371 Zenbakia 2006-11-24 / 2006-12-01

Euskobooks

Aipamena. Egan dijoa

Egilea: Nikolas Zendoia Argitaletxea: Auspoa Orrialde kopurua: 230 ISBN: 84-7907-499-X Ezaugarriak: Nikolas Zendoairen lehenengo liburua plazaratu eta zazpi urtetara dator bigarren hau. Hau ere bertso-liburua, hura bezala. Hau ere sentimendua eta grazia dariola, hura bezala. Hura Beranduko birigarroa, hau Egan dijoa, Biak liburu bakarra osatuz, elkarren segidako eta osagarri, izenburuak ere salatari: Beranduko birigarroa egan dijoa... Lehen liburuaz esanak balio du honako ere; are indar handiagoz: “Liburu honetan ditugu, bertso eta kontakizun bakoitzean, Zarautzen bizi den aiar honen hiru ezaugarri nagusiak: hitzaren dohia, arte-sena eta sentiberatasuna. Hiru ezaugarri, kultur ondare baten ispilu, eta sakoneko giza balore batzuen adierazpen bizi eta bizigarri.” Lehenengo liburuak beti sortzen du, harriduraz gain, halako Zalantza moduko bat. Ez ote da zoroaldi bateko emaitza izango? Eta bigarren zain uzten gaitu. Eta bigarren liburuak zalantzak uxatutakoan, Nikolasen honek bezala, hurrengo galdera sortzen digu. Oraingo honetan: nola, nora, norekin... ote doa hegan beranduko birigarroa?