345 Zenbakia 2006-04-28 / 2006-05-05

Artisautza

Eladio Fernández Revuelta. Hustutzaile eta Zorrotzailea: Artisaua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

ARTISAUA

Gure artisauaren aita Sergio Fernández Fernández zen, 1906an Santiago de Rubiacós-en (Orense) jaioa, eta 1992an Donostian hila, 86 urte zituela. 13 urte zituenetik aritu zen zorrozten eta euritakoak konpontzen, herriz herri, gurdiarekin hasieran eta bizikletaz gero. 1938an Donostiara joan zen, eta tailer-denda bat zabaldu zuen Gros auzoan; hain zuzen ere bertan darrai gaur egun bere semeak. Gipuzkoako hiriburuan bertan jaio ziren bere hiru haurrak. Eladio bigarrena dugu.

Eladio Fernández Donostian jaio zen, 1942an. Ikasketak egin ostean, DISTIPLAST enpresan hasi zen lanean, eta, tarteka, aitaren tailerrean zorrozte lanak egitera joaten zen. 1965ean, enpresa utzi eta bete-betean husten, zorrozten eta euritakoak konpontzen hasi zen. Horrez gain, hainbat elementu ebakitzaile ere saltzen zituen: mota guztietako aiztoak, guraizeak, aliketak, etab.

Urte horretan bertan, Mari Carmen Aristizabal Aristimuñorekin ezkondu zen. Bi seme-alaba dauzkate: Amaia (1966an jaioa) eta Iñaki (1968).

Esan bezala, mozteko elementuak hustu eta zorrozten aritzen da bere lokalean. Duela 40 urtetik hona, Ordiziako azokara joaten da asteazkenero, eta goizeko 7etatik arratsaldeko 14ak bitartean aritzen da bertan lanean. Ez da, beraz, harritzekoa, 2002an Ordiziako Gaztaren Kofradiako kide izendatu izana.

Lanerako mozteko tresnak erabiltzen dituztenak dira bere bezero nagusiak: jostunak, sastreak, brodatzaileak, klinikak, albaitariak, podologoak, erizainak, harakinak, arrain saltzaileak eta janari dendak. Jende arrunta ahaztu gabe; izan ere, zein denda edo etxetan ez dago aizto eta guraizerik? Eladio Fernández Revuelta

FERNÁNDEZ AIZTO DENDA

Aita Larroca 9

20001 DONOSTIA

Tef. 943 27 48 40