395 Zenbakia 2007-05-18 / 2007-05-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ikastolen Aldeko Jaien Historia

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Ikastolen aldeko jaiak Euskal Herriko lurralde guztietan ospatzen dira eta Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats bezala dira ezagun. Milaka eta milaka lagun batzen dira ikastolen alde, eta orokorrean, euskararen aldeko jaietan. Ibilaldia Lehen Kilometrotako kartela.

70eko hamarkadaraino egin beharko genuke salto lehenengo aldiz Ibilaldiaren berri izateko. Getxon izan zen, 1978. urtean hain zuzen ere; baina 1980an bihurtu zen Bizkaiko jai hori urteroko hitzordu. Udaberrian ospatu zen, eta euskaltzaleek Durango-Abadiño izan zuten jomuga orduan.

Hainbat eta hainbat herritako ikastolei lagundu zaie ordutik Ibilaldiaren bidez: Bilbo, Portugalete, Lekeitio, Zornotza, Elorrio eta Mungia izan dira, besteak beste, euskara maite dutenen laguntasuna jaso duten udalerriak. Kilometroak

1977ko urriaren 16an Beasain eta Lazkao artean ospatu zen lehenengo Kilometroak jaialdia Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen eskutik. Erantzun bikaina izan zuen eta ordutik Gipuzkoan ere, ez dute hutsik egin ikastolei laguntzeko jaietan. Herri askotatik pasatu ondoren, aurtengo urrian Bergaran bilduko dira Aranzadi Ikastolak antolatutako festan parte hartzeko. Nafarroa Oinez

Vianan ospatuko da aurtengo Nafarroa Oinez jaia. Giltza Daukagu lemapean egingo dute eta Erentzun Ikastola arduratuko da antolaketaz. Hogeita seigarren aldiz elkartuko dira Nafarroako ikastolen alde egiteko; lehenengoa 1981ko urrian izan zen, Altsasun. Araba Euskaraz

Arabako festa Araba Euskaraz bezala da ezaguna eta lehenengo aldiz 1981. urteko irailaren 13an ospatu zen Gasteizen. Aurten berriz, Argantzunen egingo dute, Trebiñoko konderriko herri txikian, Gasteiztik 18 kilometrotara. Gaztela-Leongo administrazioaren menpe dagoen euskal lurralde honetan 26. Araba Euskaraz egingo dute.

Orain ekainean egiten den arren ez da hasieratik horrela izan. Lehenengo urteetan urrian egin zen eta noizbait uztailean ere suertatu da. Hala ere, 1990.urtetik ekainean ospatu ohi dute jaialdia. Herri Urrats

Iparralde izan zen horrelako jai bat egiten hasi ziren azkenak. 1984. urtean hegoaldeko ikastolek antolatzen zituzten festen eredua segituz Herri Urrats sortu zen, eta ordutik Senperen elkartu izan dira euskaltzaleak beraien laguntza eskaintzeko. Seaskako guraso batzuek euskararen eta ikastolen alde lan egiteko sortu zuten festa.

Euskararen aldeko sentimenduak batuta ospatzen dira aipatutako bost jaialdiak; musika, ikuskizunak, naturarekiko lotura, janari eta edariak... nagusi izaten dira. Eta halaxe jarraituko dute Ikastolek denon laguntza behar duten bitartean.