323 Zenbakia 2005-11-18 / 2005-11-25

Artisautza

Papiro. Koadernaketa: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

PROZESUAK

Koadernaketa lanak egiteko eman beharreko pausoak, EUSKONEWS aldizkariaren 223. alean, 2003ko irailaren 26koan, azaldu genituen xehetasun guztiekin, eta, beraz, ez dugu aldi hartan esandakoa errepikatuko.

Erabiltzen dituzten tresnen artean, honakoak azpimarra ditzakegu: Ehungailua. Koadernatzaile ororen pieza nagusia da. Bi zutabe dituen zurezko egitura hau, koadernoak josteko erabiltzen da.

Eskuz erabiltzeko gillotina, papera edo kartoi mehea mozteko.

Zizaila, 4 mm-ra bitarteko kartoia eskuz mozteko.

Testu edo logotipoak urre edo zilar kolorean, edota zuri edo beltzean grabatzeko antzinako grabatzaile eder bat. Bi inprenta mota erabiltzen ditu honetarako.

Ordenagailua eta inprimagailua, azalak diseinatzeko.

Tresneria txikia: gillotinak, guraizeak, konpasak, erregelak, txifla (larrua mehetzeko harri litografiko baten gainean erabiltzen den tresna), antenailak (liburuaren nerbioak markatzeko), pintzelak, arkatzak, brontze motak, konposatzaileak, lore handiak, paletak, puska kentzaileak, eskoploak, mailuak, kurrikak, aliketak, brotxak, leungailuak, eztenak, pisuak, etab.

Material suntsikor ugari: paperak, kartoi meheak, oihalak, pergaminoak, larruak, zintak, kolak, itsasgarriak, lixak, etab. Artisau modura eginiko papera erabiltzeko ohitura daukate.