319 Zenbakia 2005-10-21 / 2005-10-28

Gaiak

Eskoriatzako Ibarraundi proiektua

ARANA, Nerea



Eskoriatzako Museo-Eskolaren proiektua 1983an jarri zuen abian Aitzorrotz Etnografia Taldeak, herriko eta ibarreko ondarea eta etnografia babesteko asmoarekin.

1986an, ostera, Museo-Eskolak ateak ireki zituen Luis Ezeiza Herri Eskolaren proiektu bezala. Museo-Eskolaren sorreran Eskoriatzako Udalak, Jaurlaritzak eta Diputazioak lagundu zuten. Ibarraundi eraikina.

Sorreratik eutsi dio hastapeneko ideiari Museo-Eskolak eta, Euskal Herriko, ibarreko zein Eskoriatzako historia, etnografia eta ingurumena dira Ibarraundi museoan gaur egun jorratzen diren gai nagusiak. Eskoriatzako Museo-Eskolaren filosofiari eusten dio gaur egun ere Ibarraundi museoak. Proiektu dinamikoa eta bizia da, eta ahalegin horretan tailerrak, jokoak eta ekintzak proposatzen dizkie bisitariei. Milaka lagunen bisitak jasotzen ditu urtero. Ikasleak dira bisitari nagusienak, edozein modutan, Ibarraundi proiektu berria dela medio, beste era batzuetako bisitariak erakartzeko egitasmoa dago bitartean. Esaterako, turistak, familiak, ikertzaileak, historiagileak, arkeologoak, adituak, zientzilariak ...

Historiaurretik hasi eta aro modernorainoko ibilbidea proposatzen du Ibarraundik. Eskoriatza bisitatzeko gomendioa ere egiten du. Izan ere, Eskoriatza oso-osorik museo bat baita, herriko kale, elizate, mendi, baso eta bazter guztietara biltzen dituelarik.

Jauregi, baserri eta museo Ibarraundi XVI. mende hasieran eraiki zuten, hau da, 1510ean gutxi gorabehera. Ordutik gaur egunera arte ibilbide luzea eta aberatsa izan du eraikinak. Sorreran jauregia izan zen, Eskoriatzako aristokraziaren bizileku. Barroko garaian, berriz, Gipuzkoan izandako baserri onenetakoa, eta 1795ean gaur egungo itxura eman zioten. Galartzatarrak bakarrik ez, Ibarraundi baserrian beste zenbait eskoriatzar ezagun ere bizi izan dira. Besteak beste, Gipuzkoako ermandadeen sorreran eta Errenazimendu garaian Fernando de Eskoriatza zientzialari eta medikua bizi izan zen. Aragoiko Katalinaren medikua izan zen Enrike VIII.aren Gortean, Ingalaterran. Espainiako Karlos I-aren medikua ere izan zen. Barroko garaian, ostera, Gipuzkoan izandako baserri onenetakoa izan zen Ibarraundi eta 1795ean gaurko egitura eman zioten.

XXI. mendean, Ibarraundik bere ibilbide luzearen hirugarren urratsa egin du. Jauregi noblea eta baserri ederra izan ondoren, museo bilakatu da orain. Ibarrean dagoen museo etnografiko bakarra da. Historiaurretik gaur egunera arteko ibilbidea eskaintzen du, eta horretarako espazio biziak sortu dira.

Leintz aretoa, ikus-entzunezko gela eta harrera zerbitzua ditu beheko solairuan. Lehen eta bigarren solairuan, ostera, erakusketa iraunkor eta behinbehinekoak daude. Galartzatarren aginduz eraiki zuten Ibarraundi baserria Eskoriatzan XVI. Mende hasieran. Ibar-handian edo zabalean eraiki zuten, Gaztelatik Kantauri itsasora eta Frantziara zihoan errege bidearen alboan. Arlabango mendatearen beheko aldean eraiki zuten, Aitzorrotz eta Kurtzebarri mendien magalean.

Hasieratik gaur egunera arte Aitzorrotz izan da herriaren eta bailararen zaindari, eta Ibarraundi ere Aitzorrotzeko gazteluaren babesean izan da beti. XII. mendekoak dira aipatutako gazteluaren gaineko aurreneko erreferentziak.

Ibarraundi Galartzatarren leinuari lotua sortu zen, haien ondasun guztiekin: gaztainadiak, mendi eta basoak, jauregiak eta beste eraikin batzuk; Santa Ana komentua, burdinola, errota, zubia, dolarea eta karobia, besteak beste.

Gaur egun Ibarraundi baserriaren fatxadan segitzen duen armarrian bi irudi ikusten dira: bat da Galartzarren leinukoa eta bestea Ayalatarrena. Hidalga kalean egon da Eskoriatzako Museo-Eskola 1986tik 2005eko Ekainaren 27an Ibarraundi museoa ireki den arte. Nolanahi ere, oraindik ibilbide luzea jorratu beharra dago. IBARRAUNDI GUNEAREN ERRONKA NAGUSIAK Erakusketa gunearekiko:

Ibarraundiren erakusketa gunea koherentea eta zientifikoa izateagatik bereiztu beharra dago, non teknologia berriak, tresna erakargarriak eta erakusketa sistema desberdinei egokituak izan behar dira. Hezkuntza esparruarekiko:

Era guztietako publikoarentzat erakargarria izanda aurkeztu beharra dago, ekimen egokiak garatuz, Ibarraundi jakintza eta ikaskuntzaren ardatz nagusia bilakatzea lortu arte. Bizia eta dinamikoa:

Eskoriatzako historia eta ondarea erlazionatuz, bisitariekin hartu eman etengabea nagusitu beharra dago, espazioa balio anitzeko gune malgua bilakatu dadin. Hedatzea eta sustapena:

Ibarraundik garatuko dituen zerbitzu eta behar guztiekiko, Debagoiena eta Eskoriatza bereizten duten elementu guztiak balorean jarri beharrean aurkitzen da. Tradizioa eta berriztapena:

Ekimen desberdinen bitartez, balore historikoa eta ingurunearen etorkizuna aditzera eman behar ditu, proposatutako ekintza desberdinen balore sinbolikoa nagusituz. Aisialdia eta turismoa:

Aisialdia eta jostaketa elementuak bateratzen dituen gune batean bilakatu behar da, Debagoieneko baliabide turistiko garrantzitsu bat izatera iritsi arte. Beste agente batzuekin harremanak:

Eskualdeko ingurune geografiko baten barnean antolatuta, erakunde publiko eta pribatuekin kooperazioa sendotu behar du, Ibarraundi garatzeko proposamen eta ekimena berriak sortzeko helburuarekin. Gizarteari zuzenduta:

Planteamendu erakargarri batetan oinarrituta eta orokorrean museoa bisitatzen duten herritarren beharrak asetzeko, Ibarraundik Eskoriatzako historia ahalik eta hoberen isladatzeko erantzukizuna bere gain hartu beharra dauka.

Laburbilduz, aipatutako erronkak gogoan hartuta, Ibarraundi museoa tradizioa eta berriztapena batzen dituen Eskualdeko erreferente batetan bilakatu beharra dago, non hezkuntza eta heziketa bermatuz, Eskoriatza eta Debagoieneko historia eta kultura ondarea sustatzea du XXI. mendeko lehenengo hamarkada honen lehia nagusitzat.

Beste hitz batzutan, Ibarraundi museoa ekimen kulturalen gune dinamizatzaile bilakatu behar da, Eskoriatzako ondarea balorean jartzeko proiektu orokorraren ardatz nagusia izateaz gain, Debagoieneko eskaintza kulturalaren erreferente eredu bilakatu dadin.

Beraz, Eskoriatzako nahiz Eskualdeko kultura eta turismo dinamizazioaren funtsezko eragile izateko bidean abiatu den Ibarraundiri, giza betekizunak, kulturalak eta ekonomikoak dagozkio. Hain zuzen ere:

· Debagoiena Eskualdeko eta Eskoriatzako ondare kulturalaren eta historiaren ezaugarrien aspektu esanguratsuen erakustea.

· Gaur egungo bilduma eta bilduma hori handitzeko aukera desberdinak ikertu eta kontserbatzea.

· Proiektu honen bitartez bultzatutako ekimenen bitartez, xede- publikoaren hezkuntza eta ikaskuntza beharrak asetzea.

· Eskoriatzako historia eta etnografiaren elementu garrantzitsuenetan oinarrituta, herri eta eskualdeko ondarearen ikerketa suspertzea.

· Ibarraundin eta Eskoriatzan garatzen diren ekimen kultural garrantzitsuenak sustatu eta hedatzea.

· Eskoriatzako eskaintza turistikoari eta Debagoiena Eskualdeko eskaintza kulturalari buruzko informazioa ematea.

· Kultura eta turismo ekimen desberdinen bitartez xede publikoaren aisialdi beharrak asetzea.

· Eskoriatzako Udalarentzat ekonomikoki bideragarria izatea.

· Eskoriatzako udal erakundeei nahiz Ibarraundi proiektuan parte hartzen duten beste erakunde publiko eta pribatuei gertatzen denaren berri ematea.

Hortaz, zerrendatutako aginduak bete ahal izateko, Ibarraundik ondoren izendatzen diren oinarrizko zerbitzuak eskaini beharko ditu: Erakusketa zerbitzua:

Aldez aurretik planifikatutako erakusketa arloa kontutan hartuta batetik eta, Eskoriatzako historia eta ondarea hizpidetzat izanda bestetik, Ibarraundin garatutako erakusketa iraunkorraren (eta aldibaterakoen) plangintza, ekoizpena, kontserbazioa eta ebaluaketaren bitartez, erakusketa zerbitzua eskaintzea.

Ikerketa, kontserbazio eta katalogatze zerbitzua: Museoak duen bildumari eta zerbitzu hau sendotuko duen ikerketa ildoa sortzeari dagozkion ikerketa, kontserbazio eta katalogatze zerbitzuak eskaintzea. Heziketa eta hezkuntza programa:

Xede publikoari zuzendutako hezkuntza eta heziketa edukietan oinarritutako bisita gidatu, tailer, hitzaldi, mintegi eta abarreko ekimenak bultzatzeari dagozkion zerbitzuak eskaintzea. Sustapen eta hedapen zerbitzuak:

Komunikazio planari lotuta, museoaren berezko argitalpenak eta informazio materiala zabaldu behar dira. Sustapen eta hedapen zerbitzu honi lotuta, bisitariari bertan sortutako informazioa zein den adierazi, antolatutako erakusketen berri eman, prestatutako ekintzak zeintzuk diren jakinarazi, nahiz, interesgarria izan dakiokeen beste edozein zerbitzu eskaintzean datza. Salmenta zerbitzua:

Museoko gaiekin erlazionatutako merchandising-a eginez, Eskualdeko erakustoki bilakatuz, Ibarraundin, Eskoriatzan eta Debagoeinean sortutako argitalpenak eskaintzea. Segurtasun eta erosotasun zerbitzuak:

Ibarraundik, emandako zerbitzutan segurtasuna, hurbiltzeko erraztasuna, garbitasuna eta zainketa eskaintzeaz gain, atseden guneak eta bisitariari harrera egiteko espazioak beharko ditu.

Ondorioz, esandako zerbitzuak eskaintzeko jarduera programa bat diseinatu da, jarraian azaltzen dena alegia: Erakusketa programa:

Eskoriatza eta Debagoiena Eskualdeko historia eta ondareari buruzko, behin betiko nahiz aldi baterako erakusketen programa. Batez ere, hurrengo alderdiak bereiztuz:

· Eskoriatza eta eskualdeko aspektu interesgarriak.

· Inguruko beste erakunde publiko edota pribatuen erakusketa interesgarriak.

· Eskoriatza eta Eskualdeko beste eragile giza-kulturalen erakusketa ekimenak.

Erakusketa espazioak finkatutako helburuen eta Eskoriatzako herriaren sustapenaren arteko oreka mantendu beharko du, ondoren aipatzen diren aspektuekiko, nolabaiteko balio aniztasun maila mantentzen:

· Malgutasun eta aldakortasuna.

· Pertsona eta ihardueren arteko interakzioa ahalbideratu.

· Baliabideen optimizazioa eta arrazionalizazioa.

· Funtzioen banaketa egokia.

· Bisitariak eta erakusketak teknikoki hornitu.

· Material aldakorrak erabili, muntai desberdinak egin ahal izateko.

· Nolabaiteko adierazgarritasun maila. Hezkuntza programa:

Hezkuntza ekimen desberdinen artean, segidakoak bereizten dira:

Bisita gidatuak: eskoletako talde edo beste era batetako kolektiboei zuzenduko zaie. 20 pertsona inguruko taldetan antolaturik, erakusketa, arkitektura eta museoak antolatutako ihardueretan zehar ibilbideak egitea. Horretaz gain, Eskoriatzako ondasun elementu interesgarrietan zehar ibilbideak egiteko aukera egonen da.

Hitzaldiak: hiru hilabete bakoitzeko, Eskoriatzako historia eta ondareari buruzko ziklo desberdinak antolatzea.

Proiekzioak: paraleloki, hiru hilabete bakoitzeko, ikus entzunezko artearen inguruko ziklo emanaldi desberdinak prestatzea.

Sortze- tailerrak: publikoaren arabera sailkatuta, (haurrak, gazteak, familiak eta helduak) eta espezializatutako monitore batengatik zuzenduta, edozein pertsonaren parte hartzea sustatuko duen metodologia bat garatzea.

Kaleko ekintzak: ekimen desberdinen bitartez, museoak bultzatutako aktibitateak sustatzea, bai eskoriatzar eta baita ere Debagoiena bisitatzen duten turisten partaidetza erdietsi nahian. Ikerketa programa:

Bildumaren ikerketaz eta Eskoriatzako ondarearen elementu interesgarrien bitartez, bilduma handitu batetik, eta bestetik, aditu batengatik diseinatutako ikerketa ildo baten garapena, lortutako ondorioak argitalpenen bitartez aditzera emango direlarik. Sustapen programa: Hedapen eta sustapen helburuak erdiesteko komunikazio plan egoki bat diseinatzea, informazioa eta harrera zerbitzuak barne direlarik.