Teleaurkezle baten kontu txikiak Teleaurkezle baten kontu txikiak * Mikel Irizar Irudia tranposoa izaten da. Nor ez da harritu etxebarruan argazki bat egin eta etxebarru horrek askoz dotoreago ematen duela ikusita? Areago telebistan edo zineman. Pantailan agertzen diren pertsonetaz sortzen dugun irudia ez da bat etortzen benetakoarekin. Gero, irudizko pertsona horietako bat begien aurrean ikustea tokatzen zaigunean, orduan agertzen da okerra: Hau da dena? Altuago ematen zuen! Ez dut esango telebistan saio bat aurkeztea hutsaren hurrena denik. Baina bai lana nola egiten dugun ezagutzen ez duenarentzat benetan dena baino zailago ematen duela gure jardunak. Horregatik, altuago ematen duten horietako bat izatea suertatu zaidalako, teleaurkezleon kontu txiki batzuk azaldu nahi dizkizuet, gutaz duzuen irudia eta errealitatea baterago etor daitezen. Aurkezteko lana bi modu nagusitan egiten da telebistan. Lehiaketa, magazine, elkarrizketa edo mahainguruetan aurkezleak gidoitxo bat izaten du, batzuetan lerro bakan batzuk, eta horrekin gidatzen du saioa. Berez duen etorriak beteko du gidoiean falta dena. Aurkezle honek izaten du askatasun gehien, akatsak errazago barkatzen zaizkio, naturaltasunaren mesedetan. Informatiboetako aurkezleak irakurri egiten du. Kamarak berak pantaila bat du, eta han agertzen da aurkezleak esan behar duena. Teleprompter deitzen den tramankulu batek igortzen du testua, eta lankide batek pasatzen ditu lerroak aurkezleak irakurri ahala. Hemen aurkezlea lotuago dago eta, saioa zuzenean ez bada, irakurketa akatsik gabe egin arte errepikatu beharko du. Kasu honetan, aurkezlea izan daiteke gainera testuak prestatu dituena bakarrik nahiz taldelanean edo irakurle soila, idatzi dizkioten testuak esatera mugatzen dena. Niri dagokidanean, gaur egun Euskal Telebistan HITZARO saioa aurkezten dut euskarazkoan, eta bere bikia den LENGUA VIVA erdarazkoan. Informatiboa da, eta normalean platoan grabatzen dugu teleprompterraren laguntzaz. Nik sarrerak irakurtzenditut, denak segidan eta bideoak geroago ezartzen dira, postprodukzioan. Hau da, bideo baten ondoren esaten badut: "Ikusi dugunez, halako eta bestea..." gezurretan ari naiz, ez dut bideorik ikusi, oraindik editatu gabe ere egon daiteke. Testuak berriz lantaldeak prestatzen ditu eta nik estilo zuzenketatxo batzuk baizik ez ditut egiten, testua nireganatze aldera. Hainbatean behin, ordea, hilean behin edo kanpoan grabatzen dugu eta orduan kontuak asko aldatzen dira. Nire testuak aurrez idatzita egoten dira, baina buruz esan behar ditudanez birmoldatu egiten ditut, errazago gogoratu ahal izateko. Elkarrizketak edo tertuliak ere kanpoan egiten dira, eta hor ez dago gidoi itxirik, gai eta galdera posible batzuk baizik. Gonbidatuaren konplizitatea lortzea izaten da giltza. Duela gutxi, Guggenheim Museoan egin genuen saio berezi bat, eta gonbidatua Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea izan nuen. Ezaguna da telebistan agertzea ez duela oso gogoko eta, bestalde, iruditzen zitzaidan bizkaieraz egiten duten euskaldun askori bezala, kosta egiten zaiola bere euskara naturaltasunez erabiltzea batuaz ari den medio batean. Bizkaian bizi naiz, eta bizkaieraz dexente manejatzen naizela erakutsi nionean, lasaitu egin zen eta oso giro ona izan genuen elkarrizketan. Orain arte Idoia telebistan irribarretsu aritu den aldi bakarra izan da. Esango nuke nik aurkezten dudana bezalako saioak telebista publikoetan bakarrik direla posible. Gure saioak zehazki katearen bataz besteko audientziaren maila ematen du, baina telebista pribatu baten erizpideetan ez litzateke seguruenik kabituko. Hauen programazioa lehiakortasunak baldintzatzen du, eta badirudi gai sektorialak gure kasuan euskara normaltasunez jorratzea ez dela behar adina lehiakor. Beste kontu bat. ETBn agertzen naizen arren, ez naiz bertako langilea. ETBko saio asko etxez kanpoko produkzio enpresen bidez egiten dira. Telebistak produktorarekin hitzarmena sinatzen du saio baterako, eta hortik aurrera produktora da lantaldea sortueta saioa burutzen duena. Grabatzea gehienetan Miramonen egiten da, baina batzuetan azpiegitura ere produktorak berak jartzen du. Beraz, pantailan agertzen garelako erdi jefetzat hartzen gaituenak jakin beza aurkezle gehienak ETBren hornitzaile baten langileak besterik ez garela. Nire hastapenetaz bi hitz. Duela bederatzi urte hasi nintzen kamara aurrean jartzen, Arrasate Telebistan (ATBn). Herrikoa zen eta errazago ausartu ginen. Hori bai, han ez zegoen ez prompterrik eta ez prozesiorik. Sarritan, gidoirik ere ez! Horixe izan daiteke ikasteko modurik onena. Ze ez pentsa, ikasi egin behar da, ez da batere naturala kamararen begiari begira jarri eta lagun bati bezala hitzegitea. Horrela, ekinaren poderioz ofizioa ikasiz joan ginen eta ETBra saltoak hasi ziren: Anne Igartiburu, Jon Andueza, Aintzane Gardoki eta neu, Maider Egües, Unai Iparragirre, Itxaro Zubillaga... Eta atzetik datozenak! Amaitzeko, aurkezle posibleak animatzea besterik ez zait geratzen. Irudiaren gizartea nagusitzen ari da, eta kamararen aurrean manejatzeko gai denak bestela ere abantailak izango ditu. Eta gainera, ze arraio! gustatuz gero lan hau gustagarria da, batez ere etorria datorren une eta egunetan. A! Eta nire altuera metro bat eta hirurogeitamabi zentimetrotakoa da. Badaezpada... Mikel Irizar, Hitzaro saioko aurkezlea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.