387 Zenbakia 2007-03-23 / 2007-03-30
Ehun urte baino gutxiagotan, Gasteizek hiru aireportu izan ditu: lehenengoa, abiazio aitzindari eta akrobatentzako landa bat zen; bigarrena, gerra bat irabazten lagundu zuen eredu militarra izan zen; hirugarrena, modernoa eta etorkizunaren islada da: Lakua, Martinez de Aragon (geroago Mola Generala) eta Foronda dira hauen izenak. Hegazkin planobakarra.
Lakuako zelaiak (gaur egun hiriko auzotegi populatuena) XX. mendearen hasieran, leku irekia edota hiritik urruntasuna eskatzen zituzten aktibitateak burutzeko leku aproposa zen. Zelai hauetan, 1913ko apirilaren 16an izen bereko aerodromoa inauguratu aurretik, planobakar bat baino gehiago lurreratu zen.
Bertan urte bat baino gutxiago iraun zuen Arabako lehenengo abiazio eskola egon zen: 1914ko uztailean itxi zuten, Munduko Lehenengo Gudaren hasierarekin. Eskolako kide ospetsuena Heraclio Alfaro Fournier, XX. mendeko teknikari bikainenetarikoa eta Gasteizen karten ekoizpena ezarri zuen familiakoa hain zuzen, izan zen. 1914an Heraclio Alfarok, piloto bikaina izateaz gain (domina asko bereganatu zituen), berak bururatutako planobakarra deritzon hegazkin mota eraiki zuen, Espainian mota honetako lehena. Geroago Estatu Batuetara joan zen, non Massachusets-ko Institutu Teknologikoan Injinerutza Aeronautikako irakasle izan zen eta hegazkin motorrak ekoizteko lantegi baten jabea izatera heldu zen. Heraclio Alfaro Juan de la Ciervak asmatutako autojiroaren (helikopteroen aurrekaria) bultzatzailea ere izan zen.
Hiriko bigarren aireportua, lehendabizi Martinez de Aragon (Foruen garaiko azken diputatua eta 1913. urteko argazki batean Lakuako aerodromoan Heraclio Alfarorekin batera agertzen diren gazteetako bat) eta geroago Mola Generalak deitua, 1935an inauguratu zuten Salburuako landetan, gaur egun hiriko hazkunde zonaldea eta Gasteizko eraztun berdeetako bat. Aireportu militar baten eredura diseinatu zen: lurpeko erregai deposituak eta pista eta plataforma zolatuak zituen. Bere eraginkortasuna agerian utzi zuen urte bat inauguratu ondoren, aireportu honetatik 1937ko apirilean Gernika erraustu zuten zenbait ehiza-hegazkin bonbaketari abiatu zirelako. 1939an, guda bukaturik zegoela, Iberiak programatu zituen Gasteizko lehenengo hegalaldi arautuak: horrela hasi zen bere erabilera zibila, mugatua eta iragankorra izan arren.
Aireportu honek paregabea bihurtzen zuen berezitasun bat zeukan: Nazional I izeneko errepideak zeharkatzen zuenez, hegazkin batek pista osoa erabili behar zuen bakoitzean errepideko zirkulazioa geldiarazi behar zuten. Hirurogeita hamargarren hamarkadara arte iraun zuen indarrean.
Gasteizko hirugarren eta azkenengo aireportua Forondakoa da. 1976an eraikitzen hasi zen eta lau urte geroago erabiltzen hasi zen. Pistaren luzeragatik (3500m), instalazioen teknologiagatik eta bide-zoruaren kalitateagatik, Espainiako hoberenetarikoa eta seguruenetarikoa izan arren, bidaiarien terminala bezala gutxiegi erabiltzen da oraindik, bere erabilera bultzatzeko Arabako Erakundeek egindako ahaleginak arren. Hala ere, zama terminala bezala Estatuko garrantzitsuenetarikoa omen da.
Forondako aireportuak Gasteizko bide-komunikazio hirukian hartzen du parte, merkantzi tren-geltokiarekin eta Nazional I errepideak, ingurabideak eta autopistak osatzen duten bide-komunikazio korapiloarekin batera.