37 Zenbakia 1999-06-11 / 1999-06-18

Media

Azkoitiko Parrokia sarean

ZUBIZARRETA, Iñigo

Azkoitiko Parrokia sarean Azkoitiko Parrokia sarean * Iñigo Zubizarreta Azkoitiko Parrokiak web orrialde bat jarri zuen iragan azaroan. Web orrialde hau, astero idatziz argitaratzen den aldizkari baten edizio elektronikotzat har daiteke. Gaur egun aldizkariaren edizio elektronikoaren edukia, idatzizko edizioak duen eduki berbera da. Aldizkari honek bi atal nagusi ditu. Alde batetik astean asteko irakurgaiak aipatzen dira eta gai zehatz bati buruz idazten da. Beste alde batetik, Parrokiaren inguruan izan diren azken gora beheren berri ematen da: Ezkontzak, bataioak, hiletak, hitzaldiak, organo kontzertuak,... Aurrerantzean edizio elektronikoari atal gehiago erantsi nahi dizkiogu. Parroki mailan dabiltzan talde guztiek beren txokoa izango dute. Horrela talde bakoitzak bere gora beheren berri eman ahal izango du, nork osatzen duten taldea, agin asmo dituzten gauzak etab. Aldi berean, aldizkariaren idatzizko edizioan argitaratu diren editorial guztien artxibo bat osatu nahi dugu, editorial guzti horiek web orrialdearen bidez, denen eskura egon daitezen. Internet: komunikabide bat gehiago Elizak era guztietako komunikabideak erabili ditu bere berriak emateko eta, orohar, Jesusen mezua zabaltzeko: Liburuak, aldizkariak, artikuluak egunkarietan, irrati eta telebista saioak (ETB ko Egi bidean, adibidez). Beraz, komunikabide guzti hauen erdian, internet beste komunikabide bat gehiago besterik ez dela deritzogu. Hala ere, oso komunikabide berezia dela ezin dugu ukatu. Gaur egun, oraindik, Internet askorentzat ezezaguna da, gazteak garelarik gehien erabiltzen dugunak. Gainera, munduko edozein txokotatik sar zaitezke, ez dago distantziarik. Ondorioz, Internet gure Parrokiarentzat bereziki erakargarria da, gazte jendearengana hurbiltzeko modu bat delako eta munduan zehar sakabanaturik dauden azkoitiarrek beren Parrokiko gorabeherak jaso ditzaketelako. Hala ere, Internetek duen beste alderdi on bat zera da: erabiltzaileak nahi duena bilatu eta irakurtzen duela. Web orrialdebat edukitzeak ez du esan nahi mundu guztiko milaka lagunek irakurtzen dutenik. Gure erronka da, web orrialde erakargarri bat egitea, kristau herriari zerbitzu bat ematea, eta azken batean, teknologia berri honi ahalik eta etekinik onena ateratzea Ebanjelioaren zerbitzurako. Horretarako ere balio behar du, zergatik ez. http:// Iñigo Zubizarreta, "Parrokiatik" aldizkari elektronikoaren arduraduna Copyright © Eusko Ikaskuntza