380 Zenbakia 2007-02-02 / 2007-02-09

Euskobooks

Aipamena. Begira-Begira, tradizioaren leihotik

Egileak: Hainbat Argitaletxea: Elkar Orrialde kopurua: 176 ISBN: 84-9783-432-1 Ezaugarriak: Tradizioa transmisioa da. Euskal literaturaren tradizioa, —ipuinak, poemak, hitz-jokoak, hizkuntzarekin jolas egitea— altxor kultural eskerga, gureganaino heldu da, guregana transmititu da, eta, horrenbestez, gaurko idazleei dagokie altxor hori aberastea, transmisio katea eten ez dadin. Tradizioaren literatur balioa, noski, ez da mugatzen ipuin jakin batzuk, poema jakin batzuk, hizkuntz jolas jakin batzuk behin eta berriz errepikatzera, osatu eta aberastu beharreko altxor bat da. Tradizioak, zentzu horretan, hartu behar ditu transmisio-modu berriak. Hemen agertzen diren idazleak oso ongi jabearazi gaituzte horretaz, eta beren lanaren bidez erakutsi digute bidea. “BEGIRA-BEGIRA, tradizioaren leihotik” izenburuak berak ideia hori jasotzen du, tradizioaren leihotik begiratu, transmisio-bideari jarraipena emateko. Hala, liburu honetan, ipuinek, poemek, hizkuntz jolas eta bestelako baliabideek badute tra- dizioaren usaina, baina arnas berrituta apaindu eta apailatu dizkigute gure haur literaturako punta-puntako zortzi idazle hauek. Eta bide bat proposatu digute literatur sorkuntza jorratzeko. Literatur pieza miresgarriak eskaintzeaz gainera, liburu hau altxor bat da. Baina ez da hori bakarrik, bide erakusle baita haur literaturaren bilakaeran.