laborantzan, toki eskasiaz eta industrian, lan baldintza okerrez alde egiteko, ihes bidea hartu zuela Xiberotar saldo handia. Bi sektore horietan, gainbehera handia izan da, eta orain hiru herenetan banatzen da ekonomia: laborantza, industria eta zerbitzuak. Gazte anitzek ikasketak kanpoan egin behar izaten dituzte eta gero hemen lan egiteko aukera gutxi dute. Beste aldetik, hiritar jubilatuek hain gustuko duten herri honetan toki guti uzten dute gazteentzako, bai lurra erosteko eta baita egoitzako aurkitzeko ere. Euskal nortasuna Xiberoak bere izaera berezia landu du mendeetan zehar. Orain ezagutzen ditugu maskarada, pastorala, dantza eta hizkuntz moldeak. "Folklorezaleek" egin ahalak egin dituzte mende honetan, beste euskal probintzietatik bereizteko ("manexak" erabilera da adibide ezagunena) eta horrek euskararen transmisioari kalte handia egin dio. Azken hogeita hamar urtetan sortu egiturek (ikastolak, gau eskolak, irratia, Ikas bi klaseak) bultzada handia eman dute gazteengan. Aldi berean, sorkuntza handia izan da kantugintzan (Guk, PP Berzaitz, P Serbielle, N Etxart, Altzukutarrak, eta beste hainbat koral eta pastoral kantari). Familiako transmisio eskasa dela eta, euskararen beherakada itzela da. Datuen arabera, 2010erako gazteen artean %10 bakarrik izango dira euskaldun. Ez dirudi, gainera, euskal egiturek hori orekatuko dutenik. Euskal nahia Euskaltzale egiturak Euskal Herriko egituretako partaide dira (AEK, Ikastola, Irratia, Aitzindairak) eta beste sektoreetan, dendariak, esaterako, Baionako komertzio eta Industria Ganbararenhautua egin dute, Pauekoa alde batera utziz. Politika mailan, aldiz, atzerapen handia agertzen da, bereziko orai Euskal Departamentuaz iritzia galdegina delarik Herrietako kontseilueei (jadanik 6 alde eta 6 kontra agertu dira eta beste 23k ez dute deus erraiten, nolabait kontrako iritzia ezin azalduz). Erran behar da politika sailean frantziar alderdiek pipiatuta dute Xiberoa; RPRk monopolioa lehen, orai UDF gora ari eta PSF hirietan nagusi, guztiak kontserbatzaile gogorrak, bereziki euskal gaietan. Paueko Kontseilu Orokorreko lehendakari den Francoise Bayrou en interesetan UDF guzia euskal departamenduaren kontra da eta horrek du esplikatzen herriko kontseiluen herabea. euskal Departamenduaren aldeko mobilizazioa oso dinamikoa da eta interes partidista batzuengatik xiberoako hautetsiek dinamika horretarik xiberoa aparte uzteko arrisku handia hartzen dute. Politikatik libro diren espazio zenbaitetan ikusten dira gauza baikorrak: aspalditik maskaradarik izan ez zen Idauze herrian berriz antolatu dituzte, esaterako. Gainera, AEK jarraitzen duten batzuek bultzaturik; Atarratzen ere dagun urtean maskaradak izanen direla jakinarazi dute (mende honetan ez dakit holakorik egin dutenez). Beraz, euskal nortasunari buruzko elementuak badira beti: iraupenerako itxaropena zutik dago oraino. Allende Etchart, Xiberoko Botza irratiko idazkaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.