388 Zenbakia 2007-03-30 / 2007-04-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Immigrazioaren egoera Bizkaiko hiriburuan

AGIRREZABAL, Gorka ARTETA, Joseba ELORRIAGA, Aitor JOARISTI, Unai MUJIKA, Ibai

1.Batxilergoko ikasleak



Bilboko biztanleriaren %5,6 etorkina da gaur egun. Azken hamar urteotan etengabe igo da kopuru hau. Esaterako, 1996an Espainiar estatutik kanpo jaiotako Bilboko biztanleak mila baino gitxiago ziran. Bilboko Udalak 2005ean egin eban demografia ikerketaren arabera, kopuru hori hogei bider haundiagotu da. Orain dala 50 urte Bilbora etortzen ziran etorkinak penintsulatik etortzen ziran, gehienak Castilla aldetik. Bilbo 1940. urtean , industria hiri ospetsu bilakatu zan eta Bilbo Handian lanpostu asko sortu ziran. Horregaitik, 50eko hamarkadan, Bilboko biztanleria asko handitu zan. Esan beharra dago, orain Bilbora heltzen diran etorkin gehienak lanpostu on bat aurkitzeko asmoz etortzen direla baina guk gura ez doguzan lanpostuak, txarrak eta baztertuak hartzen dabezala, asko eta asko ahalegin honetan hil egiten diralarik. Hala ere, badagoz beste batzuk, drogak salduz ateratzen dabenak dirua, era ilegalean.

Orokorrean Bilbo osoan zehar hedatu dira etorkinak. Dana dala, erdiguneko auzo batzuetan sakabanatu dira. Adibidez, Ibaiondon, Abandon eta Uribarrin. Ibai ondoko kasua da aipagarriena, bertako San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetan etorkinen kopurua, biztanleriaren %16 eta %22ra iristen baita. Bilboko Udalak auzo honetan egin eban ikerketa, ustez, etorkin kopuru gehiena eban auzoa zalako. Hona hemen datuak:

Etorkin gehien daben auzoak Etorkin gitxien daben auzoak · San Frantzisko: %22,26 Otxarkoaga: %2,60 · Bilbo Zaharra: %16,14 Txurdinaga: %2,60 · Zazpikaleak: %10,55 Zorrotza: %3,31 · Arangoiti: %7,95 Begoña: %3,69 · Zabala: %7,44 Santutxu: %3,86

Etorkinen etorrera handi hau ondo eroateko Bilboko Udalak proiektu barri bat kaleratu dau, etorkinak, bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta gizartean barneratu daitezan. Inmigrazioa, gure ustez, era naturalean hartu behar dogu, etorkinak ulertuz eta errespetatuz. Hala ere, fenomeno honek antolakuntza izan behar dauanez, proiektu honek baldintza honeek betetzen dauzalakoan gagoz.

Programa honek, aniztasun kulturala eta kultur-artekotasun ideiak bultzatuko dauz, honek dakarren tolerantzia maila altuagaz. Egoera kolektiboa gizartaratzeaz gain, norberaren garapenean be proiektu zehatzak sortuko dauz, etorkin bakoitzaren egoera (hau da, pertsona baten egoera sozial, ekonomiko eta politikoa) hobetzeko helburuagaz. Gure ustez, etorkinei, ahal dan neurrian, gainerako biztanleentzat egokitzat jotzen diran zerbitzu eta aukera berak eskaini behar jakez, ez dira gu bezalako pertsonak, ala? Beste herrialde batzuetakoak dirala eta, baztertu egin behar doguz? Geu be, euskaldunok, behin baino gehiagotan joan izan gara kanpora lan bila, hemen egoan egoera ez zan egokiena eta. Sarritan hona datozanak lana kenduko deuskuela edo guk doguzan aukerak eurekaz banandu egin beharko doguzala pentsatzen dogu. Baina hori ez da holan, bizitza honetan danontzat dago lekua eta alkarri lagunduz aurrera joan ahal izango gara. Etorkinak gizarteratzeko ahalegina egin behar dogulakoan gagoz, gainera integratzeko orduan eurek gure kulturaren barri izan beharko dabe. Gure herrietara heldu diran askok eta askok ikasi dabe gure hizkuntza, euskera. Badakigu Bilbo bezalako uri baten ez dala hain erraza baina laguntza eskaini eta borondateaz lortu daiteke, ezta?

Hausnarketa txiki bat egin ezkero, konturatuko gara hainbat arazo izaten dabezala hiri batera heltzen diranean. Agertutako estatistiketan irakurri daikegunez, etorkinen %80k ez dau etxebizitzarik aurkitzen bakarrik joan ezkero, guk geuk ez baitogu konfidantzarik gure herrikoak ez diranengan. Orain, bertako lagun edo erakunderen bateko partaideren bategaz joan ezkero ateak zabaltzen deutseguz. Zer dala eta emoten da hau? Behin baino gehiagotan irakurri ahal izan dogu inmobiliaren bateko erakusleihoan “atzerritarrak izan ezik”. Trabak ugari izaten dira: lanik eza, seme- alabak dabezala…Badago eskubiderik honetarako? Pisuzko arrazoiak ete dira honeek? Bertako bati be baldintza bardinak jartzen jakoz? Ez dakigu, ba.