Egilea: Elena Martinez Rubio Argitaletxea: Elkar Orrialde kopurua: 648 ISBN: 84-9783-317-1 Ezaugarriak: Hutsune bat betetzera dator esku artean duzun hiztegi hau, euskararen eta alemanaren arteko zubia osatuz. Alemana, ehun bat milioi lagunen sor-mintzaira izateaz gain, oso hizkuntza garrantzitsua da gaur egun, bai kultura eta zientzien arloan eta baita ekonomian eta politikan ere. Alemanez egiten diren ikerketak goi-mailakoak direnez, edozein espezialistak jo behar izaten du alemanez argitaratutako bibliografiara, lanean aurrera egin nahi badu. Alemanaren osasun onaz jabetzeko, munduan argitaratzen diren hamar liburutatik bat alemanez idatzia dagoela gogoratu besterik ez dago. Alemana da itzulpen gehien egiten den hizkuntza eta beste hizkuntzetara gehien itzultzen dena, ingelesaren eta frantsesaren atzetik. Euskaldunok badugu zer ikasi XVII. mendean batuaren bideari lotu zitzaion hizkuntza ez erromaniko honetatik. Alemaniar hizkuntzalariak aspaldi hasi ziren euskaldunon hizkuntzaz arduratzen. Euskaldunon artean ere ez dira gutxi izan alemana ikasteari ekin diotenak, edota historian zehar Alemaniara ikastera nahiz lan egitera joan direnak. Gaur anitz dira gure artean urtero hizkuntza-eskoletan alemana ikasten dutenak, alemana ikasteko nahia, baita beharra ere, hazten ari baita. Euskara-Alemana/Alemana-Euskara hiztegi honek baliabide izan nahi luke alemana eguneroko bizitzan erabili behar duten euskaldunentzat, bai itzultzaile bai mota guztietako ikasleentzat ere, eta hein berean zuzentzen zaio aleman hiztunari. Hiztegia, gaurko hizktunak maizen erabiltzen duen oinarrizko hitz-ondareaz osatua dago, hitz teknikoak barne. Eta hitzak nola erabili behar diren erakusteko, azalpenak dakartza itzulpenaren aurretik, bai eta jakintza-arloaren nahiz gramatika-kategoriaren aipamenak ere. Adiera desberdinen artean bereizten eta aukeratzen laguntzeko dira, bestalde, emandako adibide eta esapide ugariak. Laburbilduz, lexiko arrunta eta teknikoa, gramatika-kategoriak, 32.400 sarrera inguru, 4.600 adibide eta esapide argigarri eta alemanezko eta euskarazko gramatika eranskinak azaltzen dira. Erabiltzaileak du orain hitza. Euskararen eta alemanaren arteko harremanetan egin dugun urrats berri hau beste hamaika urratsen abiapuntua izan dadila. Elena Martínez Rubio (Bilbo, 1957-8-01). Nürnberg-Erlangengo Universität-en eta Berlingo Freie Universität-en egin zituen Filosofia, Soziologia eta Germanistika ikasketak. Filosofian doktorea da eta Euskal Filologian lizentziaduna, besteak beste. Euskaraz gain, alemana, ingelesa eta errusiera ere badakizki. Hiztegigintzan jarduna da UZEIn, eta itzulpengintzan, artikulugile gisa eta liburugintzan ere hainbat lan egindakoa. Besatari elkartean zenbait libururen argitaratzailea da.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.