387 Zenbakia 2007-03-23 / 2007-03-30
Gasteizek, gainontzeko hiriburuen antzera, bilakaera sakona jasan du, ez da jada lehengo herrixka xumea. Gure hiria hedatu da norabide guztietan, eta biztanleriak gora egin du. 1950 urtetik hona zeharo aldatu da Gasteizen panoramika, hasieran langileen auzo deritzegun auzoen eraikitzearekin (azkar eraiki baziren ere, hiria aurrera atera zuen biztanleria gordetzen zuten); eta egun, diseinu eta dotoretasunez beteriko auzoen altxapenarekin. Zaramaga
Hiriaren bilakaeran garrantzi handiko auzoak aunitz izan dira, hala nola, Adurtza, Errekaleor, Aranbizkarra eta Zaramaga; azken hau langile auzo eredurik fidelena dugularik. 1950-1960 bitartean Gasteizko kutxak sustatuta eraikia, auzo honetako biztanle gehienak puri-purian zegoen industrian lan egin gura zuten etorkinak izan ziren, Zaramaga oso gertu baitzegoen Gasteizko inguru industrialetik. Zaramagako kale bat. Argazkia: Iker Txasko.
Auzo honen bilakaera murritza izan da urteetan zehar, eta aldaketarik nabarmenena Boulevard merkatal zentroa eraikitzeaz batera egin ziren lorategi eta kaleak dira. Zaramagako bihotzean futbol zelaia, frontoia eta Mercedarias ikastetxea aurkitzen ditugu, belaunaldi berrien adierazle. Askoren ustez Zaramaga da Gasteiz osoko auzo bakarra, izan ere, beste auzoetan nekez ikus daitezke oraindik haur eta gazteek osatutako lagun taldeak, edota auzoko biztanleak auzoko pilota eta futbol partiduak ikustera joatea.
Ezaugarri esanguratsuenetarikoa komertzio txikiaren jarraipena da, auzoko jendeak berak babesten baitu lehen arestian aipatutako Boulevard zentroaren aurrean. Langile xehearen aldeko sentimendua dago Zaramagan (aurrekoaren gauzatzaile), auzoaren historian erabateko eragina izan duena.
Aipatzekoak dira 1976ko Martxoaren 3ko gertaerak, non Manuel Fraga Iribarnek agindua, poliziak langile mugimendu bat zapaldu zuen, beharginen artean bost hildako utziz. Esan beharra dago, jazoera hauek alde batera utzi direla, eta ez dela inor zigortu ezta inori laguntzarik eman ere. Gasteizko hiri osoak ez du ahaztu, eta ez du barkatuko.
Gertaera hauen omenez enparantza bat dago auzoan barrena (Martxoak 3 enparantza), eta era berean, gune berde ugari topa daitezke (Laudio parkea, Iparraldeko parkea...) Zaramagako eraikin kaxkarren artean. Salburua Salburuako urmaela. Argazkia: Iker Txasko.
Zaramagatik gertu irudi guztiz kontrajarria topatzen dugu aireportu zaharra zenaren gainean, Salburua auzo berria (oraindik eraikitzen ari dena). Pixkanaka bizitzaz betetzen ari da, bizilagun berriekin, urbanizatutako kaleekin, komertzioekin, parke eta lorategiekin, hau guztia diseinu berri paregabearekin. Auzoa hedatuz eta haziz doan heinean, auzoaren diseinatzaileak ez dira ahantzi gorantz goratzeaz, eta honen erakusle dira beste eraikinen artean nagusitzen diren hamabost solairuko hamasei etxe-orratz, hainbat kilometrorako distantziatik ikus daitezkeenak.
Etorbide printzipalak zeharkatzen du Salburua, eta hau aldi berean Europako hiriburuen izenak (Paris, Londres) dituzten hiribide batzuek gurutzatzen dute. Etorbide printzipalaren bukaeran Salburuako berroa dago eta eskuinetara, Iru?erako bidean, zabor bilketa pneumatikoaren eraikin modernoa eta hainbat elkarri atxikitako etxebizitza topa ditzakegu. Handik gertu laster izango ditugu erostetxe handi batzuk bisitatuak izateko prest. Laburbilduz...
Salburuako modernitateari buruz ari gara, baina ezin dezakegu ahaztu, modernitatea ere Zaramagako auzora iritsi dela. Lehen “scalextric” irmo bat zegoen lekuan (bere garaian berebiziko garrantzia izan zuena), orain lurrazpiko bi pasabide daude. Halaber, SIDENOR burdinola zegoen tokian, penintsula iparraldeko merkatal zentrorik garrantzitsuena altxatu da (lehen aipatutako Boulevard-a).
Ongi antzeman daiteke beraz, garapenak modernitatearekin elkarlanean, batzuetan tradizioaren aurka bada ere, hiriak hobe beharrez eraldatzen dituela, hala ere, guztien gogora egitea da gauza nekea, eta norberak izango du gustukoen oraingo edo orain dela 50 urteko Gasteiz hura, baina norberak bere hiriaren alde egitea da zereginik garrantzitsuena.