368 Zenbakia 2006-11-03 / 2006-11-10

Euskobooks

Aipamena. Saroiak eta kortak

Egilea: Luis Mari Zaldua Etxabe Argitaratzailea: Luis Mari Zaldua Etxabe Orrialde kopurua: 218 ISBN: 84-611-1564-8 Ezaugarriak: Saroiak eta kortak izeneko liburua argitaratu du Luis Mari Zaldua Etxabek. Mendialdeko antzinako gizartearen oinordeak azpititulua duen lana http://www.saroiaketakortak.com URLan eskura daiteke. Argitalpenak berrehun eta hemezortzi orri ditu, Antxon Agirre Sorondoren hitzaurrea barne. Ms Word eta PDF formatuetan jaitsi daiteke Internetetik eta bakoitiak eta bikoitiak orri berean bateratuz inprimatzeko dago moldatua. Nornahik kopia, alda edota erabil dezake. Saroiei buruz idazten duen bigarren liburu honetan, egileak historiaurreko eraikin biribil handiak, saroien eta megalitoen arteko lotura, saroiekin zerikusia duten lehen aipamen idatziak, garai bateko behi-azienda handiak, Iruñerriko sarioak eta Zuberoako olak aztertzen ditu, besteak beste. Horretarako, henge-ak, megalitoak, pardina-k, kubilareak, unamaizterrak, buruzagiak, eli-jaunak, idikorteak, gizabeteak, hamalau-oinak, gorabilak, ola-nagusiak, hausterretzak, artamugarriak eta kortarriak hartzen ditu ahotan Urnietako ikertzaileak. Euskal Herriko alderdi batean ehunka saroi zeuden garai batean. Eremu zabal horretan saroiak eta kortak lurralde-antolaketaren oinarria izan ziren gizaldi askotan, baina gaur egun haien idatzizko aztarnak baizik ez dira ezagutzen eskuarki.