379 Zenbakia 2007-01-26 / 2007-02-02

Artisautza

Xabier Garate. Segizioko figurak: Artisaua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

ARTISAUA

Xabier Irunen jaio zen, 1960an. 3 anaia-arreba dira, eta bera bigarrena da. Oinarrizko hezkuntza bukatu ondoren, administraritza-ikasketak egin zituen lehenbizi, eta marrazki eta delineaziokoak gero. 19 urterekin bere kasa hasi zen lanean, autonomo moduan: marrazkiak eta planoak egiten zituen, batik bat arte grafikoetako enpresentzat.

Kale-antzerkia oso gogoko zuenez, talde bati makillaje-lanetan laguntzen hasi zen. 20 urte zituela, antzerki-ikuskizun baterako maskarak egiteko eskatu zioten Oiartzunen, eta lagun baten etxabean aritu zen. Ondoren, Oiartzungo udalak buruhandi batzuk egiteko eskatu zion. Eta horrela, gutxika-gutxika, enkarguak etengabe heltzen hasi zitzaizkion.

1983tik gutxi gorabehera, ikuskizun eta festetarako figurak egitea da bere lanbidea, eta ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK sortzen ditu gehienbat. "Imajineria paganoa" esaten die berak, izendapen hori gogoko baitu.

Autodidakta da, lanaren poderioz ikasi baitu, eginez eta probatuz. Era guztietarako jendearen teknikak eta kontzeptuak “bere erara” erabili ditu. Izen hauek nabarmendu dizkigu, harrotasunez: Crispín Fdez. de Barrena, Ismael Carcedo, J.M. eta I. Alberdi, A. Saavedra, J. A. Urbeltz, Matxinbarrena, Niño Barrioso, J. Oteiza, M. Alkaiaga, R. Irizar, N. Basterretxea, J.L. Insausti, E. Cátala eta beste hainbat.

Argazkia: Xabier Garate. 1985ean Iruneko lokal batzuetara joan zen, baina etxebizitza-eraikin baten azpian zegoenez, gauez ezin zuen zaratarik atera lanean ziharduela. Ondorioz, 1997an Irungo Velasco Industrialdeko lokal industrial bat hartzea erabaki zuen. Hantxe aritu zen lanean 2002ra arte, eta urte horretan, azkenik, egungo lokaletara etorri zen.

1983an, Isabel Bermúdezekin ezkondu zen.

Konpartsek, udalek, dantza, antzerki eta zirkoko taldeek, elkarte eta partikularrek... hamaika lagunek izan dute konfiantza berarengan, eta pozarren dago horregatik. Bestela, ez zuen izango norentzat lan egin.

Lehen, artisau-azoketara (Getxo, Leiola, Calahorra, etab.) eta bestelako ospakizunetara (Nafarroa Oinez, etab.) joaten zen, baina azken urteotan utzi egin dio horrelakoetan parte hartzeari, nagusiki erakunde eta taldeentzat ari delako lanean.

Bere espezialitateko ikastaroak ere eman ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta.

"Nahiz eta nire obra oso pertsonala izan, urte hauetan jende askoren kolaborazioaz gozatu dut, momentu eta intentsitate desberdinetan, baina beti oso estimagarria. Nahita ez aipatu behar ditut nire neska laguna, Isabel Bermúdez, nire anaiak, Koldo eta Benito, baita Ana Bermúdez, Manuel Nodar, J.L. Martínez, J. Etxebeste, G. Campos Verano, F. de la Hera, J.M. Miguel, A. Saavedra, Koldo Eslava, Jabiko, E. Aires, R.Soto, J.A. Parra, eta barkatu baten bat aipatu gabe gelditu bada". Xabier Garate Aranibar eraikina, 3 Ventas auzoa 20305 IRUN Tel.: 943.621643