399 Zenbakia 2007-06-15 / 2007-06-22
Erdi Aroko hiribildua da Argantzun eta Arabako probintziaren erdialdean dago. Nahiz eta herritar asko eta asko arabar sentitu, Burgoseko administrazioaren menpe bizi dira. Arrazoi historiko desberdinek eraman dute egoera horretara.
Trebiño konderriko herrixka honek bigarrenez ospatuko du Ikastolen aldeko jaia. Batez ere egoera ekonomikoak bultzatuta egingo dute igande honetan, ekainaren 17an, festa hori. Baina bigarren arrazoi batek ere bultzatzen ditu antolatzaileak horretara: euskaldun sentimendua adieraztea, hain zuzen ere.
Bigarrenez, Argantzun
Argantzuneko lehenengo Araba Euskaraz 2001ean ospatu zen. Ikastola sortzeko diru beharra zuten, izan ere, ordura arteko eskola publikoak ikasle faltagatik ateak itxi zituen betiko. Azkenean, 2003.urtean ireki zuten Argantzuneko Ikastola. Orain, beste eraikin bat egin eta horrek bultzatuta hartu zuten iaz Armentiako ikastolaren eskutik Araba Euskaraz antolatzeko txanda. Argantzon Ikastolako ikasle gaztetxoak. Argazkia: Araba Euskaraz
Ekaina hasieran aurkeztu zuten jaialdia ofizialki. Urtebeteko antolaketaren ondoren dena prest dute dagoeneko, eta geratzen diren bi egunak zerura begira igaroko dituzte protagonistek. Eguraldiak lagunduta jaialdia are hobea izango den arren, kaxkarrarekin ere euskaltzaleak bertara joatera animatzea espero dute Araba Euskaraz 2007ko antolatzaileek. Horregatik, esparru desberdinetan banatuta 6.000 automobil hartzeko aparkalekuak egokitu dituzte herriaren inguruan, eta 80 autobusentzako tokia ere egongo da. Bestalde, Renfek tren bereziak jarriko ditu iganderako. 26. Araba Euskaraz
1981. urteko irailaren 13an ospatu zen Gasteizen lehenengo Araba Euskaraz. Beraz, aurtengoa 26. jaia izango da. Nahiz eta gaur egun Arabako Ikastolen aldeko jaia ekainean ospatu, orain arte lehenengo urteetan urrian egin zen eta noizbait uztailean ere suertatu da. 90. hamarkadako lehenengo urtean hasi zen ekainean antolatzen eta ordutik halaxe jarraitu du. Igandean Trebiño aldean elkartuko dira berriro ere euskaltzaleak.
Beraz, animatu, gerturatu Argantzuneraino eta kilometro gutxitan topa ditzakezun ekimenetan parte hartu!! Antolatzaileek eta bertako gazteek eskertuko dute eta!