328 Zenbakia 2005-12-23 / 2006-01-06
Nire eskuetara bi liburu iritsi ziren lehengoan, arrasatear lagun batek idatzita, eta –aspaldiko partez- berehala ekin nion bien irakurketari. Ez zait, zoritxarrez, normala gertatu ohi azken aldiotan patxadaz esertzea liburuen edukian barrena egiteko. Astirik ezari egotzi diot kalte hori. Baina beharbada, azken uhineko literaturak ez nauela gehiegi tiratzen dudaneko sentsazio gero eta nabarmenagoa da egiazko zioa. Oraingo kasuan, ordea, bi liburuak eskuetaratu eta bata bestearen ondoren irentsi ditut, gogo biziz gainera.
Juan Ignacio Montianoren “El fabricante de dragones” eta “Dragoigilea” dira liburuak eta, aitortu behar dut –nire kasuan bederen– Eguberriko jai bezperetan herensugeei buruzko pasadizoak irakurtzea, udako solstizioan girotuta badaude, gainera– opari bat dela izpiriturako. Batez ere ongi idatzita daudenean, kasu honetan bezala. Egileak bere trebetasun osoa jarri du labean, testu egokiak lortzeko, ertaroar legendaren bertsioaz baliatuz eta XXI–eko eleberri beltzaren estilorik modernistarenean oinarrituz.
Montianok ez du ezelako erredentziotar tentaldirik izan bere istorioak idaztean. Baditugu gure artean egile ospetsuak euren ekoizpena bide erdi historizista batetik eramaten ari direnak, gizartearen arreta ederra erdietsiz. Beldur nago euren testuekin historiaren gaineko gizartearen pertzepzioa ez ote diren aldrebesten ari. Baina ez da Montianoren kasua, txantxako klabean idatzi baititu bere bi liburu hauek.
Badirudi posible dela, beraz, berotasuna saldu ahal izatea txantxa edo adar–jotze estilotik. Arrasatear gaitzizen bat erabiltzearren “txantxote”–z idatzita daudela esango nuke, “El fabricante de dragones” hasieratik bukaeraraino horrela baitago egituratuta. Liburuaren goiburuko “frabicante” huts tipografikoak nire iritzi hori ongarritzen du. Eta bitxia da, nire ikuspuntutik aztertuta, serioagoa iruditu zaidala, teoriaz bederen gazteentzat moldatutako “Dragoigilea” bertsioa. Baina, jakina, helduek ere dugu katxondeorako eskubidea, eta horrela oparitu digu Montianok bere liburua.
Arrasateko herensugearen gaineko istorioa azaltzen digu egileak bi testuetan, eta –diodan moduan– ezin dira liburuak kronika historikoan sailkatu. Sailkatzekotan gertaeren kronikan egingo nuke, gertaera “patafisikoetan”, lagun batek esango zukeen bezala. Dragoiak klonatzea, esportatzaileko ikusmenarekin, ez da helburu erreza eta horretan aritu da Montiano. Eta nik behintzat gozatu egin dut pare bat orduz. Falta egiten zitzaidana, zinez.
Nik ez dut uste Montianok sasoi honetan ospatzen den beste mitoa kontuan izango zuenik liburuak idazten jartzean. Baina kasualitate polita bat sortzen da, bi liburuetako protagonista den Iñigo Ruiz de Irigarairen –XIII mendeko arrasatear Udala auzoko zalduna– eta Udalatik Arrasatera XVII–an jaitsi zen beste udalatar baten artean. Montianok herensugearen –dragoiaren– mitoa hartu du langai, eta –hain zuzen– Pedro Ignacio de Barrutia eskribaua Jesus Haurtxoaren jaiotzaren mitoaz (zilegi bekit horrela deitzea) aritu zen bere “Actto para la Noche Buena” obran. Bata udako solstizioan girotua eta Barrutiarena negukoan. Eta, hemen ere parekotasuna!, bi idazlanak txantxako puntuan sortuak. Kasualitatea, nonbait, baina polita, ezta? Horri bagagozkio, badirudi Arrasaten mitoak birsortzeko erronkak onartzen direla. Euskal Herriak distentsioa behar du eta literaturak asko lagun dezake horren helburuan. Eguneroko gure arazoetarako ihes tutuak behar ditugu, ugari gainera! Ez dut esan nahi bizitza txantxa klabean eraiki behar denik. Ez, ez da hori. Baina noizean behin barre egiteko erresorteei heldu beharra daukagu, gehiegizko seriotasuneko bide ekaiztsuetan gal ez gaitezen. Horregatik dira estimagarriak denbora–pasa gisa hartzen diren liburuak.