342 Zenbakia 2006-04-07 / 2006-04-14

Gaiak

Hedabide berriak, profesional berriak

FANEITE, Pilar

GARMENDIA IARTZA, Koro



Interneten garapenak eta Sareko edukien gero eta eskari handiagoak, egoera berri bat sortu dute lan munduan. Gaur egun, kazetari elektronikoak, diseinatzaileak eta programatzaileak elkarren ondoan aritzen dira lanean, mundu guztiarengana iristeko asmoz.

J.C.R. Licklider-ek, gizartea sarearen bidez elkarrekintzan ari zitekeela planteatu zuen lehendabiziko ikertzaileak, ez zuen, 1962an bere aurreikuspena ezagutzera emandakoan, zer nolako iraultza sortuko zuen pentsatu ere egingo.

Denbora asko igaro da ordutik hona: hasiera batean esparru militarrean erabiltzen hasi zen azpiegitura, Internet izenekoa -1995ean eman zitzaion ofizialki izen hori-, mundu akademikora pasa zen ondoren, eta hemendik milioika etxetara. Berari esker, eduki zein datu izugarri pilara jotzeko aukera dago planeta osoan zehar.

Internet aldatu egin da bizitzen daramatzan bi hamarkadetan. Denbora partekatuaren garaian sortu bazen ere, gauza izan da ordenagailu pertsonal, bezero-zerbitzari zein network computer-en aroan bizirauteko. Bestalde, LAN direlakoak existitu baino lehen sortu zen, baina hauetara egokitzen jakin du. Funtzio ugariren euskarri izan da: fitxategiak partekatzeko, urrutiko sarrera, baliabide eta lankidetza partekatzea, posta elektronikoa, World Wide Web, telefonia (WAP) eta komunikabide tradizionalak. "Hedabide" berria bilakatu zaigu. Argazkia: Darren Hester (hester@ppdigital.com)

Gaur egun, bitarteko bat bera partekatzen dute prentsak, irratiak eta telebistak. Eta prentsaren garaian fenomeno erradialarekin gertatu zen bezala, eta ondoren telebista eta irratiarekin, hedabide bakoitzaren ezaugarriek denboretara eta kontsumitzaileen beharretara egokitzen joan behar dute.

Informazio zehatzaren iturri nagusia, adibidez, prentsa izan da beti. Irratia, berriz, bere hedadura eta berehalakotasunari esker, dinamiko eta aldakorragoa da. Unean uneko gertaeretara egokitzeko ahalmena du. Telebistak, ikusi zein entzuteko aukera ematean, ez du irratiaren deskribapenen beharrik, eta ia espektro berbera estaltzeko gai da.

Internetek irakurri, ikusi eta entzuteko adina teknologia biltzen du gaur egun, eta denbora errealaren berehalakotasunarekin gainera. Kontra daukan gauza bakarra, beharbada, erabiltzaile edo kontsumitzaileen denbora mugatua da, kasu askotan ez baitaukate mundua beren begien aurrean igarotzen ikusteko ez ohiturarik, ezta astirik ere. Interneteko profesionalek ondo dakite hori, eta, horregatik, erakargarriak diren formulak bilatzen aritzen dira, hain beharrezkoa den fideltasuna sortzera bideratuta. Nortzuk aritzen dira Interneterako lanean?

Internetek plataforma bakar batean biltzen dituenez hedabide tradizionalak, hedabideotako profesionalen beharra du edukien eta itxuraren ikuspuntutik funtzionatu ahal izateko (look and feel delakoa). Alderdi teknikoan, informatikari eta programatzaileak dira izar nagusiak: tresna zein hizkuntza ugariz baliatuz (php, html eta Javascript, besteak beste), nabigazioa eta elkarreraginkortasuna errazteko baliabideak integratzen dituzte, merkataritzako transakzioak “atsegin” eta ziurragoak izan daitezen.

Kazetari elektronikoak, zenbait kasutan edukien analista izenez ere ezagutzen direnak, atari jakin bateko kontsumitzaileentzat interesa izan dezakeen informazioa idazteaz arduratzen dira. Egunkari elektronikoen kasuan, informazioa, sarritan, paperean eta euskarri digitalean eskaintzen denaren berdina izan ohi da, baina besterik gertatzen da atari generalistetan, site hauetan askotariko edukiak biltzen baitira: gaurkotasuna daukaten albisteak, zinema eta gastronomia, astrologia, eztabaidatzeko foroak, txatak, erosketak eta abar. Kasuotan, testuak labur eta dinamikoagoak izaten dira, sakonegiak izan gabe, baina behintzat erabiltzaileari informazio gehiago bilatzeko interesa sortzeko modukoak.

Kazetari elektronikoa, hasiera batean, diseinatzaile eta programatzaileek landu beharreko testuak idaztera mugatzen zen, baina, gaur egun, programatzeko, irudiak manipulatzeko, diagramatzeko eta informazioak euren kabuz "igotzeko" gaitasuna daukate. Argazkia: Clara Natoli (clarita1000@gmail.com).

Ezin ahaztu gero eta gehiago direla Sareak eskaintzen duen nolabaiteko anonimatu eta askatasuna bilatzen duten esatariak, dela euren iritzia plazaratzeko, dela ohiko hedabideetan kabidarik ez daukaten irudiak eskaintzeko.

Diseinatzaileak, bestalde, sortzaile zein publizistak, web guneei irudi ezberdin eta erakargarria emateaz arduratzen dira. Eskura dauzkaten tresna eta programez baliatuz, irudi finkoak zein aldakorrak manipulatzen dituzte, neurri handi batean iragarkietan eta publizitatean erabiltzeko. Diseinatzaile on batek nabarmen aberasten ditu testuak, eta bere lanari esker identifikatzen du erabiltzaileak ikusten edo entzuten duena.

Profesional berri hauen garapenaren alderdirik esanguratsuenetako bat, egoera berrietara egokitzeko daukaten gaitasunaz gainera, telelana egiteko daukaten aukera da, hots, beren lana partekatua izateko beharrik ez daukan ingurune fisiko batean burutzekoa.

Teknologien bilakaera azkarraren ondorioz, gero eta xumeagoa suertatzen da software edo programak erabiltzea. Jende xumeari zuzenduta daude gainera. Ondorioz, nabarmen ugaritu da web orri, blog eta mota guztietako denda birtualen (besteak beste, supermerkatuak, musika, enkanteak, on-line artikuluen dendak) zein jasotako bisiten kopurua. 1999tik hona, egunkari elektronikoen irakurleen kopurua %350ean hazi omen da, eta espainiarren %60ak gutxienez inoiz edo behin egin du erosketarik Internet bidez. Unibertso honen guztiaren baitan, milaka lagun ari dira lanean, beren lehiakideak gainditzearren eta beren zerbitzuak minutuz minutu hobetzearren. Errealitate berri hau oinarri garrantzitsua da prentsa, irrati, telebista eta artearen esparruan dabiltzan profesionalak prestatzeko, tarte aski zabala eskaintzen baitu besteak beste musika eta zinematografia lanak ezagutzera emateko. Eta hau guztia hasi baino ez da egin.