388 Zenbakia 2007-03-30 / 2007-04-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Garraiobideak Bilbon

HERAS, Arkaitz LARRUMBIDE, Iratxe RUIZ, Sandra SEARA, Janire URBANEJA, Asier URKIDI, Iker

1. Batxilergoko ikasleak



Azkenengo ehun urte hauetan garraiobideen mundua asko aldatu da, gure onerako, jakina. Aldaketa hauek, gure hiriko turismoa hobetzeko eta biztanleoi erosotasunak emateko egin dira.

Hainbat eraldaketa egon dira bai itxurari, bai erabilerari baita prezioei begira ere. Esaterako, itxurari begira gaur egun modernoagoak dira eta estilo garaikideagoa izaten dute; prezioek gora egin dute eta erabiltzeko arrazoiak ere ezberdinak dira.

Erabilerari dagokionez, aldaketa nabarmenak egon dira, hasteko norberaren garraioa erabili beharrean publikoa erabiltzen da gehienbat. Hau guztiau onuragarria da bai gure ingurumena zaintzen dugulako baita dirua aurrezten dugulako ere. Dena dela, esan beharra dago oraindik arlo horretan lan handia dugula egiteko, guztiok ez baitugu ardura bera izaten.

Antzina Bilbon, funikularra familiak Artxandara igo zitezen erabiltzen zen eguna familian pasatzeko. Gaur egun, ordea, beste erabilera batzuk ditu hala nola, futbolean jolastera joateko edo bertara lagunekin joateko barbakoa bat egitera...

Tranbia, aitzitik, ez da gaur egungo garraioa Bilbon, orain dela hainbat urte beste era bateko tranbiak zeuden; baina kendu egin zituzten eta orain dela lau urte berriro jarri zuten. Atxuritik Basurtora doan garraioa da, Bilboko lekurik politenak eta famatuenak erakusten dizkigu bere ibilbidean zehar.

Metroa ez da betidanik egon den garraiobidea eta hasieran inork ez zuen ezer ere ematen garraiobide honengatik, gaur egun lanera joateko asko erabiltzen den garraio arinenetarikoa da, hainbat geltoki eta ibilbide dituelako. Gero eta gehiago hedatzen ari da, esaterako zabaldutako azken geltokia Portugaletekoa izan da eta hemendik Santurtzirantz doana izango da hurrengoa.

Beste kontu bat prezioarena da. Nola erabiliko ditugu prezioak gorantz egiten badu? Autobusari dagokionez, 0,53 zentimo ordaindu behar dugu kreditransarekin ordaintzen badugu eta diruaz ordainduz gero, 1,15 euro ordaindu behar dira. Metroa pixka bat garestiagoa da, kreditransarekin 0,63 euro inguru kostatzen da eta diruarekin, joateko baino ez den txartel batengatik euro bat ordaindu behar dugu eta joan- etorrirako den txartelagatik 1,5 euro gutxi gorabehera. Tranbian bidaiatzeko 0,63 euro ordaindu behar dira kreditransarekin eta diruarekin euro bat txartel bakoitzeko. Gazteontzat badaude txartel bereziak, halere, garestiak!

Aldaketa nabarmena gauetakoa da, zerbitzu gehiago dago, batez ere asteburuetan autobusek metroek...luzaroago baitiraute. Gaueko autobusei gautxori deitzen zaie Bilbon. Hauek badute arazotxo bat: kreditransarekin baino ezin duzu ordaindu, beraz, kreditransik ez baduzu ezin zara gautxorian sartu eta txarrena da bertan ezin duzula kreditransik erosi, hortaz, sartu gabe geratuko zara.

Nahiz eta garraiobideen prezioak merkeak ez izan hainbat eskaintza daude adina,denbora edota pertsona bakoitzaren soldata kontuan hartuta. Adibidez, emakume batek bere semea edota alaba aurrera bakarrik atera behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzak edota Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzak eskainiko dizkio, esaterako, txartel arrosa; honek autobusik ez ordaintzeko balio du eta soldatari begira ematen zaie zenbait pertsonei. Txartel honek ez du beti autobusean ordaindu barik sartzeko balio, ordu batzuetan zerbait ordaindu behar da baina 0,53 izan beharrean 0,25 ordainduz.

Garraiobideak hedatzen ari dira, biztanleoi hirian zehar hobeto eta arinago ibiltzeko ez ezik, baita hazten ari den turismoak erraztasun handiagoak izateko ere. Adibide bat da orain dela gutxi jarri duten autobus gorria edo turismo autobusa; Londresen hasi ziren mota honetako autobusak erabiltzen. Bilbokoek ideia hori kopiatu eta autobus horiek jarri zituzten. Aipagarria da Bilboko metroak Europa osoan zehar duen izena, duen txukuntasunagatik. Arrazoi hau dela eta, hainbat sari lortu ditu gure metroak, txukuntasunaz aparte beste hainbat azpiegitura eskaintzen dizkigu, hala nola, eskailera mekanikoak, igogailuak, hainbat irteera metro irteera bakoitzeko, sarrera modernoak “fosterito” deituak... honengatik guztiagatik esan dezakegu lur azpian beste modu bateko mundu garaikide bat dagoela, teknologiaz eta erosotasunez betea.