388 Zenbakia 2007-03-30 / 2007-04-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bilboko gazteriaren aisialdi moduen aldaketa

FERNANDEZ, Patricia GALEÁN, Cristian LÓPEZ, Olatz MARTIN, Zuriñe PINTADO, Joana

1.Batxilergoko ikasleak



Guztiok dakigunez, gazteon olgeta modua zeharo aldatu da urte batzuetatik hona. Orain dela 100 urte gazteek ia-ia ez zeukaten astirik nahi zituzten gauzak egiteko, etxeko lanetan lagundu behar zutelako edota baserrietan abereekin lan egin, garai hartan, Bilbon baserri asko baitzeuden. Urteak igaro ahala, 60ko hamarkadan gazteek denbora librea pasatzeko hainbat aukera zituzten. Bilbo garatzen joan zen, zeuden baserriak desagertzen joan ziren eta hiri garatu bihurtu zen. Gazteentzat hainbat leku eraiki zituzten, baina gazteen aisialdi gune nagusiak dantzalekuak izaten ziren. Gaur egun, ostera, gazteok beste aisialdi modu bat aurkitu dugu; “boteiloia” egitearena. Boteiloia azken urteotan sortutako eta gazteon artean arazo larri bihurtu den ekintza da. Orain dela 100 urte libertimendu modu hau ez zen existitzen.

Guraso askok diotenez, gazteon artean dagoen alkoholaren kontsumoa arazoa larria da. Askotan entzun diegu gurasoei lehen orain edaten den laurdena edaten zela. Haien aburuz, gazteok lehen baino gauza gutxiago ditugu ondo pasatzeko. Guraso batzuek diotenez, atso- agureentzako hainbat leku eraikitzen dituzte, baina gazteentzako ez. Jakin badakigu gure gizartea zahartzen ari dela eta helduek ere euren lekua behar dutela, baina, gu gazteok non geratzen gara? Geu gara etorkizuna eta geu ere une honetan kontuan hartu behar gaituzte, ezta?

Edan baino ez dugula egiten leporatzen digute baina beste ekintza batzuk ere burutzen ditugu. Dena dela, Bilbon, inguruko beste herrietan bezala, edatearen ekintza hau asko nabarmendu da. Euskal Autonomi Erkidegoa omen da alkohola edaten duen gazteriaren portzentajerik handiena duena.

Bilboko 15 eta 25 urte bitarteko gazteriaren erdiak, 35.000ek gutxi gorabehera, boteiloia egin dugu noizbait eta 7.500 gaztek astebururo egiten duela onartzen du. Normalean, gazteoi zergatik edaten dugun galdetzean, erantzun ohikoena besteek egiten dutelako egiten dugula esatea da. Bestalde, diruaren kontua dago. Tabernetan kubata batek sei euro balio ditu baina guk sei euroko botila batekin hainbat kubata atera daitezkeela badakigu.

Bilboko Udala boteiloiaren egoera aztertzeko batzartu egin zen. Ez zegoela konponbide errazik esan zuten, gero eta gazte gehiago garelako boteiloia egiten dugunok. Asko eta asko Bilboko Alde Zaharrean batzen gara. Udalaren ustez, kalean edaten dugun pertsona gehienok tabernetan erositako edariak edaten ditugu. Hala eta guztiz ere, bi egoera hauek asko haserretzen dute kale horietan bizi den jendea, batez ere sortzen diren iskanbila eta zaborrengatik. Horregatik, Alde Zaharreko ehun auzokide baino gehiago Udalari kexaka joan zitzaizkion gai honi buruzko haien adostasun eza adierazteko nahian, beraien kaleetan sortzen den garbitasun ezari, zaratari eta iskanbilei irtenbidea aurkitzeko. Gainera, auzokideak ez ezik, ostalariak eta gurasoak ere larritzen ditu arazo honek. Hau dela eta, Bilboko Udalak gazteon dibertitzeko modua aldatu nahi du, honen ustez, ezin direlako ezer ere egin gabe gelditu Bilbon milaka gaztek ekintza ez osasuntsuak egiten ditugun bitartean.

Horretarako lege batzuk ezartzea pentsatu du Udalak. 2006ko urriaren 30ean, hirian boteiloia kaleetan egitea debekatzen zuen arautegia ezarri zuen. Batzuk itxarondako eta beste batzuek gorrotatzen duten boteiloiaren arautegi hau hiritarren nahiak betetzen saiatuko da. Arau hauen arabera, kaleetan tabernetatik ez datozen alkoholdun edariak edaten ari diren pertsonak salatuak izango dira eta isunak 750€ - 3000€ bitartekoak izango dira.

Isun arinenak 750€koak izango dira, hau da, kalean edaten ikusten dituzten gazteentzat; 1500€koak izango dira hiritarrak irainduz gero eta 3000€koak ertzainei eraso egiten badie. 18 urte baino gutxiagoko gazteak badira edaten ari direnak, gurasoak izango dira isunak ordaintzeko arduradunak.

Udalak ertzainak eta garbitasun zerbitzuak jarriko ditu batez ere Alde Zaharreko kale batzuetan, adibidez, Iturribide, Fika eta Unamuno plazan. Garbitasun zerbitzuak eta ertzainak komunikatuta egongo dira, ertzainek zerbait garbitu behar dela esatean besteak berehala joateko garbitzera, ez dute egunsentira arte itxarongo kaleak garbitzeko, orain arte egin den moduan.

Herrietan boteiloia egiten duten pertsonak dena garbi uzteko arduratzen dira, baina Bilbon, inork ez dituenez ezagutzen, edozein ataritan edo ertzetan uzten dute zaborra, inolako ardurarik gabe. Gainera, 18 urte baino gutxiagoko gazteoi alkohola saltzen diguten dendei ere isunak jarriko dizkiete. Baina ostalariek dioten bezala, haiek ez digute alkoholik saltzen 18 urte baino gutxiagoko gazteoi, baina alboko supermerkatuetan edo edozein txinatar dendatan eros daiteke.

Hala ere, haiek pentsatzen dutenez, nahiz eta ertzainak segurtasuna bermatu eta garbitasun zerbitzuek haien lana egin, arazoak jarraitu egingo du. Gure ustez, neurriak hartzerakoan gazteok parte hartu behar dugu. Horretarako, Udalak informazio hitzaldiak ematen dizkigu 14 eta 30 urte bitarteko gazteoi, boteiloia eginez gero jarri ahal dizkiguten isunak zeintzuk izan daitezkeen jakin dezagun. Hauen nahia gazteoi aholkua eta informazioa ematea ez ezik salaketarik ez jartzea da.

Beste batzuen ustez, gurasoen ardura da gazteok heztea aisialdiari buruzko hitzaldiak eta ondo pasatzeko zenbait aukera emanez.

Baina mundu guztia ez dago ados ezarritako legeekin. Zer iritzi dugu gazteok gai honi buruz? Batzuen ustez, Udalak boteiloia debekatzeak tabernei besterik ez die on egingo. Hauek diotenez, Udala ez dago kalean edatearen kontra, tabernetan erosten ez denaren kontra baizik. Hala nola, kalean taberna batean erositako kubata bat edaten ikustean ez dute ezer ere egingo baina erositako botilarekin kubatak egiten baditugu kendu egingo dizkigute. Aipagarria da sortu den “makroboteiloiak” antolatzeko moda berria. Hainbat hiritan antolatu dira, Bilbon ere Etxebarria parkera joateko deia jaso genuen gazteok. Udalak debekatu egin zuen, dena bertan behera geratu zelarik.