387 Zenbakia 2007-03-23 / 2007-03-30
Gasteiz bezalako herri txiki honetan -210.000 biztanle- nagusi dira ingurumenari errespetua, gune berdeak, bertakotze programak, partekatze soziala edota eraikitako ondarearen berreskurapena, besteak beste. Duela gutxi, gasteiztarrek “La carta de Aalborg” edo Aalborgeko konpromisoak sinatu zuten; honek udal-aurrekontuaren %12a gizarte arloko egitarauetara bideratzen du. Alde Zaharreko irudiak.
Aipatzekoa da, halaber, biztanleko 14m2 gune berde eta bi bizilaguneko zuhaitz bat duen hiria dela, baina alde zaharra birgaitzeko eraiki den politika kontuan izanda, gainera, hiri honetako klase marjinatu gehiena gune honetan dago. Baina ezin dugu ahaztu, alde zaharrean dagoen jatetxetariko bat Gasteizen dagoen jatetxerik ospetsuena dela, “El Portalon” deritzona hain zuzen ere.
Proiektu honi gutxi gorabehera 1979an eman zitzaion hasiera eta 1995an eten egin bazen ere, gaur egun proiektuak martxan dihardu indarberrituta.
Laurogeigarren hamarkadan alde zaharrak XV. eta XIX. mendeen artean eraikitako etxeak eta itxura mantentzen bazituen ere, izugarrizko beharra ikusi zen hura berritzeko, birgaitzeko hain zuzen.
Alde batetik, oso inguru degradatua zen, 100 etxeetatik 88k konpontzeko beharra baitzuten. Bestalde, bertako biztanleria guztiz zaharkitua zegoen eta bertan garatzen ziren hainbat jarduera gogaikarri -tabernak besteak beste- itxura guztiz marjinala ematen zioten alde zaharrari.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko zenbait puntutan indar bereziz egin da lan. Gainera, bertako mantentze lanez gain, bizilagun berriak erakarri dira. Etxeak erosteko eskaintza bereziak egin zaizkie 35 urtez beherakoei. Jarduera berriak sustatu dira, lehendik zaudenak baztertu gabe. Gune publikoan ibilgailuen joan-etorriak murriztu, eraikin gehienak berritu eta aldi berean merkataritza sustatu egin da Gasteizko gune honetan.
Gaur egun, “Antena Social” izenekoaren laguntzaz %100eko beharrak betetzen ez direnez gero, oraindik benetan larriak bihurtu ez diren arazoak konpontzen saiatzen dira (berankor,atxilotuak...)
Aipatu beharra dago, egindako inbertsioa sekulakoa izan dela; 7.000 milioi pezeta izan baitira guztira proiektuak bideratutakoa; alde batetik Gasteizen egindako zabortegira zuzen-zuzen doazen edukiontzi berriak, eta batez ere orain bultzada handien duen faktorea arlo honetan turismoa eta honekin batera katedral zaharraren berrikuntzak direla medio, alde zaharreko aldapa okerrak igotzeko eskailera izan dira. Baina dirudienez, katedrala obretan eta irekita dagoen bitartean, turista kopurua ez da jaitsiko eta nahiz eta neurri txiki batean izan, inbertsioetan parte hartzen dute ordaintzen dutenarekin.
Ahaleginak merezi izan du; gaur egun alde zaharra baita Gasteizko ezaugarri aipagarri eta ospetsuenetariko bat.
Gainera aipamen moduan bakarrik baldin bada ere, esan beharrekoa da Gasteizek arlo desberdinetan jasandako aurrerapena. Hala nola, 40.000m2 ren oinezkoentzat egokitzea zentroan, 28km bidegorriren eraikuntza, 14.2m2 ko gune berde biztanleko, sei gizarte-etxeren eraikuntza, kanporatu sozialentzat etxe irekiak, arazo edo gabezia duten pertsonentzat bonotaxiak eta bonobusak, seinale akustikoen ezarpena autobus eta semaforoetan. Horietatik 6574 ekarpen publikoak izan dira.
Horien barruan, berehalako inbertsioak 2.700 milioi pezeta izan dira eta kapituluka banatuta, horrela banatu da inbertsio publikoen dirua. Ekipamenduentzako 2.727, etxebizitzen berriztapenerako 2.591, azpiegiturentzako 969, lokalen berriztapenerako 375, eta beste zenbait gehiago.