387 Zenbakia 2007-03-23 / 2007-03-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Betagarri

MONTERO, Daniel

Batxilergoko 2. mailako ikaslea



Euskararen erabilpen eskasa Gasteizko arazo aipagarrienetako bat izan da azkenengo hamarkadetan. Hala ikusita, gezurra dirudi Euskadiko hiriburuan bertan antzeko arazoak bizitzea. Ez al da logikoagoa, hiriburu politikoa izateaz gain, Gasteiz euskal kulturaren gunea ere izatea? Betagarri zuzenean. Argazkia: Betagarri.

Pentsamolde honen aldekoak direnek urteak eman dituzte gasteiztarroi euskal kultura barneratzeko xedeaz. Gaur egun ere zorionez badira asmo honekin jarraitzen dutenak. Pertsona bakarti, talde ala herritarrok osatutako erakundeak izan daitezke lan honetan parte hartzen dutenak. Bakoitzak bere metodoak erabil ditzake baina azken finean, mamian denak dira berdin.

Batzuek herri ekimenak antolatzen dituzte herritarron interesa pizteko. Antzerkiak, hitzaldiak, eta abar antolatzen dira baita ere helburu berarekin. Hala ere, artikulu honek musika talde baten lana nabarmendu nahi du. Betagarri taldearena, alegia.

90. hamarkadaren hasieran sortutako taldea da. Lehenagoko euskal talde ospetsuek erakarrita (Hertzainak, Negu Gorriak, Baldin Bada,…besteak beste), orduko bost gasteiztarrek euskal taldea osatzeko ideia bereganatu zuten. Musika egiteaz gain, gazteak baziren Gasteizen bizi zen egoeraren jabe eta ondorioz, Gasteiz euskaldun bat lortzeko proiektu luze batean barneratu ziren. Esan beharrik ez dago nola lortu nahi ote zuten bost gasteiztar hauek beraien helburua betetzea. Bada, musikaren bidez jakina!!

Egundo martxan jarraitzen duen proiektu honetan Betagarri taldeak euskararen eta Gasteizen aldeko kanta ugari idatzi ditu. Haien artean, Gasteizko gaztetxearen alde egindako abestia, “Euskadi antifaxista” edo “Arren erro zaharra” abestiak ditugu besteak beste.

Azkenengo abestia hain zuzen, “Arren erro zaharra”, Betagarriren abesti esanguratsuenetakoa bihurtu da eta dudarik ez dago, abesti hau gazte euskaldunon erreferentzi puntua bihurtu dela, euskal kulturaren, Euskal Herriaren eta euskararen inguruan egiten den aipamenagatik. Hona hemen, abestiaren zati bat: Argazkia: Betagarri.

Hainbat gauza berezi badira Euskal Herrian, hauxe da zorionez daukagun aberria. Leku guztietan bezala hemen be miseriak, Baina guzti honen gainetik gauza miresgarriak.

...Gure arbasoek ikusita gure hizkuntza maitea, ez al dugu ba euskara guztiz maitarazlea? Baina berezi berezi, oro maitagarriak, Inon aurkitzen ez diren Euskal Herriko neskak!

Begibistakoa denez erabilitako berbek duten goxotasunak erraz asko lortzen du jendearen arreta erakartzea. Eta honen ondorio dugu gaur egungo egoera. Esan beharrik ez dago euskararen egoera azken hamarkadetan nabarmen aldatu dela.

Betagarri eta antzeko talde edota erakundeen lanak lehen fruituak hasi dira ematen. Iraganean ez bezala, Gasteiz euskaldunagoa begistatzen da. Gazte belaunaldiak euskalduntzen ari dira eta orain dela urte batzuk iragartezina zena, egun euskararen presentzia txikia nabaritu dezakegu noiz-behinka gure hiriko kaleetan.

Hala ere ez da ahaztu behar bide luze honetan, lehen urratsak eman direla, egia da lehengoak beti zailenak direla, baina bide honen helmugara heltzeko bide luze eta gogorra dago oraindik egiteke, belaunaldiz belaunaldi landu eta burutu beharrekoak.