Euskonews Gaztea
Gaiak: Aretxabaletako zenbait jai
FERNANDEZ, Maialen MONTERO, Sara
DBH 3. mailako ikasleak (Prentsa tailerra)
Santa Ageda mutilak urte horretan 19 urte beteko dituzten herriko mutilak izaten dira. Santa Ageda bezperatik aratustetako domekara arte dabiltza baserriz baserri, kalez kale dantzan eta kantuan.
Lehen baserritarrak zirenak, baserriz baserri aritzen ziren soilik. Kaletarrak zirenak, baserrietara joateaz gain, kalean ere kantuan aritzen ziren. Hitzak eta baita dantzako agurra ere aldatu egin dira denborarekin, Gipuzkoako eran egitera pasa zen.Horretaz gain, lehen, Santa Ageda egunean jertse gorria eraman beharrean txaketa eramaten zuten.Urteko kintoekin batera, aurreko kintako gazteenek eta hurrengo kintako zaharrenek parte hartzen dute.
Santa Ageda bezpera
Santa Ageda bezperan, herriko baserri guztietatik diru eta jaki eske kantuan pasatzen dira, guztiak trikitixaz lagunduta. Egun honetan, Santa Ageda mutilak, herriko plazan elkartzen dira goizeko 6:30etan eta hiru etxafuego jaurtitzen dituzte irteera markatzeko. Guztiak baserritar jantzita joaten dira, hau da: marradun edo mahoizko prakak, alkandora txuria, laukidun blusa edo blusa beltza, abarkak, galtzerdi zuriak, gerriko beltza, koadrodun zapia, txapela beltza eta makila.
Goizean Arkarazoraino egingo dute. Bazkal ostean, falta diren baserriak egin behar izaten dituzte. Herriko baserriren batean gabonak eta Santa Ageda eguna bitartean norbait hil baldin bada, bertako ugazabei Santa Ageda kantua abestea edo errezatzea nahi duten galdetu behar izaten diete.
Auzoz auzo dabiltzala, hurrengo auzora gerturatzen ari direla jakinarazteko suziriak botatzen dituzte. Egun honetan jasotako jakiak sobratuz gero, zaharren egoitzara eramaten dituzte. Kinto denak batera.
Santa Ageda eguna
Goizeko 8.30etan biltzen dira herriko plazan eta hiru etxafuego botata egunari hasiera ematen diote.Egun horretatik aurrera, herriko beste bi mutikok ere parte hartzen dute ohitura honetan. Kalean aritzen dira kantu kantari eskean. Baina egun horretan dantzari jantzita ibiltzen dira: alpargata eta galtzerdi zuriak, jertse eta txapela gorriak,txaketa iluna eta lepoan koloretako zapi bat.Bezperan legez, trikitixa edo soinuaz lagunduta aritzen dira.
Goizean zehar, etxez etxe eskean ibiltzen dira, bazkaldu eta arratsalde partean ordea, denda eta tabernetan. Lantegietako irteerak ere kontuan izaten dituzte,eskean eta kantuan aritzeko.Gure ikastetxera ere etortzen dira giroa pixka bat animatzera.
Domekero
Santa Ageda egunetik eta aratusteko domeka bitarteko domeka guztietan,herriko plazan Santa Ageda dantzak eskaintzen dituzte Santa Ageda mutilek.
Pagaldaixeneko kantoitik irten, Durana kalea zeharkatu eta Atalatalaikoan plazara joaten dira. Plazara heltzean, ahalik eta korru handiena egin eta arratsaldeko 7etan, elizako kanpaiekin batera, etxafleru bat jaurtita hasten da ekitaldia.
Lehenengo, korruko bi puntek (azkenekoak eta aurrenekoak) aurreskua egiten dute (desafixue). Baina, nahi izanez gero aipatutako punta hauek, domeka guztieetan aldatu egin daitezke. Jarraian, Santa Ageda mutil guztiek, banan-banan korruaren erdira irten eta banakoa egiten dute.
Banakoa amaitzean, puntakoek herriko bi neska aukeratu eta banan-banan agurra egiten diete. Ondoren borobilean eta eskumatik ezkerrera bueltaka jarraitzen dute neska bana aurkitu bitartean. Jiraka ari direnean, aurrenekoak eta azkenekoak zortzikoaren erritmo pausuak egiten dituzte hiru alditan. Biribilaren erdian fandango eta arin-arin dantzak egiten dituzte.Bukatzeko, guztientzat txokolatada bat egiten dute.
Hau guztia behar den bezala irteteko aurreko urtearen urrian hasten dira entseguak egiten. Gainera aurreko Santa Agedako koordinatzailearen laguntza izango dute. Urtero hautatzen da koordinatzaile bat ohitura aurrera joan dadin. Txino dantza (aratusteak) 2007ko Aretxabaletako kintoak
Aretxabaletan sortutako dantza da hau. Gerrate zibilaren ondoren denbora batez galduta egon zen arren, 1975 urtean berreskuratu zen. Berpizte honetan doinua eta jantziak errespetatu egin ziren, ez ordea abestiaren hitzak. Dantza honek honako janzkera eskatzen du :soinean, ehunezko tunika zuria (lehenagoko erako kamisoia), burua aitzinako kapela edota korapilatutako zapiarekin estalita eta oinetan lehenagoko moduko oinetako (albarkak,alpargatak..)eta galtzerdi ezberdinak. Aurpegia ikatzarekin zikinduta eraman izan da.
Dantza hau Santa Ageda batzen ibilitako neska-mutilek egiten dute aratusteko domekan, eguerdiko ordu batean hain juxtu. Zenbait arrazoik bultzatuta, 2002.urtetik aurrera 12:30ean egitera pasatu da. Esan beharra dago neskak 1998an hasi zirela dantza honetan parte hartzen.
Hamabi pertsonek osatutako taldeak udaletxetik irten, kale goian buelta eman eta errota zaharrera(orain osasun zentroa dagoen lekura) itzuli , hau da,udaletxetik irten Durana kaletik joan, Milarte kaleko botikan buelta eman eta leku beretik itzuliaz, hasitako leku berean amaitzen dute.
Dantzariak txistulari-banda oso batek laguntzen ditu. Dantza hau eginez, ondorengo abesti hau abesten dute dantzariek:
TXIN TXIN, TXIN TXIN MAHATSA HELDU GABE DAGO TXIN TXIN,TXIN TXIN BAINA HELDUKO DA
TXIBIRITO TA ANDREA JOAN ZIREN JATERA TXIBIRITO HASERRETU TA BOTA ZUN LAPIKU
Jaiari bukaera emateko, aratustetako martitzenean 1987. urteaz geroztik, txinoaren hileta egiten da. Gaueko 10.30ak inguruan,Mitarte kalean elkartzen dira, lutuz jantzita eta eskutan kandela banarekin.