386 Zenbakia 2007-03-16 / 2007-03-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Lizarrako Inauteriak

HORNO, Oihane MORRAS, Ainara

DBH 4.mailako ikasleak

Aldabika asto gainean.

Inauteriak oso festa ezagunak dira, nahiz eta herri guztietan desberdinak izan. Horregatik gu Lizarrakoak garenez, hemengo inauteriak eta hauek ospatzeko era azalduko dizuegu hurrengo testuan.

Lizarran, Inauteri eguna larunbata izaten da, egun horretan Lizarrako kale guztiak kolorez betetzen dira, ikastolak antolatutako kalejirari esker. Kalejira honetan Nafarroa osoko pertsonaia anitz aurki ditzakegu, baina lizarratarrentzat garrantzitsuena Aldabika lapurra da, kaleetatik asto baten gainean ibiltzen dena. Honen inguruan palokiak gelditu gabe dantzan aritzen dira, abesti honen erritmoaz.

Uri Uri Ura, Aldabika, Aldabika, Uri Uri Ura, Lizarrako lapurra Aldabikaren istorioa

Aldabikaren istorioa kontatzea ezinbestekoa da Lizarrako inauteriak uler ditzazuen. Aldabika Abartzuzan jaiotako ume bat zen, bere familiako egoera txarraren ondorioz,oso gaztetatik hasi zen lapurretan, inoiz ez zuten harrapatzen eta mendirik mendi ibiltzen zen lapurretan.

Behin Urbasa inguruko herrixka batean zegoela herritarrak mezatara joan ziren haien gauza guztiak eliza atarian utzita. Aukera paregabea zuen Aldabikak eta bi aldiz pentsatu gabe, gauza guztiak hartu, zakura sartu eta ezkutalekura alde egin zuen.

Baina momentu horretan, herriko biztanle bat kanpandorrean zegoen begira eta Aldabika ikusi zuen. Korrika bizian beste herritarrei ikusitakoa azaltzera abiatu zen eta guztien artean, Aldabika nola harrapatu eztabaidatzen aritu ziren. Antzezpen une bat.

Azkenean, basozainak eta herriko gizon indartsuenak basora abiatu ziren, eta lurra zepoz bete zuten. Bitartean, Aldabikak bere ezkutalekutik dena ikusi zuen.

Gizon guztiek alde egin zutenean, basora atera zen zepo guztiak makila batekin kentzera, baina bat-batean, zerbaitek hanka harrapatu zion, Aldabikak ikusi ez zuen zepo bat zen eta hanka mugitu ezinik gelditu zen.

Hurrengo egunean, ikazkinak Aldabika lurrean aurkitu zuen, bi gizoni deitu eta herrira eraman zuten. Han epaileek hurrengo sententzia abestu zioten:

Aldabika lapurra, lapurtzen hezia, bizia izan duzu, oso berezia.

Erretzeko kondena, duzu merezia, Lizarrako herrian, horra sententzia.

Egun horretan bertan, Lizarrako plazan, Aldabika erre zuten palokiak haren inguruan dantzatzen zuten bitartean. Antzezpen hau ikastolako ikasleek urtero egiten dute gure Aldabika birgogoratzeko. Horretaz gain, lizarratar gazteek festa gauean jarraitzen dute, lagun talde bakoitza mozorroa jantzita kalera irteten da gaua, festa eta dantza artean amaitzeko.