345 Zenbakia 2006-04-28 / 2006-05-05

Artisautza

Eladio Fernánde Revuelta. Hustutzaile eta Zorrotzailea: Produktuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

BERE PRODUKTUAK A.- ZORROZTEA

Ia mugagabea da zorrozten duen produktuen zerrenda, oso ugari direlako kopuru, mota eta neurriaren aldetik. Dena den, estiloaren aldetik sailkatuko ditugu, baina kontuan izan asko eta asko aipatzeke utziko ditugula, zorrozgarria den edozer zorrozten duelako Eladio artisauak.

1.- AIZTOAK: Xerrak moztekoak, hezurrak kentzekoak, azala kentzekoak, etab. (harakinenak). Ogia moztekoak. Gazta moztekoak. Matxeteak: sukaldekoa zein arrain saltzaileena. Urdaiazpikoetarako (luze eta finak), tipuletarako (guztien artean handiena), patatetarako, barazkietarako, puntilla (puntan amaitzen dena), txuletetarako... Jatetxe zein sukaldeetan erabiltzen dira. Bizarra moztekoak. Borrokakoak. Biziraupenekoak. Errematekoak (ehizarako). Basurdetakoak. Urpekaritzakoak. Kanario motakoak. Botagarriak. Mota ugaritako labanak. Tolesgarriak. Arrain saltzaile, harakin zein sukaldarientzako matxeteak. Miniaturak. Bildumatakoak. Bestelakoak.

Esan beharra dago gaur egun ileapandegietan debekatuta dagoela behin erabili eta botatzekoak ez diren bizarra mozteko labanak erabiltzea, HIESa dela-eta. Nolanahi ere, batzuek, etxean, labana erabiltzen jarraitzen dute bizarra mozteko.

2.- GURAIZEAK Jostunentzat. Modistentzat: hainbat motakoak. Besteak beste, zig-zag modukoak. Sastreentzat: mota ugaritakoak. Ilemoztegietarako: mota ugaritakoak. Besteak beste, bibotea moztekoak. Manikura egiteko: punta zuzen edo kurbokoak. Azazkalak mozteko: punta zuzen edo kurbokoak. Sukalderako: arraina mozteko. Hegaztiak zatitzeko. Haur txikientzat, punta biribilak dituztela, ustekabean mugituz gero minik har ez dezaten. Idazmahaierako. Elektrikarientzat. Zirujauentzat: hainbat mota. Erizainentzat. Podologoentzat: hainbat mota. Mahatsa biltzeko. Inausteko. Abereei ilea mozteko. Txapa mozteko. Kableak mozteko. Suhiltzaileentzat. Tolesgarriak, sakelan eramateko. Tolesgarri kapsulagarriak. Ezkerrentzako guraizeak. Beste milaka motakoak.

3.- ALIKETAK Manikurarako. Azazkalentzat. Podologoentzat. Malgukietakoak. Bestelakoak. 4.- BESTELAKOAK Kirurgia eta albaitaritzarako elementuak: eskoploak, bisturiak, etab. Dagak. Arrain sailtzaileentzako aizkorak. Harakinentzako aizkorak. Ehizarako aizkorak. Zorrozteko txairak. Ezpatak. Bestelakoak.

Aipatu beharra dago garai batean kirtenak egur edo hezurrezkoak izaten zirela nagusiki, baina gaur egun plastikozkoak erabiltzen direla gehienbat, batez ere elikadurarekin zerikusia daukaten arloetan, osasun arrazoiak direla-eta -sektore askotan nahitaez erabili behar dira plastikozkoak-.

Kalitateari dagokionez, Eladioren iritzian altzairu alemanez egindakoak dira piezarik onenak, esate baterako SOLINGEN etxekoak. Altzairu suitzarra ere oso ona iruditzen zaio, VITORINOX etxeko piezak adibidez. Espainiari dagokionez, hiru marka azpimarratzen ditu: ARCOS HERMANOS, S.A., Albacetekoa, LOS TRES CLAVELES, Logroñokoa, eta AITOR, Berriozarkoa -azken hau, mendirako laban eta aiztoetarako-.

Urteotan zehar hazi egin da bildumagileen sektorea, baina hauek gutxitan jotzen dute zorrotzaileengana. Edonola ere, elementu hauek Asiatik barra-barra iristen direnez, eta oso salneurri txikian gainera, batzuetan gomendagarria izaten da pieza berria erostea, zorroztera jotzea baino.

Donostian, gaur egun, zeregin honetarako tailer-denda daukaten bi artisau baino ez dira gelditzen. Bada probintzia motoz zeharkatzen duen zorrotzaile ibiltari bat ere. B.- EURITAKOAK ETA EGUZKITAKOAK

Euritako eta eguzkitakoak konpontzen ere aritzen da gure gaurko artisaua -hala eta guztiz ere, ez du oihala aldatzen, kasu berezi batzuetan salbu, ez duelako ekonomikoki merezi-.

Euritakoetako pieza bakoitzak bere izena du: Txurroa: lurra ukitzen duen punta. Txurro laua: aterki tolesgarrietan, puntan beharrean botoi moduan amaitzen den muturra. Kirtena: heldulekua. Tringla: euritakoaren erdiko barra, piezarik luzeena. Malgukiak: tringlaren barrualdean egoten dira, euritakoa ixten edo irekitzen laguntzeko. Godea: kirtenaren amaiera aldean dagoen zirrindola metalikoa. Kolantea: hagatxoak eusten dituen pieza, tringlaren inguruan dagoela, eta bertan gora eta behera ibiltzen dena. Hagatxoa: oihalari lotuta dagoen makiltxo metaliko bakoitza -lehen zurezkoak izaten ziren-. Intxaurra: tringlaren behealdean dagoen eraztun finkoa, hagatxo guztiek bat egiten duten lekua. Plaka: intxaurra lotzen deneko euskarria.